Arantxa Urretabizkaia - 2019

Arantxa Urretabizkaia Bejarano 1947an jaio zen, Donostian. Historian lizentziatua eta lanbidez kazetaria, gaztetatik murgildu zen euskararen munduan eta ibilbide oparoa izan du kazetaritza, itzulpengintza eta literatura esparruetan. Euskara beti egon izan da bere sorkuntzaren erdigunean eta, besteak beste, Ibon Sarasolarekin eta Ramon Saizarbitoriarekin aritu izan da elkarlanean.  Euskararen defentsan eta haren aldeko sustapena nabarmentzeko, Euskaltzaindiak ohorezko akademiko izendatu zuen Urretabizkaia.

Nagusiki idazle izateagatik da ezaguna Urretabizkaia eta egunerokotasunean oinarritutako egoera desberdinen inguruan idatzi izan du, oso modu intimista eta hurbilean. Estilo ezberdinak jorratu izan ditu; izan ere, poesian, eleberrigintzan eta gidoigintzan aritu izan da urte luzez eta ekarpen oparoa egin dio euskarazko sorkuntzari.

Bere lehen arrakasta 1972an argitaratutako "San Pedro bezperaren ondokoak" olerki liburua izan zen eta, hamar urte geroago, Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen "Maitasunaren magalean" liburuari esker. Alabaina, gazte eta helduei zuzenduriko literatura ere idatzi izan du eta hainbat sari ere jaso ditu bere ibilbidean zehar. Horren erakusle izan daiteke bere obra guztia gaztelaniara itzulia izana  eta hainbat obra beste zenbait hizkuntzatan ere eskuratu ahal izatea ere. Honatx bere hainbat lan arrakastatsu:

- Zergatik panpox (1979)
- Koaderno Gorria (1998)
- 3 Mariak (2010)
- Bidean ikasia (2016)

Gaur egun, EITBn, Diario Vascon, Radio Euskadin edota El Correo egunkarietan dihardu eta, horrez gain, hainbat kolaborazio ere egiten ditu.

Anton Abbadia saria. Arantxa Urretabizkaiak 2019ko Anton Abbadia saria jasoko du, abenduaren 3an, Gipuzkoako Foru Aldundian. Hala, euskararen biziberritze prozesuari ekarpena egiten dioten pertsona zein erakundeak aitortzen dira sari horren bidez eta, modu horretan, herritarren ahalegin isila onetsi eta etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatu nahi izaten ditu erakundeak.