Atzealdea GIPUZKOAK EKINTZA KLIMATIKORAKO BERE EREDUA AURKEZTU DU KLIMA ALDAKETARI BURUZKO NAZIO BATUEN COP25 KONFERENTZIAN

Klima aldaketaren Gipuzkoako estrategiaren Ekintza Planak, Gipuzkoa GK2050 izenekoak, 113 milioi euro inbertituko ditu 2018-2020 aldian. Jose Ignacio Asensio: «Tokiko ekintza planak eta herritarren inplikazioa funtsezkoak dira klima aldaketaren aurka borrokatzeko». «Ekintza klimatikoari dagokionez, lurralde aurreratuen artean kokatzen ari da Gipuzkoa».

2019·12·12


GIPUZKOAK EKINTZA KLIMATIKORAKO BERE EREDUA AURKEZTU DU KLIMA ALDAKETARI BURUZKO NAZIO BATUEN COP25 KONFERENTZIAN

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak egunotan Madrilen egiten ari den klima aldaketari buruzko Nazio Batuen COP25 Konferentzian parte hartu du, eta bertan aurkeztu ditu, batetik, klima aldaketaren Gipuzkoako estrategia -GK2050-, eta, bestetik, bere ekintza planean hartutako konpromisoak, zeinetan 114 milioi euro inbertituko baitira 2018-2022 aldian. Helburua da Gipuzkoak berotegi efektuko gasen isurketak % 40 murriztea 2030. urtea baino lehen, eta % 80 2050. urterako. Hori lortzeko, ekintza planak 9 helburu eta 99 ekintza aurreikusten ditu hainbat arlotan, hala nola energia, mugikortasuna, hiri hondakinak, arriskuen prebentzioa, natura ingurunea, nekazaritza eta sektore publikoa.

Asensiok bere hitzaldian adierazi duenez, ikasteko asmoz jo du Gipuzkoak COP25era, bere politika klimatikoak aberasteko asmoz, baina baita ere erakusteko posible dela klimaren erronkari tokian tokiko erantzun zehatz bat ematea. Gipuzkoaren kasuan, foru arduradunak azpimarratu du aurrerapauso oso garrantzitsuak eman direla gure lurraldean: GK2050 estrategiaren onarpena, Naturklima fundazioaren sorrera eta datozen hiru urteetarako 113 milioi eurotik gorako inbertsioak konprometitzen dituen ekintza plan baten definizioa. "Adierazpenetatik harago joateko garaia iritsi da, klimarekiko konpromiso politikoa aurrekontu, arau eta ekintza zehatzekin erakusten baita. Eta hori da Gipuzkoak hartu duen bidea», esan du Asensiok.

 

Ingurumeneko foru diputatuak COP25en Gune Berdean eman du bere hitzaldia. Konferentziaren gune hau elkarrizketarako, sentsibilizaziorako eta erabaki partekatuak hartzeko leku irekia da, eta bertan bateratu egiten dira tokiko gobernuen, erakunde publiko eta pribatuen, ekintzaileen, GKEen, enpresen, unibertsitateen, herri indigenen eta gazteen proposamenak eta parte-hartzeak. Gune honetan parte hartzen dutenek galdera honi erantzun behar diote: Zer adibide edo ekintza zehatz egiten dituzu zuk edo egiten ditu zure erakundeak 2050erako karbonoan neutroa eta klimarekiko erresilientea den planeta bat lortzeko?

Bere azalpenean, Asensiok GK2050 estrategiaren lehentasunezko jarduera eremu gisa aipatu ditu mugikortasuna eta energia berriztagarrien erabileraren hedapena; horiek, berez, emisio guztien bi heren sortzen dituzte (garraioak % 38; energiak % 27). Definitu den ekintza planak garraio publikoaren alde egiten du, trena lehenetsiz, eta Lurraldebuseko autobus flotaren elektrifikazioaren alde. Aldi berean, Gipuzkoa Argituk prestakuntza ematen du, kontsumitzaileen artean aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko; gainera, eskualdeekin jasangarritasun energetikoko planak egiten ari dira. Soilik bi arlo horietan, aurreikusitako inbertsioak 75 milioi eurotik gorakoak dira, eta kopuru horretatik 64 milioi mugikortasunaren arlora bideratuko dira.

