Donostiako lau saltokitatik hiruk produktu jasangarria, lokala, birziklatua edo artisaua dute

2022·11·22


Donostiako lau saltokitatik hiruk produktu jasangarria, lokala, birziklatua edo artisaua dute

DENDATU autodiagnostikorako tresna Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatu du, San Sebastian Shops-ekin elkarlanean, eta lau hilabetez probatu da Gipuzkoako hiriburuko 87 saltokitan.

Ekimen honen helburua da Gipuzkoako saltokiek beren posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzea etorkizun iraunkorraren aurrean, ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko eta ingurumen-jarduera hobea lortzeko, bolumena, tamaina edo jarduera-sektorea edozein izanda ere.

José Ignacio Asensio: “DENDATU Gipuzkoako saltokien eskura jartzen dugun tresna da, trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurrea hartu eta lehiakortasunari eusteko. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako jarduerek gure gaitasun lehiakorra indartzeko eta, aldi berean, gure ingurunea zaintzeko aukera emango digute”.

Marisol Garmendia: “Donostiako merkataritza ahalegin handia egiten ari da garai berrietara egokitzeko. Dagoeneko ez da elkarreragin eta erosketa-modu berriak ahalbidetzen dituzten teknologiak erabiltzea soilik, baizik eta ingurumena errespetatzea, hondakinak gutxitzen lagunduko duten jardunbideak eta ohiturak ezarriz, energia-gastu txikiagoa ekarriko dutenak eta hori negozioak murriztu gabe. Are gehiago, pizgarri bat”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta San Sebastian Shops-ek DENDATU autodiagnostikorako tresnaren ebaluazioa aurkeztu dute gaur eguerdian. Tresna horren bidez, Gipuzkoako saltokiek beren egoera aztertu ahal izango dute iraunkortasun- eta zirkulazio-irizpideetan, kudeaketa ekonomia zirkular batera egokitzeko eta trantsizio ekologikoaren erronkaren aurrean lehiakortasunez kokatzeko. Lau hilabetez, Donostiako 87 saltokik azterketa bat egin dute beren egoera ezagutzeko. Era guztietako sektoreek hartu dute parte, baina, batez ere, ekipamendu, elikadura eta bestelako produktu galkorren sektoreek erabili dute gehien tresna.

15 minutuan, DENDATUk aukera ematen die dendei Ekonomia Zirkularraren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruan askotan konturatu gabe egiten dituzten ekintzak aurkitzeko, web-autodiagnostiko oso intuitibo baten bidez. Lau hilabete hauetan lortutako emaitzen arabera, tokiko merkataritzak eragin handiagoa eta hobea du bere ingurunean.

Nabarmentzekoa da GJH 11n lortutako emaitza, birziklatzeari dagokionez; izan ere, batez beste, % 70eko nota izan dute gai horretan eta legeak ezarritakoa baino ekintza gehiago egiten dituzten dendek % 90 dira. Era berean, emaitzen arabera, denden % 88k jasangarriago bihurtu ditu beraien bilgarriak.

Bestalde, nabarmendu beharreko beste datu bat da parte hartu duten ia denda guztiak inguruko kausa sozialetan inplikatuta daudela; esaterako, dirua edo produktuak emanez. Zehazki, % 72 gizarte-kausekin inplikatzen da, eta % 41ek produktuak ematen dizkie elkartasun-ekitaldiei. Beste informazio garrantzitsu bat tokiko produktuei, artisauei edo produktu iraunkorrei buruzkoa da. Lau saltokitatik hiruk mota horretako produktuak saltzen dituzte, hau da, salmenta guztien % 45.

Honen inguruan José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, “DENDATU Gipuzkoako saltokien eskura jartzen dugun tresna da, trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurrea hartu eta lehiakortasunari eusteko. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako jarduerek gure gaitasun lehiakorra indartzeko eta, aldi berean, gure ingurunea zaintzeko aukera emango digute”.

Bestalde, Marisol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi duenez, “Donostiako merkataritza ahalegin handia egiten ari da garai berrietara egokitzeko. Dagoeneko ez da elkarreragin eta erosketa-modu berriak ahalbidetzen dituzten teknologiak erabiltzea soilik, baizik eta ingurumena errespetatzea, hondakinak gutxitzen lagunduko duten jardunbideak eta ohiturak ezarriz, energia-gastu txikiagoa ekarriko dutenak eta hori negozioak murriztu gabe. Are gehiago, pizgarri bat”.

Kontsumitzailea bere kontsumoaren eraginarekin gero eta konprometituago dagoen gizarte batean, DENDATUk aukera ematen dio dendariari bere bezeroekin bat egiteko eta, aldi berean, gero eta lehia handiagotik bereizteko. Donostiako merkataritzak izan duen harrera ona eta lortu dituen emaitza atseginak kontuan hartuta, Foru Aldundia lanean ari da dagoeneko lurraldeko gainerako udalerrietan bultzatzeko eta, hartara, gizartean duen eragina hobetzen jarraitzeko.

 

Donostia, 2022ko azaroaren 21a