Atzealdea

Aldundiak % 60 murriztuko du energia-kontsumoa eraikin guztietan 2050erako

2020·09·11


Aldundiak % 60 murriztuko du energia-kontsumoa eraikin guztietan 2050erako

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Euskadiko Energia Jasangarritasunerako lehen Batzordea sortu du, energia-eraginkortasunari, energia aurrezteari eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeari buruzko Legearen aurreikuspenak betetzeko.

Foru Batzordeak zeharkako partaidetza izanen du: Foru Aldundiko 9 Departamentu eta foru erakundearen menpeko sozietate eta fundazioetako 11 ordezkari.

José Ignacio Asensio: “Lege honi esker, euskal administrazio guztien eta sektore pribatuaren ekintza babestuko duen esparru juridikoa izango dugu energia-trantsizioaren bidean, karbono gutxiko eta klima-aldaketarekiko erresilientzia duen garapen-eredu bat lortzeko”.

Gaur goizean egin da Energia Jasangarritasunerako Foru Batzordearen lehen bilera, Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua buru dela. Batzorde hori abian jarri duen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen lurraldea da Gipuzkoa. EAEko Energia Jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legearen 9. artikuluak jasotzen du betebehar hori. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua izango da Energia Jasangarritasunerako Batzordearen buru, eta Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatua lehendakariorde.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Lege honek Gipuzkoarentzat duen balioa nabarmendu nahi izan du; izan ere, “horri esker, esparru juridiko bat izango dugu, euskal administrazio guztien eta sektore pribatuaren ekintza babestuko duena energia-trantsizioaren bidean, karbono gutxiko eta klima-aldaketarekiko erresilientzia duen garapen-eredu bat lortzeko”. Asensiok adierazi du, halaber, Ingurumeneko Departamentuak “zeharka lan egingo duela Foru Aldundiaren eraikin guztien energia-kontsumoa % 60 murrizteko 2050erako, eta % 35 2030erako”.

Legearen helburua da energia-jasangarritasunerako arau-oinarriak ezartzea administrazio publiko eta sektore pribatuan. Horretarako, bete behar dituzten oinarrizko betebeharrak eta betebeharrak artikulatuko ditu, eta, funtsean, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko neurriak bultzatuko ditu.

EAEko Energia Jasangarritasunari buruzko Legearen helburua hiru ildo nagusitan oinarritzen da: batetik, euskal administrazio publikoek % 60ko murrizketa lortu beharko dute 2050erako, eta % 35ekoa 2030erako; bestetik, energia elektrikoa erosteko lizitazioen bidez eskuratutako energiaren % 100 jatorri berriztagarrikoa izatea eskatuko du; eta, amaitzeko, ezartzen du 2030erako euskal administrazio publikoetako eraikinek nahikoa energia berriztagarria aprobetxatzeko instalazioak izango dituztela beren instalazioen kontsumoaren % 32 hornitzeko, aprobetxamendu termikorako eta elektrizitatea sortzeko sistemak barne.

Foru Batzordeak zeharkako partaidetza izanen du: Foru Aldundiko 9 Departamentu eta foru erakundearen menpeko sozietate eta fundazioetako 11 ordezkari. Batzordekideak lau hilean behin bilduko dira, eta gai zehatzagoak lantzeko lan-taldeak sortzeko aukera izango dute.

Batzorde horrek Foru Aldundiaren eraikin, instalazio eta ibilgailuei buruz behar diren informazio eta baliabideak emanen ditu, Legea betetzeko egin beharreko jarduketak planifikatu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak ibilbide luzea egin du arlo horretan. Orain arte egindako jarduerei esker, nabarmen murriztu dira kontsumoa eta instalazioen energia-faktura, eta nabarmen murriztu da ere karbono-aztarna. Horri dagokionez, José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “Aldundiak dagoeneko betetzen du energia elektrikoaren erosketari dagokionez, baina sakonki erabili beharko da autokontsumorako sorkuntza berriztagarriari dagokionez, baita lege berriaren beste xedapen batzuei dagokienez ere, bereziki, norberaren ibilgailuetan eta garraio publikoko zerbitzuetan erregai alternatiboak erabiltzeari buruzkoak”. Era berean, foru-arduradunak adierazi du “batzorde honek zentzu osoa duela Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako 2050 Estrategian xedatutakoa betetzeko ere”.

 

Donostia, 2020ko irailaren 11a