 

Estrategiaren lehentasunezko beste arloetako bat da ekonomia zirkularrari dagokiona, berrerabilerarako eta birziklapenerako klusterrekin, hondakinak lehengai bihurtzen dituzten enpresak biltzen baitituzte, aberastasuna eta enplegua sortzeko. Gipuzkoak punta-puntako industriak ditu hainbat sektoretan, hala nola plastikoen tratamenduan, piezen birmanufakturan, ehungintzan eta moda jasangarrian edo agregakinen birziklapenean, bai eta ezagutza sare garrantzitsu bat ere, botere publikoek babestu eta bultzatu beharrekoa. Sektore horretan 5.000 lanpostu daude gaur egun, eta helburua da kopuru hori bikoiztea, 2030ean 10.000 enplegura iritsiz.

Asensiok honako hauek ere aipatu ditu: lurraldearen erresilientzia hobetzeko jarduketak, azpiegitura berdeak garatuz; gure kostaldean eta ibaietan egin beharreko prebentzio eta egokitzapen ekintzak, kontrol eta informazio sistemak instalatuz eta ibai ibilguak leheneratuz; azpiegitura berdeen garapena; elikagai xahuketa murrizteko programak, Elikagaien Bankuarekin eta Basque Culinary Centerrekin lankidetzan, hala nola "Azken minutua" eta "Gourmet bag"; eta Life Lema bezalako programa europarrak, itsas zaborren arazoari aurre egiteko helburuan inplikatutako sektore guztien parte-hartzearekin eta mugaz gaindiko lankidetzarekin. Era berean, foru arduradunak aipatu du zer plan jarri dituen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak erreferentziazko administrazio bilakatzeko: erosketa berdea sustatzeko planak, kontratazio jasangarria sustatzekoak, fiskalitate berdea bultzatzekoak eta eraikin publikoetan energia berriztagarrien erabilera hedatzeko planak, besteak beste.

 

Egindako balantzean, Asensiok datu hau eman du: urte eta erdiko indarraldian, Gipuzkoa GK 2050 hasi da aurreikusitako 99 ekintzen % 64 gauzatzen, eta 6.087.485 € bideratu ditu horien finantzaziora.

Naturklima

Ingurumen Departamentuak bere estrategia bultzatzeko izango dituen tresna dinamizatzaile nagusien artean, klima aldaketaren Gipuzkoako fundazioa dago, Naturklima, zeinaren jarduera aurten hasi baita. Naturklimaren egitekoa da Gipuzkoako Aldundiaren eta lurraldeko gainerako eragile sozial eta ekonomikoen arteko konexio-eragile eta eragile dinamizatzaile izatea, karbono gutxiko gizarte baterako trantsizioa bultzatzeko.  Fundazioak behatoki bat izango du klimak lurraldean dituen eraginak ebaluatzeko, eta dagoeneko aurkeztu du bere lehen txostena, Gipuzkoako BEG isurien inbentarioarekin. Gainera, bere zereginen artean izango ditu ekonomia berdea bultzatzea eta energia berriztagarrien erabilera hedatzen laguntzea.

 

2018-2022ko inbertsioak

Energia

11.152.101,00 €

Mugikortasuna

64.274.925,00 €

Lurraldearen erresilientzia

2.223.292,00 €

Natura ingurunearen erresilientzia

4.505.625,00 €

Lehen sektorearen erresilientzia

1.754.190,00 €

Hiri hondakinak

6.908.940,00 €

Arriskuei aurrea hartzea

9.887.405,00 €

Berrikuntza

760.685,00 €

Erreferentziazko administrazioa

11.820.171,00 €

GUZTIRA

113.287.334,00 €

 

 

Jose Ignacio Asensio: “Klima aldaketa Gipuzkoako agenda politikoaren erdigunean kokatu behar da”.