2025·06·19
José Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatuak elkartasuna adierazi die uholdeek kaltetutako pertsonei.
Estazio hidrometeorologikoen foru-sareak % 100ean funtzionatu zuen ostiralean zehar, eta aukera eman zion Aldundiari alertak denbora errealean aktibatzeko eta gertakariaren bilakaeraren jarraipen tekniko xehatua egiteko. Euri-metaketa handiena Ibiur estazioan (Ikaztegieta) erregistratu zen, metro koadroko 112 litro bi ordutan soilik. Alegiak eta Añarbek ere atalase kritikoak gainditu zituzten, eta Oriaren arroan hainbat errekastok gainezka egin zuten.
José Ignacio Asensio: “Datuen transmisio zuzenak eta alerten aktibazio automatikoak, beste behin ere, erakutsi dute sistema hau oso baliagarria dela muturreko fenomenoak kudeatzeko. Gertakari horiek gero eta sarriagoak eta gogorragoak dira, eta jarraipen- eta erantzun-azpiegiturak indartzea eskatzen digute”.
Ekaitza handia izan zen joan den ostiralean, ekainak 13, 21:00etatik 23:00etara bitartean, eta eragin larria izan zuen Tolosaldean eta Goierrin, guztiak ere Oria ibaiaren arroan. Gertaera horren ondorioz, erreka askok gainezka egin zuten ibaiaren ezkerraldean, eta kalte material handiak eragin zituzten. Iraupen laburreko ekaitza izan bazen ere, intentsitate handia izan zuen, eta ez zen aurreratua izan, ez Euskalmeten ez AEMETen aurreikuspen-ereduengatik; beraz, ez zen prebentzio-abisurik eman hasi aurretik.
Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako sare hidrometeorologikoak – Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen Zuzendaritzak kudeatua – fenomenoaren bilakaeraren jarraipen zehatza eta denbora errealean egitea ahalbidetu zuen. Ur-emaria neurtzeko estazioek eta lurraldean banatutako plubiometroek emandako datuei esker, alerta automatikoak aktibatu ziren, eta zuzenean iritsi ziren teknikarien gailu mugikorretara; horri esker, berehalako erantzuna eman ahal izan zen.
Gipuzkoak, gaur egun, 43 estazio hidrometereologiko ditu: 24 ur-emaria neurtzeko estazioak, 11 estazio meteorologikoak (airearen tenperatura eta prezipitazioa neurtzen dutenak) eta 8 estazio plubiometriko soilik. Horietatik 22 Euskalmetekin batera integratuta daude, 16 foru-sarearen parte dira soilik, eta 5 Euskalmeten jabetzakoak dira esklusiboki. Guztiek 10 minuturo transmititzen dituzte datuak, eta horrek erraztu egiten du ibaien mailak eta emariak eta prezipitazioen intentsitatea etengabe zaintzea.
Diputatu nagusi eta Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok elkartasuna adierazi die euri-jasek kaltetutako pertsonei, eta gogorarazi du Jasangarritasun Departamentuak “lurraldeko sare hidrometeorologikoa hobetzen eta modernizatzen jarraituko duela, estaldura eta kontrako fenomeno meteorologikoen aurrean erantzuteko gaitasuna handitzeko”.
Asensiok azpimarratu duenez, “datuak behar bezala transmititzeak eta alertak automatikoki aktibatzeak, beste behin ere, erakutsi dute sistema hori oso erabilgarria dela muturreko fenomenoak kudeatzeko. Gertakari horiek gero eta sarriagoak eta gogorragoak dira, eta jarraipen- eta erantzun-azpiegiturak indartzea eskatzen digute. Klima-aldaketa gure patroi meteorologikoak aldatzen ari da, eta prest egon behar dugu azkar jarduteko. Prebentzioan inbertitzea gure udalerrietarako segurtasunean inbertitzea da”, eta berariaz eskertu du ostiraleko gau osoan jarraipena egin zuten teknikarien lana.
Ibiurrek erregistratu zituen balio altuenak
Ibiurreko ur-emaria neurtzeko estazioak (Ikaztegieta) erregistratu zituen balio handienak ekaitzetan: 20 litro metro koadro 10 minututan, 52 litro ordu erdian eta 112 litro bi ordutan. Datu horiek gertakariaren muturreko intentsitatea islatzen dute. Beste publiometro batzuek ere prezipitazio oso handiak izan zituzten, hala nola Alegikoak eta Añarbekoak.
Lehen alerta-abisuak Lareoko plubiometroak metro koadroko 5 litroko muga 10 minutuan gainditu zuenean iritsi ziren. Ondoren, Ataun, Zaldibia, Ibiur eta Alegiko sentsoreak aktibatu ziren, eta, horren ondorioz, Aldundiko teknikariak etengabeko zaintza-egoeran egon ziren gau osoan, eta estazioek denbora errealean transmititutako datuen bilakaera ikusi zuten, foru-erakundearen postu nagusian instalatutako SCADA sistemaren bidez.
Sistemak % 100ean funtzionatu zuen
Datuak transmititzeko sistemak, ITELAZPI enpresa publikoak kudeatzen duen TETRA komunikazio digitalen sarearen bidez jarduten duenak, normaltasun osoz funtzionatu zuen gertakari osoan, eta horrek estazioek erregistratutako informazioaren % 100 jasotzea bermatu zuen. Funtzionamendu egoki hori funtsezkoa izan zen Aldundiak informazioa gardentasunez partekatu ahal izateko herritarrekin bere webgunearen eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritzaren aplikazio mugikorraren bidez.
Donostia, 2025eko ekainaren 16a