Udalekinen baitan, Klusterrak eta Topaguneak beren lanaren berri eman dute

Euskararen erabileran eragiten duten faktoreen inguruan aritu da Soziolinguistika Klusterra eta Euskaraldiaren gainean Euskaltzaleen Topagunea

-ren irudia
 Udalekinen baitan, Klusterrak eta Topaguneak beren lanaren berri eman dute

 

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaleen Topaguneak beren lanaren berri eman dute Aldundian Udalekinen baitan eginiko jardunaldian eta euskara teknikariekin egin dute kontrastea. Klusterrak euskarari eragiten dioten faktoreen inguruko azterketa baten berri eman du eta Topaguneak, aldiz, 2019-2020ko Euskaraldiaren proposamenaren aurkezpena egin du.

  • Soziolinguistika Klusterra

Klusterrak gonbidatuta, soziolinguistikan doktorea den Natxo Sorollak hizkuntza gutxituen erabilera hainbat faktorerekin alderatu du, beste faktore horiek euskarari nola eragiten dioten ikusteko. 

Esate baterako, herrien tipologia linguistikoaren eta ezagutza eta erabileraren arteko loturatik ondorioztatu du 2. eta 3. gunean dauden herrietan dagoela ezagutzaren eta erabileraren arteko ezberdintasun handiena. Hizkuntzaren eta herrien neurriaren arteko erlazioa aztertuta, berriz, adierazi du berez ez dagoela herrien neurrien eta euskalduntasunaren arteko lotura zuzenik. Hori ulertzeko kontuan hartu behar da, herri txikiak euskaldunagoak direla uste arren, EAE mailan (Araba Errioxan esaterako), euskaldunak ez diren herri txiki asko daudela.

Alderaketekin jarraituta, adierazi du familia eredu berrietan eredu tradizionaletan baino gutxiago erabiltzen dela euskara. Haren iritziz, hori horrela izatearen arrazoietako bat izan daiteke, familia eredu tradizionaletan adinekoen presentzia hurbilagoa zela eta, orain, familia eredu berrietan euskararen erreferente izan daitezkeen adineko horiek ez daudela lehen bezain gertu. Halaber, hizkuntza eta herritarren errentaren arteko lotura eginda, ondorioztatu du klase ertaina dela euskarari lotuen dagoen gizataldea eta, era berean, giza talde hori da jendetsuena. Hala, hori aukera bezala ulertu behar dela iradoki du.

Etorkinei dagokionez, adierazi du kopuru handia dela gurera etortzen ari dena, baina ez diola zuzenean euskararen erabilerari eragiten. Hori ulertzeko, etorkinak noiz iristen diren izan behar da kontuan, azken etorkin olatuak ez baitarama hemen erabat integratua egoteko adina denborarik. Sorollaren esanetan, oro har, etorkinak beren herrialdetako jendearekin elkartzen direnez, euskarak ez du halako eragin nabarmenik izan.

Bukatzeko, euskararen aldagaia beste hainbat faktorerekin ere lotu du eta adierazi du oro har emakumeek gizonek baino gehiago eusten diotela euskarari eta euskaldun berriak aukera handia direla hizkuntzaren normalkuntzarako.

Soziolinguistika Klusterretik Olatz Altunak ere hartu du hitza eta euskararen erabileran eragiten duten faktoreen inguruko ikerketa baten berri eman du. Adierazi duenez, oro har, datu kuantitatiboak aztertu dituzte eta aurrera begira kualitatiboak ere aztertuko dituzte. Txosten mardula egiten ari dira eta bukatzean denen eskura jarriko dituzte ondorioak.

Dena den, ondorioetatik zertzelada batzuk atera eta nabarmendu du herri batean euskaraz aritzeko gaitasunak gora egiten badu, erabilerak ere gora egiten duela. Gainera, bi aldagai horien arteko aldea txikitu egiten da gaitasunak eta erabilerak gora egiten duten kasuetan. Hala ere, bere esanetan, kontuz ibili beharreko aldagaia da gaitasunarena, izan ere, errealitate soziolinguistikoa zein den ezagutzeko beste aldagai batzuk ere izan behar dira kontuan eta gaitasunarenarekin bakarrik emaitza onberegiak ateratzeko arriskua dago.

Kontuak kontu, azpimarratu du herri bakoitzak dinamika propioa duela, aldagaiak antzekoak izan arren, joera desberdinak izan baititzakete. Esate baterako, Hondarribian espero litekeena baino gutxiago erabiltzen da euskara eta Zumaian, aldiz, espero litekeena baino gehiago.

Aurrera begira, azterketa sakontzen jarraituko du Klusterrak eta diseinua lantzen ari dira. Gainera, gazteei leku berezia egingo diete azterketa horretan.

  • Euskaltzaleen Topagunea

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabalek eta Gipuzkoako koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk 2018ko Euskaraldia eta 2019-2020ko ariketa soziala izan dituzte hizpide. Adierazi dutenez, 2018ko hainbat balorazio jaso dituzte herri batzordeetatik eta, oro har, oso onak izan dira. Hala, hizkuntza ohituretan eragitea lortu dutela uste dute herri batzordeen %66k, motibazioan eragin duela %74k eta tokiko egoera indartu dela %71ek. Hori ikusirik, jarraitzeko beharra ikusten dute herri batzordeen %92k.

Hori horrela, 2018ko ariketa sozialeko parte hartze handiak ekimenari zilegitasuna ematen diola adierazi dute eta moldagarria izateak tokian tokiko errealitatera jaisteko balio izan duela. Haien iritziz, arau sozial batzuk aldatzeko ere balio izan du.

Era berean, 2019-2020ko saiorako egin beharreko ibilbidea aurkeztu dute. Oraindik behin betikoa ez den arren, nahiko finkatuta dituzte kronograma eta eginbeharrak eta euskara teknikariek ere partekatu dituzte beren zalantza eta iradokizunak. Hurrengo ariketa soziala, norbanakoaz gain, entitateetara begira egongo da eta entitate horietan eremuak egongo dira, batzuk ahobizi eta beste batzuk belarriprest. Entitateei egokituko zaie eremu horiek izendatzea, beti ere, helburua barne funtzionamenduko harremanetan erabilera handitzea eta herritarrekiko harremanetan erabilera areagotzea delarik.