Atzealdea Hondakinen Prebentziorako Europar Astea Salneurri apaleko modaren ondorioez herritarrak sentsibilizatzeko tailerrak

Jose Ignacio Asensio: «Gure egitekoa da herritarrei moda jasangarriaren garrantzia helarazteko beharrezko tresnak eta ezagutza ematea eta, horrekin batera, Gipuzkoako ehungintza gure eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzea».

2019·11·18


Hondakinen Prebentziorako Europar Astea Salneurri apaleko modaren ondorioez herritarrak sentsibilizatzeko tailerrak

Hondakinen Prebentziorako Europar Astearen harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak herritarrak «low cost» modaren ondorioen inguruan sentsibilizatzeko kanpaina egingo du, Emauseko Gizarte Taldearekin batera, "Moda aldatu, zirkulua itxi" izenekoa. Gaur goizean karpa bisitatu dute Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Javier Pradini Emauseko Gizarte Fundazioko zuzendariak. Donostiako Urdaneta pasealekuan jarritako karpa batean garatuko da proposamena, azaroaren 16tik 24ra, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era.

Karpa horretan, hainbat jarduera egingo dira: «low cost» modaren arazo eta ondorioei buruzko erakusketa bat egongo da; ehun-hondakinaren kudeaketan dauden aukera zirkularrei buruzko beste erakusketa bat; ehun-bilketa bat egingo da, eta, horretarako, edukiontzi bat jarriko da herritarrek baztertzen duten arropa bota eta karpan aste osoan sailkatu eta tratatu ahal izateko; benetako simulazio praktikoa egingo da, gure etxeetan sortzen den ehun-hondakina sailkatzeko; arropa sailkatu ondoren, ehun-balorizazioan sortzen den fluxu bakoitza aztertuko da; ondoren, ariketa bat egingo da arropa berrerabilgarri gisa sailkatuta; eta, azkenik, parte-hartzaileek jantzi bat eraman ahal izango dute, opari gisa.

 

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azaldu duenez,  «gure egitekoa da herritarrei moda jasangarriaren garrantzia helarazteko beharrezko tresnak eta ezagutza ematea eta, horrekin batera, Gipuzkoako ehungintza gure eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzea».

 

Ehungintzak ingurumenean duen eragina oso handia da. Hori adierazten dute Enpresa Jasangarrien Europako Federazioak 2019an aurkeztutako «moda zirkularraren defentsa baten alde» txostenean emandako datuetako batzuek: arropa egiteko erabiltzen diren materialen % 73 zabortegietara bidaltzen dira edo erraustu egiten dira. Gaur egun, jantziak ekoizteko erabiltzen den materialaren % 1 baino gutxiago birziklatzen da. Ehunen ekoizpenak berotegi efektuko gasen emisio handiagoak sortzen ditu nazioarteko garraioak baino. Substantzia arriskutsuek ingurumenera ihes egiten dute, eta jantziak egin edo erabiltzen dituztenen osasunean eragiten dute. Garbigailuan jantzietatik askatutako plastikozko mikrofibrak ozeanoak kutsatzen ari dira.

 

Baina zifra horiek ez dira hor geratzen. Global Fashion Agendak eta Boston Consulting Groupek egindako «2017ko modaren industriaren pultsua» izeneko beste txosten baten arabera, 2015ean ehungintzak eta, zehazkiago, jantzigintzak 79 mila milioi metro kubiko ur kontsumitu zituzten eta 1,7 mila milioi tona CO2 isuri zituzten.

 

Gainera, Espainian, pertsona bakoitzak, batez beste, 34 janzki kontsumitzen ditu urtean, eta 12 eta 14 kilo arropa artean botatzen ditu, Ehunezko Birziklatzearen Iberiar Elkartearen (ASIRTEX) txosten baten arabera. 2007-2015 aldian, familia bakoitzak arropetan egiten zuen gastua jaitsi egin zen, baina, aldiz, kontsumitutako jantzien kopurua mantendu egin da: horrek erakusten du «low cost» edo salneurri apaleko modak izan duen gorakada.