Atzealdea HONDAMENDIA antzezlana eta dagokion proiektu pedagogikoa

Egitasmoaren izena : HONDAMENDIA antzezlana eta dagokion proiektu pedagogikoa

Eragilea : Artedrama – Axut!

Telefonoa
615779511
Kontaktua
Iasone Parada

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Antzerkia

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Musika
Plastika
Zein balio sustatzen ditu
enpatia, ekologia, kooperazioa, ikuspegi kritikoa, euskara.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH 3, DBH 4, Lanbide Heziketa
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Aretoaren arabera
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

3.000€ (BEZ salbuetsia)

Jardueraren deskribapena:

Nerabezaro eta gaztarokoa garai berezia da, norbanakoak nor diren eta nor izan nahi duten adierazteko garaia. Eta ikuspegi horretatik antzerkia bitarteko ideala da gure ustez. Saiatzen gara antzerkigintza ulertzen semantikoa eta sozialaren artean lotura egiten duen tresna moduan, etengabe ari gara horretan eta are funtsezkoagoa bilakatu da hori gure ikasle gazteen garapenean, bizi dugun kontestuan, zeinetan isolamendua handituz joan den, espaziodenboraren arteko markak galduz.

Diziplinen arteko proiektu pedagogiko bat jorratzen dugu: euskara, natura, plastika musika... HONDAMENDIA ikusgarriko gaietatik abiatuz, ahotsa eta gorputza landuz antzerki tailerra ikasleek berek idatzitako testuak garatuz. Hots, idazkera tailer eta metodoak irakasleei eta ikasleei transmititzeko ariketa sinple eta baliagarriak proposatzen ditugu. Euskarari balio erantsi bat eskaintzen diogu.

Euskaraz egiten duguna, euskaraz soilik egin dezakegu. Sormen esparrua berriz asmatzeko aukera irekia da, eta paradaz jabetu behar dugu: idazkera, irudimena, gorputza, elkarbizitza. Horrek animazio eta entretenimendutik urruntzen gaitu, sormen partekatutik hurbiltzeko, artearekiko lotura afektiboa gauzatzeko aukera eskainiz. Joko eredu ezberdinak lantzen ahal ditugu, jokatzeko espazioaren eta gunearen arabera (antzokia, plaza, kameraren aurrean agertzea). Jokoa landuz, gorputzarekiko harremana, generoen arteko loturak eta ezagutzak edo taldean bizitzeko aukerak lantzen dira.

Gazteak antzerkiarekin buruz buru jarri nahi dituen dinamika berri batean gaude. Ikasgelan bertan, ikastetxean bertan eta antzokietan ere bai. Hiru espazio horiek sinbolikoak direlako, gazteek beharrezkoak dituzten transmisio guneak.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Gure proposamenak bi atal dauzka. Alde batetik, ikastetxean bertan lantzeko erantsitako txosten pedagogikoa jartzen dugu irakasleen eskura. Txosten honen erabilpenari buruzko xehetasun eta gomendioak emateko, txostena bera egin duen eta gure antzerki taldeko kide den Arantxa Hirigoyen irakasle ohiaren laguntza izango dute irakasle parte hartzaileek (1-2 ordu).

Gainera, hala nahi izan ezkero, gure konpainiako kideen eskutik antzerkirako hurbilpen gisa ikastetxean antzerki tailerrak jasotzeko aukera ere badago (1 ordu ikasgela partehartzaile bakoitz).

Bestetik, (aurreko bi pausuak, edo gutxienez lehena burutata) landutako gaiak eta teknikak oholtza gainean, antzerkia den arte disziplinan ikusiko dira: HONDAMENDIA antzezlana herriko antzokian. Emanaldia bukatu eta jarraian, aktoreekin solasaldia egiteko egongo da.

*Ikasleei zuzendutako emanaldia antolatu ahal izateko, beharrezkoa/komenigarria da herriko programatzailearekin harremanetan jartzea (gure bitartez izan daiteke), egokiena baita emanaldi publikoa egiten den egun berean, biharamunean edo bezperan egitea eskolarra.

Jarduerari buruzko txostena:

TXOSTEN PEDAGOGIKOA

I. AITZINSOLASA.
Antzerkia oro har gertakizun berezi bezain magikoa da. Antzerkilariek, hitzekin, keinuekin, gorputzarekin, musikarekin, irudiekin edo apainketarekin haien barne bizipen eta sentimenduak taularatzen dituzte espazio batean. 

Antzezlan baten ikustera joatea ez da gertaera kontsumitzaile hutsa, baizik eta zuzenean bizitzen den une berezia. Zentzua hartzen du antzerkilaria eta ikusle/ikaslearen arteko elkarretaratzea gertatzen delarik eta harreman hori ikasgelan oihartzun bilakatzen delarik.

HONDAMENDIA ikuskizuna ikasleekin lantzeko hainbat tresna proposatzen dizkizuegu. Antzezlanean nagusitzen den gaia sakontzeko xedearekin, dokumentu mota anitza eta eskuragarria aurkituko duzue bertan : entzungaiak, artikuluak, bertsoak, kantuak, dokumentalak, literatur testuak... ahozkoa nahiz idatzizko konpetentziak lantzeko sarbide ezberdinak. 

