Udalerri euskaldunen garapena, aztergai

Urriaren 10ean izango da "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera" izeneko jardunaldia eta izen emateko epea irekita egongo da urriaren 5era arte

-ren irudia
 Udalerri euskaldunen garapena, aztergai

Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa, soziokulturala eta saretzea landuko dituzte "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen Prebentziotik Garapenera" jardunaldian. "Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldien baitako laugarren edizioa izango da aurtengoa eta udalerri euskaldunen garapenean zentratuko dira, hori baita arnasguneak bizirik mantendu eta zabaltzeko giltzarria. Izan ere, euskara zehar lerro modura ulertuta etorriko da arnasguneen garapena, udalerri bateko esparru asko baitira hizkuntzan eragiten dutenak eta, ez soilik, politika linguistikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatu dute jardunaldia eta urriaren 10ean izango da. Izena emateko epea urriaren 5era arte egin ahal izango da.

Azken urteetako esperientziek erakutsi dute udalerri bateko hizkuntza politika aurrerakoienek ere ez dutela behar adinako eraginkortasunik euskara zerbitzuetatik soilik bideratzen badira, eta hizkuntza zehar lerro modura lantzeko beharra atzeman da. Hirigintzak, turismoak, lurralde antolaketak... oso eragin handia dute hizkuntzan eta horiek guztiak oso kontuan hartu behar dira arnasguneetako egoera linguistikoa zaindu nahi bada. Hori dela eta, udalerri euskaldunen ikuspegitik, garapenak zein norabide izan behar duen eta etorkizunera begira zer nolako erronkak dauden aztertuko dituzte.

Jardunaldian esparru ezberdinetako adituek emango dituzte hitzaldi eta mahai inguruak. Besteak beste, Kontseiluko koordinatzailea den Iker Salaberria arituko da arnasguneen garapen jasangarriaz, hizkuntza korridoreez mintzatuko dira Ekoguneko Itsaso Olaizola eta Iurdana Txintxurreta arkitektoa, oreka eta garapen endogenoaz hitz egingo dute EHUko Joseba Garmendiak eta Hezkuntzak hizkuntza normalkuntza teknikari ohi Xabier Bengoetxea... Egun osoko egitaraua antolatu dute eta aditu eta eskarmentu handiko pertsonek ikuspegi desberdinetatik landuko dute, beraz, gaia.