Atzealdea Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea

2020·11·24


Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea

 

 

Moda iraunkorra lortzeko urratsak, kulturaren, migrazioaren eta jasangarritasunaren bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Emaús Gizarte Fundazioak moda iraunkorra bultzatzen laguntzeko proiektu bat gauzatu dute, kulturaren, migrazioaren eta iraunkortasunaren esparrua uztartuz. Horretarako, hainbat herrialdetako jantzi tipikoak sortu dituzte, ehun-hondakinetatik abiatuta, hainbat herrialdetako kultura-elkarteekin lankidetzan.

José Ignacio Asensio: «Proposamen honen bidez, moda iraunkorraren sektorea beste sektore batzuekin lotzeko helburua lortzen laguntzen dugu; kasu honetan, ehungintzaren, sektore pribatuaren eta gizarte-sektorearen arteko lankidetza hirukoitza proposatzen dugu; eta trakzio-elementu gisa ekonomia zirkularra hartzen dugu, moda iraunkorrari lotutako gizarte-ekimen baten bidez».

Javier Pradini: «Helmuga da proiektuaren izena, eta helmuga partekatuz gero, askotarikoa izango da, kultura anitzekoa eta, aldi berean, ingurumenaren ardura eta zainketa berak elkartuko gaitu».

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Emaús Gizarte Fundazioak moda-jarduera iraunkorrak bultzatzeko proiektu bat gauzatu dute, Gipuzkoan kulturaren, migrazioaren eta jasangarritasunaren esparrua uztartuz “Helmuga proiektua” izeneko ekimen honen bidez, hezkuntza-munduko hainbat eragile gipuzkoarrek (AEG Ikastetxea) eta moda iraunkorreko Gipuzkoako klusterraren diseinatzaileek, ‘GK Green Fashion’, jantzi tipikoak berrinterpretatu dituzte ehun-hondar edo ehun-hondakinetatik abiatuta, hainbat herrialdetako kultura-elkarterekin lankidetzan.

Andaluzia, Galizia, Italia, Herrialde Nordikoak, Ukraina, Maroko, Ghana, Kuba, Kolonbia, Mexiko, Nikaragua eta Peruko jantziez gozatuko dugu. Gainera, jantzi horietako batzuk azaroaren 28an Miramar Jauregian egingo den moda iraunkorreko desfilean parte hartuko dute.

Ekimen honi esker, Gipuzkoako industriarekin lankidetza harreman bat ezarri da ehun-hondakinak zirkulartasunean bideratzeko. Lehenik eta behin, AEG Ikastetxea ehungintzako ikastetxearekin batera diseinu eta jantzigintza fasean sartzeko materiala aukeratu da. Era berean, material horietatik abiatuta, ‘GK Green Fashion’-en diseinatzaileek migratzaileek deskribatutako jantzi folklorikoen berrinterpretazioa egin dute, jatorrizko herrialdeetako jantzien folklorean oinarrituta.

Proiektu hau Gipuzkoako bost udalerritan garatu da: Arrasaten, Errenterian, Zarautzen, Irunen eta Donostian; eta AEG Ikastetxeko ikasleek eta ‘GK Green Fashion’ klusterreko Ane San José, Fanny Alonso, Oihane Pardo, Mónica Lavandera eta Tytti Thusberg diseinatzaileek parte hartu dute. Ehun-erretalak Irizarretik eta Ternuatik datoz.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, «proposamen honekin moda iraunkorraren garrantzia ikusaraztea eta nabarmentzea lortzen dugu. Era berean, moda iraunkorreko Gipuzkoako klusterraren helburuari laguntzen diogu, moda iraunkorraren sektorea beste sektore batzuekin lotzeko; kasu honetan, ehungintzaren, sektore pribatuaren eta gizarte-sektorearen arteko lankidetza hirukoitza proposatzen dugu, ekonomia zirkularra trakzio-elementutzat hartuz, moda iraunkorrari lotutako gizarte-ekimen baten bidez».

Emaús Gizarte Fundazioko zuzendariak, Javier Pradinik, azaldu du azken emaitzak garrantzia duela, baina «guretzat garrantzitsua da prozesua, bidea. Horrek pertsona desberdinen arteko elkarrizketa ekarri du, bestela ez baitziren ziur aski ezagutuko. Kultura desberdinak hurbiltzeak eta uneak partekatzeak hurbildu eta aberastu egiten gaitu. Helmuga da proiektuaren izena, eta helmuga partekatuz gero, askotarikoa izango da, kultura anitzekoa eta, aldi berean, ingurumenaren ardura eta zainketa berak elkartuko gaitu».

Gogoan izan behar da ehungintzaren ingurumen-inpaktua oso handia dela. Hala erakusten dute Europako Enpresa Iraunkorren Federazioak 2019an aurkeztutako “Moda zirkularraren defentsa” txostenean emandako datu batzuek. Txosten horren arabera, arropa ekoizteko erabiltzen diren materialen % 73 zabortegietara edo erraustegira bidaltzen dira. Gaur egun, arropa ekoizteko erabiltzen den materialaren % 1 baino gutxiago birziklatzen da. Gainera, adierazi du ehunen ekoizpenak berotegi-efektuko gas gehiago sortzen dituela nazioarteko garraioak baino, substantzia arriskutsuek ihes egiten dutela ingurumenera eta jantziak egiten eta erabiltzen dituztenen osasunari eragiten diotela, eta garbigailuan arropatik askatutako plastikozko mikrozuntzek ozeanoak kutsatzen dituztela.


Donostia, 2020ko azaroaren 23a