Atzealdea Ingurumen Departamentuak 450.000 euro bideratuko ditu energia pobrezia murriztera eta energia berriztagarriak sustatzera Gipuzkoan

2022·05·31


Ingurumen Departamentuak 450.000 euro bideratuko ditu energia pobrezia murriztera eta energia berriztagarriak sustatzera Gipuzkoan

Energia trantsizio justua sustatzeko, energia pobreziari aurre egin, eraginkortasuna hobetu eta energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko eskualde planak eskualde guztietara iristen dira.

José Ignacio Asensio: «Gipuzkoa jasangarritasun energetikorantz zuzentzea giltzarria da gure ongizatzea bermatzeko. Egungo errealitateak, batetik daukagun egoera sozioekonomikoarekin eta bestetik krisi klimatikoarekin, behartzen gaitu erantzuna ematera trantsizio energetikoa bizkortuz. Gipuzkoak energia berriztagarrietan oinarritutako eredu bat izan dezan, bermatuko duena energia hornituko dela arrazoizko prezioetan eta sozialki bidezkoa izango dela».

Ingurumen Departamentuak 450.000 euro bideratuko ditu eskualdeetako energia planak sustatzeko, energia pobretasunari aurre egin eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu jasangarria sustatzeko Gipuzkoako eskualde guztietan. Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrengandik gertuen dauden entitateekin lankidetzan jardutea energia jasangarritasunean aurrera egiteko, aurrezkia eta eraginkortasuna sustatuta, energia berriztagarrietan oinarritutako konponbideak baliatuta eta energia pobretasunari aurre eginda. Ildo horretan, Asensiok hau adierazi du: «ongizatea izango badugu, energetikoki jasangarriak izan behar dugu, Ukrainaren inbasioak eragindako krisiak erakutsi digun moduan» eta aipatu du beharrezkoa dela «trantsizio energetikoa azkartzea» bermatzeko arrazoizko prezioak izango direla eta energia eskuratzeko baldintzak sozialki bidezkoak izango direla, «premia biziko ondasuna baita».

Gipuzkoan jasangarritasun energetikoa bultzatzeko, hitzarmen bat sinatu dute Ingurumeneko diputatuak eta Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Bidasoa eta Urola Kosta eskualdeekin. Hartara, Gipuzkoako eskualde guztietan burutuko dituzte energia planak, eta beren garapen agentzia eta mankomunitateen bidez ordezkaritza dute Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian.

Sinatutako hitzarmenari esker, eskualde bakoitzak 50.000 euro jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentutik energia berriztagarriak zabaltzeko, energia aurrezkirako eta energia pobretasuna murrizteko plan eta proiektuak burutzeko. Helburua da tokiko mailan alternatiba praktiko eta zehatzak gauzatzea, horrela aurrera egiteko Lurraldearen energia jasangarritasunerantz, GK 2050 Gipuzkoako Klima Aldaketaren Kontrako Estregian ezarritako helburuen ildoan. Urola Kostarekin, Gipuzkoako eskualde guztiek izango dute plan bat.

Garapen agentzia guztiek burututako ekintzek lau jarduketa esparru biltzen dituzte: eskualdeak elkarrizketan aritzea energiaren inguruan, udalekin koordinatuta;  energia gaietako eskualdeko plangintza eta ekintza sustatzea; Energiaren Eskualde Mahaia dinamizatzea eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian txertatzea.

Eskualde bakoitzerako berariazko ekintzen artean azpimarratu behar dira energia berriztagarriak sustatzearen ingurukoak. Ildo horretan, Debabarrena, Debagoiena, Oarsoaldea, Urola Garaia, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeek proposamenak planteatzen dituzte jarduera ekonomikoa, energia eta bero produkzioa, industria sektorea, udal sektorea eta instalazioen analisiaren arloen inguruan. Bestalde, Tolosaldeak proiektu bat sustatuko du enpresa ertain eta txikietan energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak babesteko. Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeek Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legea betetzen laguntzeko ahaleginak egingo dituzte. Goierrik azterketa bat burutuko du energiaren inguruko eskualde bulego bat ezartzeko, aholkularitza emango du energia pobretasuna murrizteko eta plataforma digital bat ezarriko du udalen energia kontsumoak monitorizatzeko. Azkenik, Bidasoak energia aurrezteari eta eraginkortasunari buruzko aholkularitza zerbitzua ezarriko du.

Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, bere departamentua jakitun da egungo sistema energetikoa osatzen duten elementuak aldatu eta energia eredu hipokarboniko bateranzko trantsizioa sustatzeko «tokiko edo eskualdeko jardun esparrura jaitsi behar dela, kontsumo puntuetatik gertu lan egiteko, autokontsumorako iturri berriztagarriak dauden lekuetatik gertu, pertsonengandik gertu dauden entitate eta erakundeen bidez». Ildo horretan, Asensiok gogoratu du «plan horiek gauzatuta laguntzen dela eskualde mailako plangintza eta kudeaketa energetikoa, sustatzen dela eskualdeetan energia eredua aldatzea eta murrizten direla CO2 isuriak, Klima Aldaketaren Kontrako Estrategian jasotzen den moduan».

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira Juan Angel Balbás, Debegesako zuzendari gerentea, Maria Serrano, Bisadoa Activako lehendakariordea, Koldo Azkoitia,  Debagoienako koordinatzailea, Mikel Plazaola, Goiekiko presidentea, Fernando Nebreda, Oarsoaldeako zuzendari gerentea, Iker Urruzola, Tolosaldeako presidentea, Nagore Alkorta, Iraurgi Berritzeneko presidentea, Jon Luqui, Uggasako presidentea, eta Lourdes Salsamendi, Urola Kostako presidentea.