Atzealdea Gipuzkoa Argitu 2022 aurkezten da, autokontsumoari bultzada irmo bat emanez pobrezia energetikoari aurre egiteko

2022·03·04


Gipuzkoa Argitu 2022 aurkezten da, autokontsumoari bultzada irmo bat emanez pobrezia energetikoari aurre egiteko

Aldundiak eguzki-plaken erosketa bultzatzeko fiskalitate berdea aktibatuko duela helarazi eta denbora gutxira,  Gipuzkoa Argitu 2022k 37 tailer presentzial emango ditu. Tailerrek  enfasi berezia jarriko die  autokontsumoko eta energia-komunitateetan parte hartzeko aukerei buruz informatzean eta prestatzean,  prezioek herritarrengan duten eragina murrizteko eta energia berriztagarrien kontsumoa bultzatzeko bide gisa.

José Ignacio Asensio: “Energia lehentasunezko ondasuna da, eta administrazioek aukera sozial bat eskaini behar dute prezioen igoeraren eragina murrizteko, herritarrek energia-sistema garbia, eskuragarria eta bidezkoa izan dezaten bermatzeko behar diren ekintza informatiboak, finantzarioak eta fiskalak aplikatuz”.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Garbiñe Olaberria Ingurumeneko teknikariak Gipuzkoa Argitu 2022 programazio berria aurkeztu dute. Programak alternatibak eskaintzen ditu etxeetako energia-kontsumoa murrizteko eta energiaren prezioen igoerari aurre egiteko, horrek eragin berezia baitu gizartean ahulenak diren mailetan. Aurten, Argituk 37 tailer fisiko egingo ditu Gipuzkoako hainbat udalerritan. Parte hartzen duten pertsonei aholkuak emango zaizkie kontsumoa beren beharretara egokitzeko eta energia-gastua murrizteko.

Ingurumeneko diputatuak tailer horien balioa azpimarratu du: “herritarrekin zuzeneko komunikazio-kanala dira tailerrak, eta pobrezia energetikoaren eragina murrizteko alternatiba soziala hoberena dira”. Foru-arduradunak adierazi duenez, “egungo egoeran gertatzen ari diren energiaren prezioaren igoerak direla eta, familia asko egoera zailean daude, eta, ahal dugun neurrian, toki-administrazioek aukera sozial bat eskaini behar dute prezioen igoeraren eragina txikiagoa izan dadin, eta pertsonek bermatua izan dezaten energia, lehentasunezko ondasuna, eskuratzeko aukera”.

Ildo horretan, 2022ko eskaintzan, Argitu 2022k energia-komunitateetan oinarritutako tailer berri bat aurkezten du. Energia komunitateek, eraikin publikoetako estalkietan jartzen diren  instalazio fotovoltaikoetatik abiatuta autokontsumorako alternatiba bat eskaintzen dute. Ingurumen Departamentua bultzatzen ari da komunitateak, hainbat udalekin elkarlanean. Aukera hori errealitate bat da dagoeneko Gipuzkoako zortzi udalerritan, non herritarrei aukera zabaltzen zaien energia berriztagarria kontsumitzeko eta abantaila ekonomiko eta sozial garrantzitsuak lortzeko.

Asensiok adierazi duenez,  “energia garbien kuota handitzeaz gain, energia-modalitate berriek, hala nola komunitateak, % 20-30eko merketzearen onura ekonomikoak dakartzate energia-fakturan” azpimarratu du foru diputatuak, eta gehitu du “formula berri horiek ezinbestekoak dira energia-kultura berri bat bultzatzeko, non kontra egingo zaion energia-zaurgarritasunari, gaur egun Gipuzkoako sei etxetatik bati eragiten baitio”. Tailer berri horretaz gain, aurten, berritasun gisa gehitzen da autokontsumoko instalazio fotovoltaikoen funtzionamendua lehen eskutik ezagutzeko aukera, herritarrentzako lau bisitaren bitartez, Usurbilgo Lanbide Eskolara, hain zuzen ere.

