Atzealdea Itziar Eizaguirrek zuzenduko du Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Fundazioa

2018·10·16


Itziar Eizaguirrek zuzenduko du Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Fundazioa

Gaur goizean Gipuzkoako Klima Aldaketa Fundazioaren patronatua bildu da bere zuzendari nagusiaren izendapena gauzatzeko. Itziar Eizaguirre Zuzenbidean lizentziaduna eta ingurumenean aditua izango da Fundazioaren zuzendaria.

Uztailean eratu zuen Gipuzkoak Klima Aldaketari aurre egiteko Fundazioa, bere patronatua egituratu zuen eta Miramongo teknologia parkean ezarri du bere behin-behineko kokalekua, harik eta behin betiko azpiegitura eraikitzen den arte, Eskuzaitzetan.

Itziar Eizaguirre Zuzenbidean lizentziaduna da eta Ingurumen Zuzenbidean masterra du. Jarduera profesional nabarmena du eta ingurumenean prestakuntza handia. Eizaguirrek esperientzia nabaria du laguntza juridiko eta teknikoan ingurumen aholkulari gisa, garapen jasangarrian eta Gobernu Onean espezializatua. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle jardun da ere.


Beraz, fundazioaren lehendakaria José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua izango da eta Itziar Eizaguirrek zuzenduko du. Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxaso izango du lehendakariorde, eta, idazkari, berriz, Félix Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendaria. Fundazioak laster ekingo dio bere jardunari.

Entitate horrek hiru jarduketa-ardatz hauetara bideratuko du bere jarduera: behatoki bat sortzea, berotze globalak Lurraldeari zenbateraino erasaten dion neurtzeko eta aztertzeko; ekonomia zirkularra bultzatzea, birziklatzearen industria eta ekonomia berdea sustatuz; eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak sustatuz. 

 

Honen inguruan José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Fundazioaren lehendakariak nabarmendu du gure lurraldeak plan estrategiko bat garatu behar duela etorkizuneko Gipuzkoa gaurkoaren desberdina izateko, “berotegi efektuko gas isurketak murriztuz, gaur egungo energia mendekotasuna gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez". Halaber, Asensiok gogora ekarri du klima aldaketa Gipuzkoak duen erronkarik handiena dela etorkizunera begira, “ezinbestekoa da eraginkorki aritzea eta plangintza zein bitarteko egokiak edukitzea”.

 

Foru arduradunak nabarmendu du gogoan izan behar dugula "klima, ingurumen alorreko erronka bat izateaz gain, garapen eredu berri eta jasangarriago bat garatzeko aukera ere badela”. Horri dagokionez foru ordezkariak gogorarazi du Europako Batzordeak 2018an onartu zuen ekonomia zirkularraren paketeak 6.000 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa duela diru laguntzak eta finantzaketa eskaintzeko, eta Klima Aldaketaren Zentroaren helburuen artean dagoela Gipuzkoak aukera berri horietan parte hartzea.