Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko aliantza berritu dute

2025·06·06


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko aliantza berritu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak lankidetza hitzarmena berritu dute.

2025erako berrikuntza nagusia da ETEetan jasangarritasunaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren kudeaketari buruzko ikastaroa egingo dela, Jasangarritasun Departamentuaren % 85eko dirulaguntzarekin.

Jasangarritasun Departamentuak 28.500 euro bideratuko ditu jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko prestakuntza sustatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateak lankidetza hitzarmena berritu dute 2025erako, eta aliantza estrategiko bat finkatu dute, ardatz duena jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren eremuan prestakuntza eta ikerketa aplikatua bultzatzea.

Akordioak hiru jarduera ardatz nagusi jasotzen ditu: Jasangarritasunerako eta Ekonomia Zirkularrerako Unibertsitate-Enpresa Ikasgelaren jarraipena, "Lidergoa eta Jasangarritasunerako Aldaketaren Kudeaketa – ALDATUZ balio soziala sortzeko laborategia" masterraren edizio berria eta, berrikuntza nagusi gisa, "ETEetan jasangarritasunaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren kudeaketa" ikastaro berria abian jartzea.

Enpresa txiki eta ertainen beharretara egokitutako prestakuntza berria

ETEetan jasangarritasunaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren kudeaketari buruzko ikastaroak erantzuten dio enpresa txiki eta ertainei beren kudeaketan jasangarritasuna txertatzeko tresna eraginkorrak emateko gero eta behar handiagoari. Ikuspegi praktikoa duen programa hau 50 ordukoa izango da, modalitate mistoan banatuta (25 presentzialak eta 25 ez-presentzialak) eta parte-hartzaileei aukera emango die funtsezko ezagutzak eskuratzeko gizarte-erantzukizun korporatiboan, ingurumen-kudeaketan, gobernu korporatiboan, finantzaketa berdean eta gardentasunean.

Ikastaroaren % 85 diruz lagunduko du Jasangarritasun Departamentuak, eta, horri esker, interesa duten ETEek oso kostu txikiaren truke eskuratu ahal izango dute prestakuntza hori, horrela, errazagoa izango delarik Gipuzkoako enpresa-sarean eredu jasangarri eta arduratsuak demokratizatzea.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu duenez, “enpresa txiki eta ertainak Gipuzkoako sare ekonomikoaren funtsezko zati bat dira, eta eguneroko kudeaketan irizpide jasangarriak txertatzeko benetako tresna eskuragarriak izatea nahi dugu. Bere neurrira diseinatutako prestakuntza da, praktikoa eta diru-laguntza maila handikoa, parte hartzea errazteko”.

Lankidetza finkatua eta eragina duena

Unibertsitate-enpresa Gelak jasangarritasunari buruzko prestakuntza-ekimenak garatzen jarraituko du graduko eta graduondoko ikasleentzat (gradu amaierako lanetarako sariak, bekak, tailerrak, praktikak eta prestakuntza duala), ekonomia zirkularraren erronketara egokitutako talentua sortzeko.

Plataforma horri esker, ikasleek ikaskuntza-esperientzia errealak eta merkatuaren beharrekin bat datozenak eskuratzen dituzte, batez ere ekonomia zirkularraren eta trantsizio ekologikoaren esparruan. Unibertsitate-enpresa Gela talentua eta berrikuntza sustatzeko laborategi bizia da.

Era berean, "Jasangarritasunerako Aldaketaren Lidergoa eta kudeaketa. Balio Soziala Sortzeko laborategia ALDATUZ" masterra oraindik ere prestakuntza-proposamen aitzindaria da gizarte balioa sortzeko proiektuen garapenean. Ikuspegi eraldatzailearekin, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz, masterrak beren jardun profesionalean jasangarritasuna eta berrikuntza integratzeko gai diren liderrak prestatzen ditu.

Jasangarritasunaren arloko prestakuntzaren aldeko apustu estrategikoa

Guztira 28.500 euroko inbertsioa eginda, Gipuzkoak ekonomia bidezkoagoa, berdeagoa eta lehiakorragoa garatzeko lidergoa berretsi du, unibertsitatearen, administrazioaren eta enpresaren arteko lankidetzaren bidez.

Donostia, 2025eko ekainaren 5a