Atzealdea Gipuzkoako biztanleriak naturarekin duen loturari buruzko azterlan soziologiko berri bat argitaratu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, Gnaturaldia programaren esparruan, lehen aldiz aztertu du Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarrek zer-nolako lotura duten naturarekin —Naturbarometroa—. Azterlanak naturarekiko harreman zuzena eta pertsonala sustatzeko beharra erakutsi du.

2021·03·04


Gipuzkoako biztanleriak naturarekin duen loturari buruzko azterlan soziologiko berri bat argitaratu da

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak herritarrei egindako lehen naturbarometroaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean, naturarekiko lotura-maila eta naturaren kontserbazioaren eta dibulgazioaren aurreko jarrera ezagutzeko. Azterketa 16 urtetik gorako 600 pertsonako lagin batean egin da, hainbat irizpide soziodemografiko kontuan hartuta, hala nola adin taldeak, sexua edo biztanleria-guneen tamaina desberdinetako kide izatea.

Ikerketaren lehen ondorioa da, oro har balioa ematen zaio naturari; izan ere, Gipuzkoako biztanleriaren ia % 68k dio natura asko estimatzen duela. 31-50 urte arteko adin tartea da estimu indize onenak dituen targeta, eta 65 urtetik gorakoena, aldiz, indize baxuenak dituena. Naturaren estimu mailarekiko alde nagusia udalerriaren tamaina da: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan, % 74 dira natura asko estimatzen duten pertsonak, eta 25.000 pertsonatik gorako udalerrietan, aldiz, indize hori % 61era jaisten da.  Generoari dagokionez, emakumeek naturarekiko estimu indize handiagoa dute gizonek baino (emakumeen % 69,6k dio asko estimatzen duela natura; gizonen artean, berriz, % 66k dio hori).

Hala eta guztiz ere, nabarmendu behar da gizonak direla naturarekin harremanetan jartzeko maiztasun handiena dutenak (gizonen % 89,7k dio naturarekin harremanetan egoten dela maiz edo nahiko maiz; emakumeen artean, aldiz, % 85ek). Naturarekiko maiztasunari dagokionez ere, 10.000 biztanletik beherako udalerriek indize handiagoak dituzte udalerri handietan baino (udalerri txikietan bizi direnen % 54,6k dio naturarekin oso harreman ohikoa duela, eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietan, berriz, % 33,9k).

Egindako inkestek erakutsi dute, bestalde, biztanleek pertzepzio maila handia dutela naturarekiko harreman pertsonalak norberaren osasunean dituen onurei buruz. Hiru gipuzkoarretatik bik uste dute naturarekin duten harremanak oso eragin positiboa duela beren osasunean. Pertzepzio hori handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, eta bereziki, adin talde gazteenetan. Herritarren arabera, hauek dira naturan egotearen onura emozional nagusiak: gogo aldartea hobetzea, baikortasuna, antsietatea murriztea eta gorputzaren eta gogamenaren arteko lotura hobetzea. Naturaguneetan gaudenean egiten diren jarduerei dagokienez, hauek dira aipagarrienak: oinez ibiltzea, natura behatzea eta familiarekin eta lagunekin bertan egotea.

Alderdi horiek eta beste asko gipuzkoarrek naturarekin duten harremanarekin, natura kontserbatzeko kezkarekin eta hura zabaltzeko interesarekin lotura dutenak, azterlan berritzaile honetan kontsultatu daitezke.

 

Dokumentazioa