Udane Juaristi izan da 2019ko Anton Abbadia sariaren egilea

Paisaia urbanoa ageri den koadroa egin du, egunerokotasuna, kalea eta jendea islatzen dituena. Hala ere, ez du obra pertsonalizatuegia egin nahi izan eta sorkuntza prozesuan bertan erabaki ditu irudi, kolore eta konposizioak.

-ren irudia
 Udane Juaristi izan da 2019ko Anton Abbadia sariaren egilea

Urtero artista gazte bat izaten da Anton Abbadia saria irudikatzen duen obraren egilea eta aurtengoan Udane Juaristiri (Azkoitia, 1985) egokitu zaio lan hori. Saria bera Arantxa Urretabizkaia idazleak jaso du eta, adierazi duenez, gustura jaso du Juaristiren artelana. Hemen sari emate ekitaldiaren albistea.

Obra bera eszena urbano bat irudikatzen duen margolana da, egunerokotasuna, kalea eta jendea islatzen dituena, eta egileak teknika mistoa baliatu du artelanaren osaeran. Juaristik nabarmendu duenez, obra sortzerakoan presente izan du Arantxa Urretabizkaia eta idazleari zerbait esango zioten txokoak sortzen saiatu da. “Asko poztu nintzen saria Urretabizkaiari emango ziotela jakitean eta nire artelana beste artista batentzat izatearen ideia ere asko gustatu zitzaidan. Sorkuntzan beregan pentsatu dut, noski, eta, gainera, emakumea da eszenaren protagonista”. Hala ere, ez du obra pertsonalizatuegia izaterik nahi izan, ez baitu saria enkargu bat bezala ulertzerik nahi. “Uste dut barruak esandako gogoari kasu eginda irteten direla obrarik politenak eta horrela egin dut. Gustuko nituen irudiekin sortu dut konposizioa eta kolore jokoa.”

Juaristiren obretan ohikoak dira paisaia urbanoak eta maiz agertzen dira kaleak, herritarrak edota eraikinak. “Kalea da nire inspirazio handiena”. Eszena arruntak edota kaleko txokoak gustatzen zaizkio eta kolorea edota argiaren arabera hautatzen ditu margotu nahi dituen irudiak.

Izan ere, serigrafian, altzari zaharren zaharberritzean eta beste hainbat esparrutan ibili den arren, nagusiki pinturan egin dituen lanengatik da ezaguna Juaristi. Lehiaketatan parte hartu izan du, enkargu pribatuak egin izan ditu eta kaleko mural handiekin ere ausartu izan da. “Beti gustatu izan zait kalean muralak aurkitzea. Uste dut jende askoz gehiagok ikusten duela zure lana, jende gehiagorengana iristen da artea”. Lan asko sortu izan zaio muralei esker eta gustura egiten duen lana da, gainera. “Barrua betetzen dit horrelako lan bat burutzeak, tamainarengatik. Mundu guztiarentzat da egin duzun obra hori eta herri edo hiri horren parte geratzen da .”

Artistaren ibilbidea. Juaristik Arte Ederrak ikasi zituen Leioan eta geroztik erakusketa dezente egin ditu han hemenka. Herriko kultur aretoetatik hasi eta Euskal Herriko txoko desberdinetara ez ezik, Espainia eta Europa mailara ere eman du saltoa. “Leku desberdinetan margotzeko aukera izan dut, Euskal Herriaz gain, Zaragoza, Bartzelona, Madril, Santander, Oviedo… eta orain dela gutxi erakusketa bat izan dut Alemanian”. Otsailean erakusketa bat izango du Madrilen eta Gabonetan Bartzelonako galeria txiki bateko parte izango da bere obra bat.

Nabaria denez, ibilbidea egiten ari den artista da Juaristi eta, gaztea izanagatik, gogoz begiratzen dio etorkizunari. "Aurrera begira gustuko dudana egiten jarraitzea da nire asmoa, margotzen jarraitzea".