Atzealdea

Ingurumeneko Departamentuak sakabanatutako 500 zabor-gune baino gehiago identifikatu ditu Gipuzkoan

2020·06·26


Ingurumeneko Departamentuak sakabanatutako 500 zabor-gune baino gehiago identifikatu ditu Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak inbentario bat egin du lehen aldiz, lurraldean sakabanatuta dauden zabor-gune nagusiak identifikatzeko eta hondakinak prebenitu eta murrizteko neurri-sorta bat zehazteko.

José Ignacio Asensio: “Lan partekatua eta koordinatua bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, Gipuzkoan identifikatu ditugun sakabanatutako 536 zabor-guneak pixkanaka ezabatzeko eta proposatutako zuzenketa eta prebentzio-neurriak eraginkortasunez gauzatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak azterlan bat egin du lehen aldiz lurralde mailan, zabor sakabanatuen arazoa aztertzeko. Inbentario hori, gaur goizean Tabakaleran aurkeztua, Gipuzkoako kostaldeko, ibaietako eta lurreko inguruneetan egin da, lurraldean sakabanatuta dauden zaborren jatorri eta pilaketa nagusiak identifikatzeko eta zaborrak prebenitu eta murrizteko neurri-sorta bat zehazteko, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko neurrien bidez.

Guztira, sakabanatutako 536 zabor-gune zenbatu dira Gipuzkoan; 44, kostaldean; 359, lurrean; eta 133, ibaietan. Inbentariatutako puntu guztietatik, % 29k arrisku handia edo oso handia du, % 26k arrisku ertaina eta % 45ek arrisku txikia edo oso txikia.

Gainera, itsasertzean eta ibaian inbentariatutako puntuen % 50ek baino gehiagok arrisku-maila handia edo oso handia dute; lurrean, berriz, inbentariatutako puntuen % 14k baino ez dute arrisku-maila handia edo oso handia. Beraz, kostan eta ibaian zabor sakabanatuak eragindako guneen proportzioa handiagoa da lurrean baino.

Kostaldearen kasuan, 44 foku identifikatu dira: 8 arrantza eta kirol-portuetakoak dira, 30 kala, flysch eta paduretakoak, 3 begiratoki eta kostako bazterguneetakoak, eta 3 industrialdeetakoak eta garbigunetakoak, kostaldeko lerroaren ondoan. Kostaldean inbentariatutako puntu guztietatik, % 50ek arrisku handia edo oso handia dute, % 39k arrisku ertaina eta % 11k arrisku txikia edo oso txikia.

Lurraren inguruneari dagokionez, 359 gune inbentariatu dira, 256, jarduera ekonomikoko eremuetakoak, hala nola, enpresa-poligonoak, merkataritza-zentroak edo hornitegiak; 15, hirigunetakoak (aparkalekuak, txabolen kokalekuak eta abar); eta 88, natur ingurunekoak. Foku horietatik, % 14k arrisku handia edo oso handia dute, % 25ek arrisku ertaina eta % 61ek arrisku txikia edo oso txikia.

Azkenik, ibai-ingurunearen emaitzei dagokienez, 133 gune identifikatu dira. Horietatik 57 Oria ibaiaren eta haren ibaiadarren zatietan daude, 32 Deba ibaia eta haren ibaiadarretan, 20 Urola eta Ibaieder ibaietan, 11 Urumea eta Igara ibaietan, 4 Oiartzun eta Arrarte ibaitetan eta 2 Bidasoa eta Jaizubian. Arrisku-mailari dagokionez, % 62k arrisku handia edo oso handia du, % 22k arrisku ertaina eta % 21ek arrisku txikia edo oso txikia.

2020-2024 Ekintza Plana

Arazo horri irtenbidea eman ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 2020-2024 urteetarako ekintza-plan bat zehaztuko du. Guztira 24 ekintza izango ditu. Gipuzkoan sakabanatutako zaborren arazoa hobetzeko eta zuzentzeko egingo dira. Jarduketa horiek herritarren informazio eta sentsibilizazio, prebentzio eta zuzenketa, jarraipen eta zaintza arloetan garatuko dira.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak lan partekatua eta koordinatua bultzatzeko konpromisoa hartu du, proposatutako zuzenketa eta prebentzio-neurriak eraginkortasunez gauzatzeko, Gipuzkoan sakabanatuta dauden 536 zabor-gune horiek pixkanaka ezabatzeko”.

Itsasoko ingurunean zaborra isurtzea gero eta arazo global handiagoa da, eta arazoa konpontzeko neurriak hartu behar dira. Europako Ingurumen Agentziaren (EEA) arabera, urtero 10 milioi tona zabor inguru joaten dira munduko itsaso eta ozeanoetara. Era berean, gutxi gorabehera % 80 lurretik datorrela kalkulatzen da, neurri handi batean kontzientziazio publiko faltagatik, ibaietako ibilguetan amaitzen diren hondakinak kontrolik gabe isurtzea eragiten baitu, eta azkenean itsasoetara eta ozeanoetara iristen da.

Bizkaiko Golkoa ez da itsas zaborretatik kanpo geratzen. Oro har, Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdeko egoera kutsadura ertainekoa dela esan genezake, beste itsaso batzuetakoarekin alderatuz; adibidez, Mediterraneokoa, zaborrengatiko kutsadura handia baita. Hala ere, gaur egungo egoera prebentzio eta zuzenketa ekintzak indartu beharra dakarren adierazletzat hartu behar da.

 

Donostia, 2020ko ekainaren 26a