Horri dagokionez, foru diputatuak gogorarazi du bere departamentuak energia-komunitateekin duen estrategia indartu egin dela orain dela gutxi Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluan onetsi den fiskalitate berdearekin, energia jasangarriaren ekoizpena sustatzeko, eguzki-plaken bidez: “Energia oinarrizko ondasun bat da, eta oraintxe abiarazi behar dira informazio-, finantza- eta fiskalitate-ekintza guztiak, herritarrek eskura dezaten energia-sistema garbi, eskuragarri eta bidezko bat”.

Autokontsumoa bultzatzeaz gain, Argitu 2022ren proposamenak jarriko du enfasi berezia etxebizitzetako energia-kontsumoak optimizatzean eta efizientzia handitzean, eta horrek zuzeneko inpaktu bat eragiten dio faktura merketzeari. Horretarako, bi tresna izango ditu: ENERGIA ARGITU KIT maletatxoaren kanpaina eta energia-kalkulagailua. Energia Argitu Kit maletatxoa erreminta-kit bat da, ahalbidetzen duena etxebizitza batek izan ditzakeen energia-urritasunen autodiagnostikoa egitea. Aurten, kanpaina espezifiko bat egingo da 10 herritan, interesdunek zerbitzu hori aprobetxatu ahal izan dezaten, zeinak, autodiagnostikoaren aukeraz gain, barne hartzen baititu azalpen tailerrak, eta zalantzak kontsultatzeko aholkulari baten aukera.

Bestalde, Gipuzkoa Argituren webgunean eskuragarri egongo da energia-kalkulagailua, herritarrei aukera emango diena jakiteko zenbat energia kontsumitzen duten, eta etxean zer energia-ehuneko erabiltzen duten argiztatzeko, hozteko eta abarrerako. Era berean, aukera emango du etxeetan gehien kontsumitzen duten ekipamenduak zein diren eta horiek kontsumoan zer energia-inpaktu duten jakiteko. Era berean, arrastoak emango ditu kontratazio potentzia optimoari buruz, eta aholku pertsonalizatuak energia eta dirua aurrezteko moduari buruz.

 

Argitu 2022 tailerrak

2022an, 50 tailer presentzial egingo dira Gipuzkoan. Aipatutako Autokontsumorako eta energia-komunitateetarako tailerraz gain, beste lau tailer gehiago egingo dira:

  • Erosotasuna galdu gabe energia efizientziaz erabiliz energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutarazteko tailer bat.
  • Energia-kontsumoa merkatuko elektrizitate tarifetara egokitzeko moduari buruzko tailer bat, gaur egungo merkatu hain aldakorrean interes berezia hartzen duena.
  • “Energia berriztagarriak etxebizitzetan” tailer bat, etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzeko aukeraren berri emateko.
  • “Mugikortasun jasangarria” tailer espezifiko bat, mugikortasun jasangarria eta ibilgailu elektrikoetarako jauzia aztertzera bideratua.

Beste alde batetik, Argituren aurtengo programazioa osatzeko, saio espezifikoak egingo dira Gipuzkoako Lanbide Heziketako sei ikastetxetan, erdi-mailako ikasleei prestakuntza emateko (“Mendetasun egoeran dauden pertsonei arreta ematea”), hartara, etorkizunean zaintzapean dituzten pertsonen eta etxeen energia-efizientzia eta optimizazioa zaindu ahal dezaten: CIFP Easo Politeknikoa (Donostia), IES Urola Lanbide Eskola BHI (Azkoitia), CIFP Aretxabaleta Lanbide Eskola (Aretxabaleta), CIFP Meka Lanbide Eskola (Elgoibar), IES Plaiaundi BHI (Irun) eta Inmakulada Lanbide Eskola (Tolosa).

Bi gida praktiko berri ere plazaratzen dira: bata, energia-komunitateei buruzkoa, eta bestea, etxeko autokontsumoari buruzkoa.

 

Donostia, 2022ko martxoaren 4a