Atzealdea “Birziklapenean jaioak gara” kanpainaren edizio berri batek modu arduratsuan kontsumitzera eta hondakinak bereiztera animatzen ditu herritarrak

Ekimenaren helburua sentsibilizatzea da, aitzakiak alde batera utzi daitezen birziklatzerakoan eta etxebizitzetako hondakinen birziklapen-tasa 2030ean % 60 izatea lortzeko, EBk ezartzen duenaren arabera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gidatzen duten instituzio arteko kanpaina honen hirugarren edizioa da. Kanpainak hondakinen bi kudeatzaile integratu nagusien lankidetza du: Ecoembes eta Ecovidrio Nobedade gisa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bat egin du aurten ekimenarekin, birziklapen-tasak eskualdean bultzatzeko xedez

2019·11·15


“Birziklapenean jaioak gara” kanpainaren edizio berri batek modu arduratsuan kontsumitzera eta hondakinak bereiztera animatzen ditu herritarrak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako diputatu Josean Galerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok “Birziklapenean jaioak gara” kanpainaren 2019ko edizioa aurkeztu dute gaur goizean; ekimen honen helburua da herritarrak sentsibilizatzea eta ekonomia zirkularraren prozesuetan inplikatzea, kontsumo arduratsuaren bidez eta sortzen dituzten hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzearen bidez.

Helburua da ontzien % 70 eta etxebizitzetan sortutako hondakin guztien % 60 birziklatzera iristea 2030 urtea baino lehen, Europar Batasunak alor horretan ezarritako tasak betetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gidatzen duten instituzio arteko kanpaina honen hirugarren edizioa da. Kanpainak hondakinen bi kudeatzaile nagusien lankidetza du: Ecovidrio, beirazko ontzien frakzioan (iglu berdea), eta Ecoembes, plastiko, brick eta metalezko ontzien frakzioan (ontzi horia) eta paper zein kartoien frakzioan (ontzi urdina).

 

Gainera, aurtengo nobedade nagusietako bat da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzuak bat egin duela ekimenarekin, birziklapen-tasak eskualdean bultzatzeko eta iragan ekainean egindako “Zero Plastiko Urdaibai” moduko proiektuei jarraipena emateko. Era horretan, kanpainak Bermeo eta Gernikako udalerrietan izango du presentzia.

Bi herri horiekin batera, Gasteiz, Donostia, Barakaldo eta Irunek osatzen dute kanpainaren jarduerak azaro eta abenduan hartuko dituzten udalerrien zerrenda.

 

Kanpainaren edukia

Kanpaina bi edukiontzi ibilgari handitan egituratzen da, publiko mota guztientzako jarduerekin. Erakusketa-gune bat, gune ludiko bat eta kanpo-jarduera bat izango ditu, horiek guztiak oso parte-hartzaile eta elkarreragileak, herritarrenganaino bi helbururekin iristeko xedez: nola birziklatu gehiago, irtenbide bat bilatuz ez birziklatzeko aitzakiei; eta nola birziklatu hobeto, edukiontzi bakoitzean zer-nolako hondakina bota behar den azalduz.

Lehenengo edukiontziak ekonomia zirkularraren edukiak eskainiko ditu, "Circular Thinking” kontzeptuaren ikuspuntutik, modu arduratsuan kontsumitzera animatuz. Bigarren edukiontziaren ardatza, berriz, birziklapena da: zer eta nola birziklatu, hamabi jolas-dinamiken bitartez: jolas horietatik, gutxienez bitan parte hartu beharko da birziklatutako plastikozko botilez egindako 400  erosketa-poltsetako bat eskuratzeko. Poltsa horiek egunero banatuko dira, kanpainaren baitan. Hori guztia euskal herri kiroletan inspiratutako kanpoko jolas-dinamika batez osatzen da.

Halaber, aldez aurretik bisita gidatuak programatuko dira ikastetxeentzat. Lehen eta bigarren hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleentzat daude pentsatuta, ordubete inguruko iraupenarekin.

 

Egutegia

 

  • Gasteiz, azaroaren 14tik –osteguna- 16ra –larunbata-.
  • Gernika, azaroaren 18an –astelehena- eta 19an –asteartea-.
  • Bermeo, azaroaren 20an –asteazkena- eta 21an —osteguna-.
  • Barakaldo, azaroaren 22tik –ostirala- 24ra –igandea-.
  • Irun, azaroaren 27an –asteazkena- eta 28an –osteguna-.
  • Donostia, azaroaren 30etik –ostirala- abenduaren 1era –igandea-.

Hondakinak Euskadin

 

2030 urteari begira, Euskadiren helburua da sortzen diren hondakinen osoko bolumena % 10 murriztea eta horien % 60 birziklatzea, gaikako  bereizketa egoki bati esker. Halaber, ontzien % 70 birziklatzera iritsi nahi da. Tasa horiek lortzeak zuzeneko onurak dakartza, bai ingurumenean edo airearen kalitatearen hobekuntzan eta bai enpleguaren sorreran: hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren sektoreak 5.700 langile ditu Euskadin.

Euskadiko Ekonomia Zirkularraren etorkizuneko Estrategia laster plazaratuko da, eta bertan ezartzen da hemendik 2030era Euskadik % 30 handitu behar duela produktibitate materiala; % 30 igo material zirkularraren erabilera-tasa; eta % 30 murriztu BPG unitate bakoitzeko sortzen diren hondakinen tasa. Gaur egun, ekonomia zirkularra Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 1,12 da, urtean 764 milioi euroko sarrerak izanik.