Atzealdea “Gazte Ekoliderrak”: Gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea helburu duen ekimen berritzailea

Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatutako programa honek 18 eta 30 urte bitarteko 30 gazte aukeratuko ditu eta bekak emango dizkie, matrikularen % 80a diruz lagunduz.

2021·05·27


“Gazte Ekoliderrak”: Gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea helburu duen ekimen berritzailea

José Ignacio Asensio: “Belaunaldi berriak ahalmen eraldatzaile handiko eragile giltzarriak dira. Eredu ekonomiko berdeetara trantsizioa bultzatzen lagunduko dute Gipuzkoarako etorkizun jasangarri eta inklusibo bat eraikitzeko”.

Izena emateko epea maiatzaren 27tik ekainaren 23ra izanen da.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak Gazte Ekoliderrak programa aurkeztu dute gaur goizean. Programa berritzaile honen helburua gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea da.

Etorkizun jasangarri  baterantz aurrera egitea premiazko erronka da, eta, erronka horri aurre egiteko, beharrezkoa da gazteria konprometitua izatea, lidergo eraldatzailea gauzatzeko prest dagoena. Premisa horrekin itzuli da Gazte Ekoliderrak ekimena, jasangarritasunean eta lidergo eraldatzailean espezializatutako trebakuntza-ibilbidea.

Gazte Ekoliderrak programa 2010etik 2014ra bitartean egon zen martxan, eta Kutxa Fundazioaren, Kutxa Ekogunearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren arteko  lankidetzari esker itzuli da, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Edizio hau “Gazteak klimaren alde” Think Tank-en proiektu esperimental gisa garatuko da, eta UPV/EHUko Udako Ikastaroak Fundazioak akreditatuko du.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, “belaunaldi berriak kezkatuta eta sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokan eta jasangarritasun-irizpideak barneratuta izango dituen gizarte- eta ekonomia-ereduaren aldaketan”. Foru diputatuak gaineratu duenez, “gazteak ahalmen eraldatzaile handiko eragile giltzarriak dira. Eredu ekonomiko berdeetara trantsizioa bultzatzen lagunduko dute Gipuzkoarako etorkizun jasangarri eta inklusibo bat eraikitzeko”.

Trebakuntza-ibilbide honen helburu nagusiak hauek dira: jasangarritasunaren ezagutzan sakontzea, lidergo-gaitasunak eskuratzea, ekintzarako gaitasunean ahalduntzea eta kontzientzia eta pentsamendu kritikoa sustatzea.

Trebatu, Ekin, Izan

Trebakuntzak hiru dimentsio izango ditu: Trebatu, Ekin, Izan. Hala, parte-hartzaileek iraunkortasunari eta lidergoari buruzko gaietan trebatuko dira, adituen eskutik. Gainera, formakuntzan ikasitakoa praktikan jartzeko eta esperimentatzeko aukera izango dute, eta ekintzaile izateko eta aldaketa-eragile bihurtzeko laguntza jasoko dute.

Trebakuntzak irauten duen zortzi hilabeteetan (2021eko urrian hasi eta 2022ko maiatzean bukatuko da), hautatutako pertsonek saio teoriko-praktikoak, hitzaldiak eta eztabaidetan parte hartuko dute, besteak beste, unibertsitateetatik, erakundeetatik, elkarteetatik eta tokiko mugimenduetako eragileetatik datozen pertsonek lagunduta.

Gazte Ekoliderrak programak jasangarritasunarekin  lotutako erronketan sakontzea proposatzen du, ikuspuntu holistikotik. Saio presentzialak  eta online saioak konbinatuko ditu, eta asteburupasak elkarbizitza sustatzeko eta bisita inspiratzaileak ere egingo dira. Hautatutako gazteek uneoro gidari-lanak egingo dituen programaren zuzendari irudi bat edukiko dute. Gainera formakuntzan zehar ere proiektuak zuzentzeko eta gauzatzeko beste 20 bat adituen laguntza ere izango dute. Aditu hauek arlo ezberdinetatik etorriko dira, unibertsitatetik, erakundetatik, elkarteetatik.

Parte hartzaileen hautaketa

Gazte Ekoliderrak 18 eta 30 urte bitarteko 30 gazteri zuzenduta dago. Helburua profil desberdinak dituzten pertsonak aukeratzea da hainbat irizpide kontua hartuta: adinari, diziplina, jatorria, interesak etab. Profil desberdinekoak izateak prozesua aberastuko du,  elkar ezagutza sustatu eta ezagutzak elkarbanatzeko testuinguru batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak  eta Kutxa Ekoguneak beka emango diete hautatutako pertsonei, matrikularen %80a diruz lagunduz.

Gaurtik aurrera eman daiteke izena, www.ekogunea.eus webgunearen bidez. Izen-emate epea ekainaren 23ra arte izango da.