Atzealdea Ingurumen Sailak jardunaldi iraunkorra eta solidarioa antolatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankurako dirua biltzeko

Jardunaldi Iraunkor eta Solidarioak lurraldeko ostalaritzako, gizarteko eta ekonomiako ordezkariei zuzenduta dago, eta elikagaien xahutzeak dakartzan ingurumen- eta ekonomia-baliabideen xahutzeari buruzko kontzientziazioa sustatzea du helburu. COVID19 pandemiak eragindako osasun- eta ekonomia-krisiaren ondorioz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren laguntza behar duten pertsonen kopurua %35 handituko dela aurreikusten da. Jose Ignacio Asensio: “Elikagaien xahutzea arazo global, etikoki onartezin, sozialki bidegabe eta ekonomiko eta ingurumenaren aldetik jasanezina den arazo bat bezela ikusi behar da”

2020·07·16


Ingurumen Sailak jardunaldi iraunkorra eta solidarioa antolatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankurako dirua biltzeko

Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Jardunaldi Iraunkorra eta Solidarioa antolatu du “Mahaia” sukaldarien kolektiboarekin eta Basque Culinary Center erakundearekin lankidetzan, elikagaien xahutzeari buruzko kontzientziazioa areagotzeko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuari funtsak biltzen laguntzeko, COVID19 delakotik datorren osasun- eta ekonomia-krisiaren egungo egoeran aurreikusten diren beharrak areagotuko direla aurreikusirik.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, “gaur egungo egoeran, Elikagaien Bankuaren zerbitzuak behar dituzten pertsonen kopurua handituko duen krisi soziala aurreikusten da”. Belén Méndez de Vigok, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakariak, gaineratu duenez, “pertsona gehiagok beharko dute laguntza COVID19 pandemiaren ondoren. Kalkuluen arabera, aurreko krisialdian iritsi ginen 24.500 lagun ingurutra iritsiko gara. Gaur egun, 18.000 inguru hartzen ditugu.”

“Elikagaien xahutzea Gipuzkoan” izenburupean, uztailaren 22an izango da, Basque Culinary Centerren, 17:00etatik 19:30era. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak inauguratuko du saio hau. Helburua elikagaien xahuketari buruzko sentsibilizazio soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa nabarmentzea da. Foru diputatuak gogorarazi du janaria alferrik galtzean «kontsumitu gabeko elikagaia ez ezik, horiek ekoizteko erabili diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen direla»; esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura eta hura ekoitzi, eraldatu eta garraiatzeko erabilitako energia, eta berotegi-efektuko gasen emisioak. «Horrenbestez, elikagaien xahutzea arazo orokor gisa ulertu behar da, etikoki onartezina, sozialki bidegabea, ekonomikoa eta ingurumenaren aldetik jasanezina den arazo gisa», esan du Asensiok

 

Gaur egungo kalkuluen arabera, giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru xahutzen da mundu osoan, horrek dakarren kostu ekonomiko eta ingurumenekoarekin. Gipuzkoan, 123.000 tona elikagai xahutzen dira urtean (hondakinen %23 eta galeren %77) nekazaritzako elikagaien katean.

Inaugurazioaren ondoren, Prosaluseko Yolanda García eta Héctor Barcorekinekin jarraituko du jardunaldiak, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko etxeetan elikagaiak alferrik galtzearen azterketa egingo dute. Ondoren, Donostiako Impac Hub-eko Xabier Arizmendik Aldundiko Ingurumena Zuzendaritzarekin elkarlanean egin duten Gourmet Bag 2.0ren proiektua ulertzeko gakoak aurreratuko ditu, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Carlos Martínez Navarrok lantzen ari diren errealitate sozial berrian aurre egin behar dieten erronkak erakutsiko ditu. Amaitzeko, mahai-ingurua egingo da, Begoña Rodríguez BCC Innovationeko zuzendariak moderatuta; aurretik aipatutako hizlariez gain, Mahaia Kolektiboko Ander Gonzálezek hartu dute parte bertan. Aretoko leku-kopurua mugatua da, eta prebentzio-protokolo guztiekin egingo da jardunaldia; beraz, parte hartu nahi duten guztiek izena eman behar dute helbide honetan: ingurumenzuzendaritza@gipuzkoa.eus

Bestalde, uztailaren 22an bertan, gauean, afari jasangarri eta solidarioa egingo da Basque Culinary Center-en dirua biltzeko. Aforo mugatuko ekitaldi honek lurraldeko sektore ekonomiko, instituzional eta sozialetako eragile nagusiak bilduko ditu. Helburua Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetza ekonomikoa sustatzea da, familia erabiltzaileen beharrak areagotuko dire aurreikuspena kontuan hartuta. Mahaia taldeko sukaldariek prestatuko dute afaria; iraunkortasuna, ekoizpen ekologikoa, 0 kilometroa eta elikagaiak ez xahutzearen irizpideetan oinarrituta.

Jardunaldi hau Gipuzkoako Foru Aldundiak lantzen dituen garapen iraunkorreko helburuei erantzuten die, eta lurraldeko beste leku batzuetan eta egokitutako beste formatu batzuekin egingo dira aurrerantzean honakoa bezelako beste ekintza batzuk, elikagaien xahutzeak dakarren arazoarekiko sentikortasuna sustatzeko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetza sustatzeko.