2025·06·19
Klima-aldaketa ez da etorkizuneko mehatxua, egungo errealitatea baizik. Egoera horren aurrean, Gipuzkoak ahots adituak bildu ditu Miramar Jauregian, informazio-sistemek arriskuak aurreikusteko, bizitzak salbatzeko eta lurraldea babesteko modua aztertzeko.
José Ignacio Asensio: “Klima aldaketa jada ez da etorkizunerako abisua: orainaldiko errealitatea da. Gero eta maizago pairatzen ditugu gure osasunari, ekonomiari eta lurraldeari eragiten dieten muturreko fenomenoak. Horregatik, erantzunak ezagutzan oinarritu behar dira, eta informazio-sistemak funtsezkoak dira aurrea hartzeko, babesteko eta irizpidez jokatzeko”.
Muturreko fenomeno gero eta ohikoagoak, kostaldeak atzeraka, ibaiak mugan... Etorkizunekoa ez den baina oraina den errealitate klimatikoaren aurrean, Gipuzkoak eztabaida zabaldu du informazio sistemak arriskuei aurrea hartzeko eta lurraldea babesteko tresna erabakigarri bihurtzeko moduari buruz. Miramarren egin den Uda Ikastaroak zientziaren, teknologiaren eta ekintza klimatikoaren arteko ezinbesteko lotura horretan jarri du arreta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatuta, "Klima aldaketa eta informazio sistemak" mintegiak arlo tekniko, zientifiko eta instituzionaleko adituak bildu ditu ekainaren 19an eta 20an. Helburua: klima-egokitzapenari buruzko ezagutza partekatzea eta erabakiak hartzea indartzea.
Ikastaroan, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: CSICeko ikertzaile Fernando Valladares; ETBko Eguraldia saioko aurkezle eta meteorologo Arnaitz Fernández; AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozo; Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokiko koordinatzaile Dorleta Orue-Echeverría; ELKARGIko komunikazio-zuzendari Urko Odriozola; Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko Politiken arduradun Jesús Alquézar; BC3ko ikertzaile Marta de Olazabal; eta AEMETko meteorologo Margarita Martín.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak egin du inaugurazio instituzionala, eta bere hitzaldian azpimarratu duenez, “klima-aldaketa jada ez da etorkizunerako abisua: egungo errealitatea da. Gero eta maizago pairatzen ditugu gure osasunari, ekonomiari eta lurraldeari eragiten dieten muturreko fenomenoak. Horregatik, erantzunak ezagutzan oinarritu behar dira, eta informazio-sistemak funtsezkoak dira aurrea hartzeko, babesteko eta irizpidez jokatzeko”.
Bizitzak salbatzen dituen informazioa
Hasierako hitzaldian, Asensiok Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak klima aldaketaren eraginei aurrea hartzeko Gipuzkoan sustatutako tresna batzuk aurkeztu ditu, hala nola uholdeen aurkako alerta goiztiarreko sistema, itsasertzeko bideometria sarea edo Naturklima Klima Klima Aldaketa Behatokia.
Sistema horiek aukera ematen dute informazio klimatikoa denbora errealean biltzeko, aztertzeko eta komunikatzeko, iragartzeko ereduak sortzeko, arrisku-mapak egiteko eta politika publikoak testuinguru aldakorrera egokitzeko. “Datuek biziak salbatzen dituzte. Eta informazio hori erabaki baliagarri bihurtzen duten sistemak dira pertsonak eta lurraldea babesteko dugun tresnarik onena”, adierazi du diputatuak.
Teknologia herritarren eta lurraldearen zerbitzura
Jardunaldiaren programak funtsezko gaiak jorratu ditu, hala nola osasunaren eta informazio-sistemen arteko harremana, enpresa-eremuan arriskua kudeatzeko teknologia, eta komunikazio zorrotzak buloen eta desinformazio klimatikoaren aurrean duen garrantzia. “Informazioak, ondo kudeatuta, ahaldundu egiten du. Konfiantza ematen du eta jarduteko aukera ematen du. Kontua ez da larritzea, prestatzea eta gaitzea baizik”, adierazi du Asensiok.
Ezagutza teknikoaz gain, ikastaroak trantsizio klimatikoak dakarren aukera ekonomiko eta soziala ere azpimarratu du. “Klima-aldaketaren aurkako borroka ez da betebehar etikoa soilik, enplegua sortzeko, talentu gaztea erakartzeko eta lurralde lehiakorragoa eta jasangarriagoa eraikitzeko aukera handia baizik”, esan du diputatuak.
Bigarren jardunaldia, ekainak 20
Bigarren jardunaldiari hasiera emateko, Europako Batzordeko ordezkari Jesús Alquezarrek klima-desinformazioaren arriskuei buruz hitz egingo du. "Paradoxa handia: klima-aldaketa eta informazio-sistemak... eta desinformazioa?" izenburupean, buloek, manipulazioak eta negazionismoak eztabaida publikoa nola desitxuratzen duten eta ekintza instituzionala nola moteltzen duten hausnartuko du.
Jarraian, Marta de Olazabal ikertzaileak (BC3) Europako hirietako klima-egokitzapenaren adibide zehatzak aurkeztuko ditu, hiri-plangintzaren eta tokiko gobernantzaren zeregina azpimarratuz. Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egingo da, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak moderatuta. Bertan, datu meteorologikoen balioa, ikerketa zientifikoa eta erakundeen lankidetza nabarmenduko dira, klima-aldaketaren aurrean erresilientzia handiagoa duten hiriak eraikitzeko.
Donostia, 2025eko ekainaren 19a