Atzealdea Europak Gipuzkoa saritu du plastikoaren aurka egiten duen borrokarengatik

Eskualdeen Europako Batzordeak Ingurumeneko Departamentuaren eta Emaús fundazioaren kanpaina bat saritu du, Hondakinak Murrizteko 2018ko Europako Asteko ekintza garrantzitsuenetako bat den neurrian. Jose Ignacio Asensio: «Hondakinak murrizteak eta ekonomia zirkularrak dimentsio sozial garrantzitsua dute Gipuzkoan enplegua sortzeko eragile diren aldetik». Javier Pradini: «Gipuzkoak aurrera jarraitu behar du hondakinak murrizteko eta hondakinak berrerabiltzeko, etorkizuneko baliabideak baitira».

2019·05·16


Europak Gipuzkoa saritu du plastikoaren aurka egiten duen borrokarengatik

Eskualdeen Europako Batzordeak EWWR Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua finalista gisa aukeratu du «Itsasotik mahaira» sentsibilizazio kanpainarengatik.  Ekimena, Emaús fundazioarekin batera garatu dena, Hondakinen Prebentzioaren 2018ko Europako Astean zehar burutu zen. Proiektuaren helburua da gure kostaldeak kutsatzen dituzten plastikoak berreskuratzea, horiek birziklatzea eta herritarrak kontzientziatzea maila lokalean aritu daitezen ozeano guztiei eragiten dien fenomeno global honen aurka. Kanpainaren ardatza zen egunero kontsumitzen ditugun itsaskien arazoren oihartzuna. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua saria jasotzera joan da Bruselako Eskualdeen Batzordearen egoitzara, eta adierazi du: «sariak Gipuzkoari aitortzen dio bide onetik doala hondakinen kudeaketan, bertan hitzetatik ekintzetara igaro baikara».

Javier Pradini Emaús fundazioko zuzendariak nabarmendu duenez, «hondakinak etorkizuneko baliabideak dira», aukera ematen baitute berrerabili eta gauza berriak ekoizteko, eta Gipuzkoak bide horretan aurrera egiten jarraitu behar du. Bere aldetik, Asensiok esan du printzipio horiek ezartzea ezinbestekoa dela Gipuzkoan ekonomia zirkular bat garatzeko, dimentsio sozial bat izan behar duena, motor garrantzitsu bat enplegua sortzeko orduan. Orobat, foru arduradunak azpimarratu du hondakinak murriztea gure baliabideak areagotzea eta garapen jasangarriago bat izateko aukerak handitzea dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Emaús fundazioak herritarrak itsasoko plastikoen inguruan sentsibilizatzeko «Itsasotik mahaira» kanpaina Gipuzkoako 33 udalerrietan eta Donostiako zenbait auzotan garatu zuten. Ekimenean, orobat, birziklatzearen bi enpresa gipuzkoarrek parte hartu zuten: EkoREC eta Sindesperdicio. Saria jaso duen kanpainaren funtsa izan zen instalazio artistikoak sortzea, edukiontzi modura, arrain sareekin. Helburua zen plastikozko poltsak eta botilak jasotzea, birziklatzea eta poliesterrezko ehun bihurtzea, erosketa-poltsa berrerabilgarriak ekoizteko. Herritarrek parte hartu zuen plastikozko poltsak eta botilak ekarriz.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea amaituta, berreskuratutako plastikoak EkoREC-ek birziklatu zituen (PETaren birziklatzean espezializaturik dagoen gipuzkoar enpresa). Lortu zen ehuna, Sindesperdicio markak hartu eta poltsa eta erosketa gurditxo berrerabilgarriak ekoiztu zituen. Sindesperdicio beste gipuzkoar enpresa sozial bat da, Emaús fundazioak diseinatzen dituen osagarriak ekoizten dituena material birziklatuetatik abiatuta. Azkenik, kanpaina honetan sortutako poltsak eta erosketa gurditxoak zozketatu egin ziren, sare sozialen bidez, kanpainan parte hartu zuten pertsonen artean.

Asensiok nabarmendu du zein garrantzitsua den herritarrek parte hartzea eta birziklatzearen alorrean lan egiten duten gizarte erakundeak lankide izatea: «Kasu honetan, bereziki eskertu behar diogu Emaús gizarte fundazioari; gizarte inklusioa lantzen du, ekonomia solidarioa eta eraldaketa soziala, eta, horiekin batera, Aldaketa Klimatikoaren aurkako borroka, erakutsiz hau dela etorkizunerako beharko dugun trantsizio ekonomikoa eta ekologikoa».