Atzealdea Abian da Gipuzkoako Energia Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretua osatzeko partaidetza prozesua

Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategia (GEJE 2050) funtsezkoa da gure ekonomia deskarbonizatzeko. 2050erako helburuak: berotegi efektuko gasen isurketak % 80 murriztea eta berriztagarrien % 80ko kuota lortzea.

2021·03·26


Abian da Gipuzkoako Energia Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretua osatzeko partaidetza prozesua

Jose Ignacio Asensio: «Trantsizio energetikoak erantzun bat ematen dio herritarrak eredu energetikoaren erdigunean ahalduntzeko eta partaidetzan oinarritutako tokiko gobernantza energetikoa sustatzeko beharrari» «Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor bateranzko aldaketaren palanka nagusia».

Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategia jendaurrean jartzeko eta partaidetzazko deliberazioa egiteko prozesua. Apirilean hasiko den prozesua urrian bukatuko da, Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako energia-jasangarritasunari buruzko foru dekretua onartzearekin batera.

Prozesua apirilean hasiko da; 45 egunez jendaurrean jarri, eta partaidetzazko deliberazio prozesuaren saioak egingo dira. Saio horietan parte hartzeko deia egingo zaie Gipuzkoako Gobernantza Energetikoaren organoei (Naturklima, Energia Jasangarritasunaren Foru Batzordea, Departamentuarteko Foru Batzordea, Gipuzkoako Batzar Nagusien Batzordea eta energia jasangarriaren eskualdeko mahai guztiek osatutako Lurralde Mahaia). Deliberazio prozesuan ere saioak egingo dira tokiko beste eragile batzuekin, hala nola udalekin, energiaren udal banatzaileekin, instalatzaileekin, unibertsitateekin, enpresekin, sindikatuekin, zentro teknologikoekin, elkargo profesionalekin, elkarteekin, komunikabideekin, etab.

Uztailetik irailera bitartean, prozesuaren emaitzen txostenak egingo dira, emaitzak itzuliko dira, eta Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eta Genero Eraginaren Ebaluazioa ere egingo dira. Ondoren, emaitzen lotura-txostenak egingo dira, eta azken emaitza parte-hartzaile guztiei itzuliko zaie. Urrian, azkenik, Energia Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretua onartuko du Gobernu Kontseiluak.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak gure lurralderaen energia-eredua aldatzea sustatzen duen estrategia honetan parte hartzearen balioa azpimarratu du; hain zuzen ere, herritarrak ahalduntzeko apustua egiten baitu: «Trantsizio energetikoak erantzun bat ematen dio herritarrak eredu energetikoaren erdigunean ahalduntzeko eta partaidetzan oinarritutako tokiko gobernantza energetikoa sustatzeko beharrari».

 

Horiek horrela, Ingurumeneko diputatuak gogorarazi du Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategiaren helburua dela energia-eskariaren kudeaketa efizientean oinarritutako lurralde mailako eredu energetiko bat ezartzea. «Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor bateranzko aldaketaren palanka nagusia.  Hain zuzen ere, eskaria murrizteak eta iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzeak ahalbidetzen digute aurrera egitea energia-hornikuntzaren kostua murrizteko, ingurumen inpaktua murrizteko eta energia-segurtasuna areagotzeko helburuetarantz, ahalik eta modurik ekonomikoenean».

Berotegi efektuko gasen isurketei begiratuz gero, Gipuzkoak urte batzuk daramatza beherakadaren bidean: gaur egungo isurketek -% 4,9 egin dute behera 2017aren aldean, eta -% 24,2, berriz, 2005eko datuekin alderatuz. Estrategia berriak murrizketa hori bizkortu nahi du, % 40ra irits gaitezen 2030ean eta % 80ra 2050ean.Giza jardueretatik datozen berotegi efektuko gasen isurketa gehienak energiaren ekoizpenari, eraldaketari, banaketari eta kontsumoari lotutako errekuntza-prozesuetatik datoz, garraioan, industrietan, enpresetan, etxebizitzetan, saltokietan eta zerbitzuetan. Horrela, argi dago energia-kontsumoa oso lotuta dagoela egoera ekonomikoarekin, eta 2012tik oso antzeko mailetan dabil, sektore jakin batzuei egotzitako igoera eta jaitsierekin.

Testuinguru horretan eta ikuspegi sozioekonomikotik begiratuta, gogoratu behar da Espainia, 2017an,  seigarren postuan zegoela elektrizitatearen prezio altuena zuten herrialdeen rankingean, eta hirugarren postuan, gas naturalari dagokionez, EB-28ko herrialdeak kontuan hartuta. Horrek sektore guztiei eragiten die, baina bizitokiei erreparatzen badiegu, urte horretan bertan Gipuzkoako etxebizitzen % 21,5 (63.500 etxebizitza) pobrezia energetikoko egoeran zeuden. Horregatik, pobrezia eta kalteberatasun energetikoa prebenitzea eta herritar guztiei segurtasun energetikoa bermatuko dien lege -esparru bat sortzea da GEJE 2050en helburu nagusietako bat: Asensio foru diputatuak gogorarazi duenez, «pobrezia energetikoa kontsumo sektore guztietan desagerrarazi behar dugu, eta, horretarako, Gipuzkoako herritarrak ahaldundu behar ditugu, energia-sistemaren erdigunean duten rol berria ezagutzen eta onartzen lagunduz». 

 

Lurralde mailako kalteberatasun energetikoari dagokionez, Gipuzkoak kanpoaldearekiko duen mendekotasun energetikoa % 92,77koa da, eta, beraz, gure autohornikuntza % 7,23koa baino ez da. GEJE 2050en helburuetako bat da lehen mailako energia berriztagarria ekoizteko lurralde ahalmena handitzea, eraikinetan eta hirigintza-jarduketako unitateetan autokontsumorako energia banatzeko ereduaren bidez, iturri berriztagarrien eta energia-jasangarritasuneko beste teknologia lagungarri batzuen erabileran oinarrituta (eraikinen birgaitze energetikoa, mugikortasun elektrikoa, biltegiratzea eta mikrosareak). Horretarako erabiliko diren ezarpen ereduak jasangarriak, teknikoki fidagarriak, ekonomikoki errentagarriak, sozialki partekatuak, biodibertsitatearekin bateragarriak eta lurraldearen erresilientziari eusten diotenak izango dira, eta erabiliko diren negozio ereduek banaketa orekatua –publikoa, kolektiboa eta pribatua– egingo dute.

 

Azkenik, nabarmendu behar da kontsumo berriztagarrien kuotak (% 18,71) hobera egin duela 2010-2018 aldian. Adierazle horrek adierazten du zein proportziotan den berriztagarria erabiltzen dugun energiaren jatorria (guk geuk ekoitzia edo kanpoan erosia) kontsumo osoarekiko. Berriztagarrien % 80ko kuotara iristea du helburu Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategiak.