Atzealdea Aldundiak 17.135 euro bildu ditu Gipuzkoako Elikagaien Bankurako, afari jasangarri eta solidario baten bidez

Ingurumeneko Departamentuak Mahaia eta Basque Culinary Center sukaldarien kolektiboarekin elkarlanean antolatu duen afari jasangarri eta solidarioak Gipuzkoako sektore ekonomiko, instituzional eta sozialeko 94 agente bildu ditu.

2021·11·24


Aldundiak 17.135 euro bildu ditu Gipuzkoako Elikagaien Bankurako, afari jasangarri eta solidario baten bidez

Jose Ignacio Asensio: “Beste behin ere, Gipuzkoak elkartasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa erakutsi ditu. Elikagaiak alferrik galtzea arazo globala da, etikoki onartezina, sozialki bidegabea eta ekonomia zein ingurumenaren aldetik jasanezina”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Afari Jasangarri eta Solidarioa antolatu du Basque Culinary Center eta “Mahaia” sukaldarien kolektiboarekin lankidetzan, elikagaien xahutzeari buruzko kontzientziazioa areagotzeko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankurako dirua biltzeko asmoz, COVID-19 pandemiaren ondorioz sortutako beharrei irtenbidea emateko. Besteak beste, Jose Ignacio Asensio Ingurumen Departamentuko foru-diputatua, Ernesto Gasco Espainiako Gobernuko Haurren Pobreziaren aurkako Borrokarako goi-ordezkaria, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria, Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentea eta Mahaia sukaldarien elkarteko ordezkariak izan dira ekitaldian.

“Afari solidario eta jasangarri” izenburupean, Gipuzkoako ekonomia-, erakunde- eta gizarte-sektoreetako 94 eragile baino gehiago bildu dira. Egindako ekarpenei esker, guztira 17.135 euro biltzea lortu da, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratu dira oso-osorik. Ekitaldi hau Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan egin da, eta Elikagaien Bankuaren bilketa handiarekin bat etorri da.

Mahaia taldeko sukaldariek prestatu dute afaria, irizpide hauen arabera: jasangarritasuna, ekoizpen ekologikoa, 0 kilometroa eta elikagaiak ez xahutzea.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eskerrak eman dizkie ekimen solidario eta iraunkor honetan parte hartu duten eragile guztiei, eta “gipuzkoarren elkartasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa” nabarmendu ditu. Era berean, Asensiok adierazi duenez, “egungo egoeran, COVID-19 pandemiaren ondorioz, krisi soziala izan da, eta horrek Elikagaien Bankuaren zerbitzuak behar dituzten pertsonen kopurua gehitzea ekarri du”.

 

Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak eskerrak eman dizkie partehartzaile eta antolatzaileei. Mendez de Vigok laguntza honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, izan ere, “COVID-19 pandemiaren ondoren, pertsona gehiagok behar izan dute laguntza. Gaur egun, 21.800 lagun artatzen ditugu, eta, pandemia baino lehen, 17.600 pertsona”.

Bestalde, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da herritarrak kontzientziatzea gastronomiaren bidez nola indartu daitezkeen jasangarritasunarekin eta gizarte-lankidetzarekin lotutako balioak, gaur egun inoiz baino kritikoagoak baitira balio horiek”.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak inauguratu du ekitaldia. Foru arduradunak gogorarazi duenez, janaria alferrik galtzean, «kontsumitu gabeko janaria galtzeaz gain, elikagaiak ekoizteko erabili diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen dira», besteak beste, janari hori ekoizteko, eraldatzeko eta garraiatzeko erabilitako lurra, mantenugaiak, ura eta energia; halaber, kontuan hartu behar dira eragindako berotegi efektuko gasen isurpenak. Asensiok adierazi duenez, «elikagaiak alferrik galtzea arazo globaltzat hartu behar da, etikoki onartezina, sozialki bidegabea, eta ekonomia eta ingurumenaren aldetik eutsiezina».  

Oraingo kalkuluen arabera, alferrik galtzen da giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru, eta horrek kostu handiak sortzen ditu ekonomia eta ingurumen alorretan.  Gipuzkoan, kalkulatzen da urtean 123.000 tona elikagai inguru xahutzen direla gure lurraldeko nekazaritzako elikagai katean (% 23 alferrik galdutakoak eta % 77 galerak).

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiak lantzen dituen garapen jasangarriko helburuei erantzuten die, eta lurraldeko beste toki batzuetan eta egokitutako beste formatu batzuekin egingo diren ekintzetako bat da, betiere elikagaiak xahutzeak dakarren arazoarekiko sentsibilizazioa indartzeko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekiko lankidetza sustatzeko helburuarekin.

Eragile parte-hartzaileak

Adegi, Elkargi, Noticias de Gipuzkoa, Diario Vasco, La Ser, Wave Garden, Aquarium, Coca Cola, Elkano Fundazioa, Cámara de Comercio, Espainiako Gobernua, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Grupo Campezo, UPV/EHU, Teknimap, Iberdrola, Donostiako Udala, Ekomodo, Plastigaur, Edinor, Kutxa Fundazioa, Mercadona, Urdinberri, Real Sociedad Fundazioa, Papresa, Balab Factory, Ficoba Fundazioa, Unialco, Clúster Habic, Ekogras, Krean, Naturklima, Ferrovial, Kenecogest, Uvesco, Teknika, Gipuzkoa Basket, Idom, Mater Museoa, Egutegi reciclados, Cespa Gestión de Residuos, Axular Lizeoa, Scientia Karmelo Ikastetxea, AEG Ikastetxea eta Colegio Vasco de Economistas.