Lurraldeko enpresetan karbono-aztarna kalkulatzeko eta murrizteko bultzadaren aitzindari da Gipuzkoa, laguntza-lerro berri baten bidez

2022·06·13


Lurraldeko enpresetan karbono-aztarna kalkulatzeko eta murrizteko bultzadaren aitzindari da Gipuzkoa, laguntza-lerro berri baten bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak 300.000 euro bideratuko die Gipuzkoako enpresei eta industriari karbono-aztarna kalkulatzen laguntzeko, Espainiako Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Legeak ezartzen duen betebeharraren aurrean, 2050ean klima-neutraltasunaren helburua ziurtatzeko.

José Ignacio Asensio:

“Beharrezko erraztasun guztiak eman nahi dizkiogu gure industriari, deskarbonizaziorako trantsizioaren buru izan dadin, bere lehiakortasun gaitasuna indartuz eta nazioarteako lidergoari eutsiz, industria moderno, jasangarri eta lehiakor gisa kokatuta”.

“Ekonomiaren deskarbonizazioan aitzindari izateko eta klima-neutraltasuna lortzeko, gure enpresekin eta industriarekin konpromiso sendoa eta ekonomikoa hartzen duen lehen lurraldea gara”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak dirulaguntza lerro berri bat onartu du Gipuzkoako enpresetan karbono aztarnaren kalkulua eta murrizketa bultzatzeko. Programa honetara 300.000 euro bideratuko dira ekitaldi honetan, eta helburua da bermatzea Espaniako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren 7/2021 Legea betetzen dela, xedatzen baitu nahitaezkoa dela karbono aztarna kalkulatzea eta publiko egitea.

 Halaber, arauak xedatzen du enpresek isuriak murrizteko plan bat prestatu eta argitaratu behar dutela, bost urterako murrizketa helburu kuantifikagarri batekin eta hori lortzeko proposatzen diren neurriekin. Diru lerro berri honekin, ingurumen Departamentuaren helburua da azkartzea Gipuzkoako industria deskarbonizatzeko prozesua eta bermatzea Gipuzkoa Klima 2050 estrategian ezarritako klima-neutraltasuna lortzen dela. Horretarako, estrategiak jasotzen du  2050erako berotegi efektuko gasen (BEG) isuriak murriztu behar direla % 90. Jose Ignacio Asensio diputatuak azpimarratu du aitzindariak garela enpresei eta industriari beren karbono-aztarna kalkulatu, murriztu eta konpentsatu ahal izateko laguntza-lerro bat abiarazten: “Ekonomia deskarbonizatzeko eta neutraltasun klimatikoa lortzeko, gure enpresa eta industriekin konpromiso sendoa eta ekonomikoa hartzen duen lehen lurraldea gara”.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi du karbono aztarna neurtzea dela lehen pausoa «industria jasangarriagoa eta deskarbonizatua lortzeko. Industria deskarbonizatzea giltzarria da klima neutraltasunaren helburua lortzeko eta, azken batean, gipuzkoarron etorkizuneko ongizatea bermatzeko». Gainera, adierazi du Asensio diputatuak “deskarbonizazioa lehiakortasuna lortzeko palanka bat da Gipuzkoako industria eta enpresarentzat, lidergoari eusteko, bai nazio mailan bai nazioartean”. “Beharrezko erraztasun guztiak eman nahi dizkiogu gure industriari, bere ekintzailetza- eta berrikuntza-gaitasuna izan dituena beti ezaugarri, deskarbonizaziorako trantsizioaren buru izan dadin, lehiakortasun-gaitasuna indartuz eta nazioartean aitzindari izaten jarraituz, industria moderno, jasangarri eta lehiakor gisa kokatuta”, esan du Ingurumen diputatuak.

Karbono aztarna da ingurumen adierazle bat, erakusten duena norbanako, familia, enpresa, ekitaldi, hiri edo herrialde batek zuzenean edo zeharka sortutako berotegi efektuko gasen (BEG) guztizko emaitza. Gure sare ekonomikoari dagokionez, neurketa hori burutzea funtsezkoa da, gure industriak klima aldaketan duen eragina ezagutzeko eta BEGen isuriak gutxitzeko neurriak hartzeko, horrela beroketa globalaren ondorioak murrizteko. Bestalde, bakoitzaren karbono aztarna ezagutzeak enpresei aukera ematen die estrategiak hartzeko beren produktuak izan daitezen jasangarriagoak eta lehiakorragoak, isuriak konpentsatuta.

Ingurumen Departamentuaren programak diruz lagunduko du erakundeko karbono aztarna kalkulatzea; alegia, enpresak burutzen duen jarduerak zuzenean edo zeharka berotegi efektuko zenbat gas isurtzen duen. Produktu edo ekitaldi jakin bati lotutako karbono aztarna neurtzeko aukera ere jasotzen da. Laguntzak proiektuaren irismenarekin eta proiektuan jasotako isuriekin lotuta egongo dira; kasu guztietan, kalkuluarekin batera emisioak murrizteko plan bat aurkeztu beharko da.

Enpresa edo erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du eta laguntzak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuen guztizkoaren % 50 eta % 80 artekoak. Proiektu aurreratuenak eta irismen handiena dutenak, 23.000 eurotan izango dute muga. Eskaerak internetez aurkeztuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian, interesa duten enpresentzat eskegi den formularioa beteta.

Donostia, 2022ko ekainaren 10a.