Sorkuntza berri honek natura, estetika, kultura eta ekonomiaren arteko talkari egiten dio oihartzun. Kontakizuna espazio abstratku eta birtual batean kokatzen da. Pantaila, irudi eta audioen arteko kazetari garaikide baten ikuspundua izanen da ikuslearen ardatz nagusia.

Istorioa labirinto baten moduan eraikiko bada ere, ekintzak gordetzen duena mundu bat da. Ondoeza eta oinaze guziak ezin dira hitzez marraztu. Hitzak berak ulertzeko molde asko dagoelako, eta bizitza bera gaizki ulertu handi batean oinarritua baita. Idazkerak isiltasunari leku berezi bat emanen dio: ez duguna erran, ezin dena erran, eta sekula erraiten ausartuko ez garena agerian uzteko. Bideoak ardatz eszenografiko nagusia osatuko du.

Pertsonaiak egoera jasangaitz batean murgilduz, maskarak kentzea behartuak izanen dira. Bakoitzak erran, pentsatu eta egiten duenaren arteko distantzian, barne konfliktoak ez lehertzeko, ukapenean autokonbentzitzen saiatuko dira. Egoera absurdotan murgildurik, norbera bere pertsonaren izaera basatiaren ondotik pasatzeko arriskuak eta arrangura nagusituko dira. Noiz abandonatzen dugu gure burua erosotasunaren besoetan, traizio txikiz, pausoz pauso, garena ukatu arte? Mundua gurpil zoro batean sartu bada ere, gu horretatik ateratzen ahal gara.

II. TALDE ARTISTIKOA.

ZUZENDARITZA :
Ximun Fuchs
IDAZLEA : 
Harkaitz Cano
AKTOREAK : 
Ander Lipus
Maite Larburu
Manex Fuchs
Ruth Guimerá
Eneko Gil
Ane Sagues
Jon Ander Urresti
BIDEOA :
Maialen Beraustegi
KOREOGRAFIA : 
Philippe Ducou
MUSIKA : 
Maite Larburu, Asier Ituarte
ESZENOGRAFIA : 
Fran Dussourd
ARGIZTAPEN DISEINUA : 
David Bernués
SOINU DISEINUA : 
Philippe Barandiaran

III. SINOPSIA. 

2020ko otsaila. Zaldibarko luizia. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo zorte txarra. 

2020ko martxoa. Egia, egitatea, kontakizuna... Baina samina, nola adierazten da samina mundua pandemia batek izoztu duenean? Pantailek hartu dute hitzaren tokia, zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. 

2022ko otsaila. Zaborrari aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera hutshutsean maitatu behar dugun intuizioa. Astero langile bat hiltzen da beharrean. Astero. 

8 antzerkilari, musikari edo dantzari. Ez da deus berririk eta ez da deus originalik. Geure lanak eta ezinak ez dira aurreko belaunaldien lanen eta ezinen gainean eraikitzen, haiengandik jaso ditugun hondakinen gainean baizik; zaborraren sumindura eta garrasia. 

Pandemiak aro oso bat desagerrarazi du, fisiko eta ukigarriak diren gauzen garaia, besteak beste. Baina desagertu den garaia ez dugu oraindik ahaztu. Alta, badira hainbat kontu desagertu ez arren, ahaztu egiten ditugunak etengabe. Bi horien arteko bidegurutzean bizi gara. Zer da ahaztu duguna, baina, desagertu ez dena? Desagertu den zer daukagu oraino gogoan? Zaborrarekin ez al dugu menturaz antzeko moduan jokatzen? Jartzen ahal dugu edukiontzian zaramaren poltsa egunero eta guk sortua dela ahaztu, baina, ez da horregatik lurrazaletik desagertzen. 

Hondarkindegi eta zabortegien historia hertsiki lotua da pandemiei.

IV. ERRONKAK.
Nola erakarri gazteak gisa bereko gai baten inguruan ?
Zer-nolako esperientzia kolektiboak proposatu, norberaren galdera intimoak kondutuan hartuz eta parez pare jarriz ?
Nola landu gaiaren sakontasuna, arlo eta bide ezberdinak nahasiz: antzerkia, literatura, bideogintza, kazetaritza ?
 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Arantxa Hirigoyen. Donostian Euskal Filologia ikasi ondoren eta doktoregotza buruturik Baionan, 17 urtez euskara irakaslea izan da Ipar Euskal Herrian. Hainbat urtez, irakaskuntza eta antzerkia, bereganatu dituen bi mundu dira. Emozio edo sentimenduak euskaraz transmititzeko lekuen arteko harremana landu, teorizatu eta praktikan jarri du: ikastetxea, hezkuntza arloa, antzokia, artearen arloa. Euskarazko sormen laborategiak sortu ditu, gazteei ibilbide kultural eta artistiko zabala eskainiz. Ikus eta senti dezaten ere, euskara ez dela hizkuntza akademikoa bakarrik, baizik eta euskaraz sortzen ahal dela, euskaraz jostatzen ahal dela eta euskaraz plazera hartzen ahal dela ere bai. 2022/2023 ikasturtean, pertsonalki garatzen hari den txosten pedgogikoa tresnatzat hartuta, HONDAMENDIA antzezlana, irakasle eta ikasleekin landuko du, tailer eta antzerki ateraldietan.