Ulerrizketa: gaitasun mugatua dutenekin euskaraz hitz egiten hasteko bide bat

Ulerrizketa metodologia garatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin. Tarteko ulermen maila duten pertsonekin euskaraz aritzeko metodologia da proposatzen dena eta metodologian sakontzeko mintegia egingo dute urriaren 30ean, Gasteizen.

-ren irudia
 Ulerrizketa: gaitasun mugatua dutenekin euskaraz hitz egiten hasteko bide bat

Ulerrizketa Metodologia. Aldahitz ikerketa argitalpen digitala zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Ulertzaile eta mintzatzaile roletan oinarritzen den metodologia da Ulerrizketa eta euskarazko tarteko ulermen gaitasuna duten pertsonen eta hitz egiteko gaitasun ona dutenen arteko euskarazko elkarrizketak bideratzeko irizpide eta gomendio sorta da proposatzen dena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin gauzatu da proiektua eta egileak Aldahitz proiektuaren zuzendaria Pello Jauregi eta koordinatzaile Pablo Suberbiola dira.

2016. urtetik mota ezberdinetako lantokietan probatu eta garatu da metodologia eta argitalpenak esperientzia horiek zabaldu eta ugaritzeko gonbite eta euskarri izan nahi du. Azken batean, Ulerrizketa metodologia aplikatu nahiko lukeen edonork beharko lukeen jakintza teoriko eta baliabide praktiko guztiak jasotzen ditu:

- Hizkuntza-ohitura aldaketen eta Ulerrizketa metodologiaren oinarri teorikoak 
Ulerrizketa praktikara eramateko gakoak, irizpideak eta aholkuak 
​- Formazioa gauzatzeko urratsak
- Metodologia aplikatzeko beharrezko material guztiak: fitxak, gidoiak, galdetegiak...

Urriaren 30ean mintegi teknikoa

Ulerrizketa eta Eusle metodologiak gertuagotik ezagutzeko jardunaldi bat egingo da urriaren 30ean, Gasteizen, 9:30etatik 13:30etara. Ikuspegi teknikotik euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak errazteko tresnetan interesa duten denetariko teknikari eta profesionalei zuzenduta egongo da. Parte hartzeko, beharrezkoa da mintegian izena ematea urriaren 23a baino lehen. Matrikulak 60 euroko prezioa du.

Aldahitz ikerketa, 2010. urteaz geroztik Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerlerroa da. Urteotan, aztergai nagusia izan ditu lan alorrean ematen diren hizkuntza-ohituren aldaketa prozesuak, eta ikerketa ekintzarekin uztartuz luze aritu izan da zeregin horretan. 2012an sortutako Eusle metodologia da hizkuntza-ohituren aldaketa errazteko eta ikertzeko egitasmoak garatu duen tresna nagusia. Hortik aurrera, egitasmoak beste bi baliabide prestatzeari ekin zion: Ulerrizketa metodologia eta Uler-saioak metodologia. Metodologia hauek lan munduaren inguruan sortu badira ere, beren aplikazio eremua ez da hartara mugatzen. Egokipenak egokipen, ez dago aparteko zaitasunik lan esparrutik kanpo beste gizarte eremu batzuetan ere Aldahitz ikerketan sorturiko metodologiak aplikatzeko.

Aldahitz proiektuan bazkide-partaide dira Artez Euskara Zerbitzua, Ahize-AEK aholkularitza, Elhuyar aholkularitza eta Emun aholkularitza. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle eta partaide dira.