Atzealdea Gipuzkoak energia-komunitateen aldeko apustua indartu du, Aldundiaren eta Iberdrolaren arteko lankidetza hitzarmen aitzindari baten bidez

2025·05·05


Gipuzkoak energia-komunitateen aldeko apustua indartu du, Aldundiaren eta Iberdrolaren arteko lankidetza hitzarmen aitzindari baten bidez

Gaur egun, lurraldean dagoeneko 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, eta 10.000 familia baino gehiagori ematen diete zerbitzua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Iberdrolaren arteko akordioak lurraldean autokontsumo partekatua eta trantsizio energetikoa bultzatuko ditu.

José Ignacio Asensio: “Hitzarmen hau interes orokorraren zerbitzura dagoen lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da. Horrekin, beste urrats bat egin dugu energia demokratizatzeko eta eskuragarriago eta jasangarriago bihurtzeko. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan, energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan eta herritarren parte-hartzean oinarritutako eredu bat sustatuz”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Iberdrola Taldearen i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, tokiko energia-komunitateak eta lurraldean autokontsumo partekatuko instalazioak hedatzen eta integratzen laguntzeko. Sinaduran izan dira José Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatua; eta Iker Urrutia, i-DEko burua (Iberdrolaren banatzailea), Gipuzkoan.

Hitzarmen hori aurrerapauso bat da Gipuzkoak trantsizio energetikoarekin duen konpromisoan, lankidetza-esparru egonkor bat ezartzen baitu foru-administrazioaren eta lurraldeko banatzaile elektriko nagusiaren artean, eredu energetiko demokratikoagoa, jasangarriagoa eta erresilienteagoa garatzeko.

Bere hitzaldian, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu duenez, “hitzarmen hau interes orokorraren zerbitzura dagoen lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da. Horrekin, beste urrats bat egin dugu energia demokratizatzeko eta eskuragarriago eta jasangarriago bihurtzeko. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan, energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan eta herritarren parte-hartzean oinarritutako eredu bat sustatuz”. Era berean, foru-arduradunak gaineratu duenez, “energia-komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, elektrizitate-fakturan aurreztea sustatuz eta sistema bidezkoago, efizienteago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Gure helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat izatea”.

Bestalde, Iker Urrutia Gipuzkoako i-DE erakundeko buruak adierazi duenez, “hitzarmen hau i-DE erakundeak trantsizio energetikoa eta elektrifikazioa errazteko duen zereginaren beste adibide bat da, baita energia berriztagarriaren sarrera handitzeko eta merkatu elektrikoko bezeroak ahalduntzeko duen interesaren beste adibide bat ere. Gipuzkoak dagoeneko 700 autokontsumorako instalazio baino gehiago ditu gure sarera konektatuta, horietatik 240 kolektiboak, eta, horri esker, milaka herritarrek energia garbia erabil dezakete”. Era berean, nabarmendu duenez, “lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia, eta konpainiak administrazioetatik gertu egoteko egiten duen ahalegina, jarduten duen lurraldeen hazkundean eta kohesioan laguntzeko”.

Tokikotik energia berriztagarria bultzatzea

Helburua da autokontsumoko proiektuak eta energia-komunitateak garatzen laguntzea, herritarrek, enpresek eta administrazioek energia berriztagarria sortu, kontsumitu eta partekatu ahal izan dezaten, eta, horrela, gizartearen inplikazio aktiboa sustatzea energia-eredu berrian.

Gipuzkoa eraldaketa bat bizitzen ari da bere kultura energetikoan, eta prozesu horrek gizarte osoaren parte-hartze aktiboa behar du. Energia-komunitateak sortuta, herritarrak jartzen dira prozesu horren erdigunean, pertsona guztiek energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko aukera dutela ziurtatuz, eta, gainera, faktura elektrikoan aurreztea lortuz. Gaur egun, lurraldean dagoeneko herritarren 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak.

Aldundiak konpromisoa hartzen du energia-komunitateak sortzen laguntzeko, jardunbide egokiak partekatzeko, ezagutza erabilgarria sortzeko eta horien inpaktua funtsezko adierazleekin ebaluatzeko. Era berean, araudia ekimen horien hedapenaren benetako beharretara egokitzeko lan egingo du, eta berrikuntza sustatuko du aditu tekniko eta sozialekin batera.

Bestalde, i-DE erakundeak informazioa emango du, indarrean dagoen araudiak ezartzen duenaren arabera, Aldundiak erabakiak har ditzan komunitate energetikoen hedapenari buruz; sarbiderako eta konexiorako baldintza teknikoak ebatziko ditu legezko epeetan, eta hobekuntzak proposatuko ditu energia berriztagarrien integrazioa erraztuko duten eragiketa-protokoloetan. Era berean, horrelako proiektuetarako elkarrizketa kanal espezifikoak gaituko ditu.

Jarraipen-batzordea eta indarraldia

Akordioaren hasierako indarraldia urtebetekoa izango da, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Gainera, jarraipen-batzorde paritario bat eratuko da, hitzarmena behar bezala garatzen dela zaintzeko, urteko jarduerak ezartzeko eta egon daitezkeen interpretazio-gatazkak ebazteko.

Aliantza estrategiko horrekin, Gipuzkoak lidergoa sendotu du klima-aldaketaren aurkako borrokan eta pertsonen eta lurraldearen zerbitzura dauden energia-eredu berritzaileak ezartzean.

Donostia, 2025eko maiatzaren 5a