Enpresen Erantzukizun Linguistikoa lantzeko eredua sortu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak

Edozein ingurune soziolinguistikotan kokatutako enpresentzat eredua aplikatzeko gida argitaratu dute. 2008an lan-munduan euskararen erabilera sendotzeko helburuarekin sortutako Eralan proiektuaren 5. fasearen emaitza nagusia da.

"Enpresen Erantzukizun Linguistikoa kudeatzeko Eredua (EEL Eredua). ERALAN5 gida" izeneko argitalpenak baliabideak eskaintzen ditu Enpresaren Gizarte Erantzukizuneko (EGE) gaien artean Enpresaren Erantzukizun Linguistikoa (EEL Eredua) lantzeko, hizkuntzak kudeatzeko arau etikoen eta sozialen araberako onurak agerian jarrita. Helburua da esparru sozioekonomikoan euskara indargune izango duen hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa aurreratua abian jartzeko tresna eskaintzea. 

Gidaren egileak Eralan proiektuaren zuzendari Auxkin Galarraga (UPV/EHU) eta koordinatzaile Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra) dira. Hala ere, egileez gain, soziolinguistika, akademia eta enpresaren esparruko hainbat aditu eta eragilek parte hartu dute argitalpenaren sortze prozesuan. Eralan proiektua Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin garatzen da.

Eredua enpresaren borondatezko konpromisoan oinarritzen da, hizkuntzan-aniztasunaren kudeaketa etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik landu nahi duelako eta epe luzera enpresak ekarpen kultural eta sozial onuragarriak egin ditzakeelakoan.

Hizkuntzaren gaia kudeaketa-sistema orokorrean integratuta jorratzen du. Ez da, beraz, erantsitako jarduera soil bat; aitzitik, enpresaren helburu estrategiko orokorrak aberastera datorren ekimen-multzoa da. Zehazki, kalitate-sistemaren parte da. Ereduak ibilbide bat proposatzen du enpresek erantzukizun linguistikoa txerta dezaten dagoeneko martxan dituzten etengabeko hobekuntza prozesuetan eta gizarte-erantzukizuna lantzeko metodologietan.

Ereduaren bertute nagusietako bat da enpresaren ezaugarrietara moldatzeko duen gaitasuna. Eredu ireki modura proposatzen da, enpresek autonomiaz beren ezaugarrietara egokitu dezaten. Aukera ematen da ereduaren zenbait atal lantzeko, batez ere, Enpresa Txiki Ertainek (ETE) eskura dituzten baliabideetara eta aukeretara egokitzeko. 

EEL Eredua enpresa batean egokitzeko eta aplikatzeko guztiz lagungarria da aholkulariek parte hartzea. Hala ere, enpresek beren kabuz ekin diezaiokete gida praktiko honetan jasotako tresnak eta jarraibideak aplikatzeari. 

Informazio gehiago, hemen