Zabaldu da Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko helburua du bekak. Bi lan sarituko dira eta bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

-ren irudia
 Zabaldu da Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia

Abian da Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren edizioa eta maiatzaren 28ra arteko epea dago laginak aurkezteko. Bigarren edizio honetan Eusko Jaurlaritzaren babesa du Arregi ikerketa bekak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntzarekin batera.

Bigarren deialdi honetan, 6.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea maiatzaren 28an amaituko da, eta epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek hamar hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek. Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.

Euskaldunak garatu, arnasguneei eusteko. Hainbat eragileren artean azken urteotan egindako jardunaldietan nabarmendu izan den moduan, udalerri euskaldunak garatzea da arnasguneei eusteko modurik eraginkorrena. Ondorio horri tiraka, udalerri euskaldunak garatzeko askotariko moduak ikertu eta landu nahi ditu bigarren deialdi honek, horretarako oinarri izan daitekeen esparruetako batetik abiatuta: demografikoa, sozioekonomikoa, soziokulturala edo sozioekologikoa, besteak beste. Horretarako, UEMAk, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak, eta Gaindegiak 2018an aurkeztutako Udalerri euskaldunak: prebentziotik garapenera txostena erabil dezakete ikertzaileek oinarritzat.


Iñaki Arregiren oroimenezko beka. Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.