Egitasmoaren izena : OIHANA

Eragilea : Itzuli

Telefonoa
0033 6 79 83 25 19
Kontaktua
Maryse Urruty

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Antzerkia

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Natur zientziak
Teknologia
Gorputz hezkuntza
Zein balio sustatzen ditu
Genero berdintasuna
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
12 urtetik goiti
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Emanaldia ikusteko, antzokiaren arabera izanen da, hau bete arte. Dantza/antzerki tailer batean : 25-30 ikaslek parte hartzen dute.
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

2200 euro (BEZa gabe) emanaldia + 60 euro (BEZa gabe) mediazio tailerra. (Mediazio bat gela batentzat, nahi ezkero, bi orduak izaten ahalko dira.

Jardueraren deskribapena:

Oihana antzerkia 50 minutuko ikusgarria da, 12 urtetik goiti. 

Sorkuntzaren hasieran, bi astez murgildu ginen Kanboko Xalbador kolegioan gure antzerkia lantzeko eta asko lagundu gintuen. DBHko ikasleei zuzendua da bereziki. Gure proposamenak bi ardatz ditu : bitartekaritza momento bat emanaldiaren aurretik, ikusgarriaren gaiak aurkezteko eta dantza/antzerki iniziazio tailer bat egiteko eta ikusle esperientzia bat emanaldia denboran.

Oihana antzerkian, hainbat gai jorratzen ditugu, ekologia, feminismoa, nortasunaren eraikuntza, euskeraren transmisioa eta ikasleekin loturak errexki egiten ahalko ditugu. Mediazioak ordu bat edo bi ordukoak izanen dira Beroketa batekin hasiko gara eta gero inprobisaketak eginen ditugu ikusgarrian aipatzen diren gai batzuen inguruan. 

Adibidez :

E K O L O G I A
Deskribatzen dugun munduan, Euskaliptusek, espresa kapitalista batek, milurteko baso bat suntsitu nahi du honen ordez eukaliptoak landatzeko, askoz errentagarriagoak direlako. Ikasleekin, militantismo ekologikoaren inguruan eztabaidatzen ahalko dugu, zer diren borroka berriak, zer ezagutzen dute aldaketa klimatikoari buruz. 

F E M I N I S M O A

Gure antzerkian, eszenatokian, emakumeak bakarrik erakusten ditugu eta istorioa haien ikuspuntutik kontatzen dugu. Uste dugu denok identifikatzen ahal garela emakumeen ibilbideekin eta hautu hau azalduko diegu. Nor dira ezagutzen dituzten emakume heroiak ? 
Nola irudikatuak dira pop kulturan ? 

N O R T A S U N A R E N E R A I K U N T Z A & E U S K A R A R E N T R A N S M I S I O A

Gure ipuinean, Oihanak iraganeko dantza bat ikasten du eta honek laguntzen dio bere ibilbidea marrazten. Dantzak euskera irudikatzen ahal badu, beste familiako ohiturak baita ere. Gazteekin, transmisioari buruz ausnartu nahi genuke : zer atxiki nahi dute beste belaunaldietatik, zer aldatu nahi dute ? Zer den haien lotura euskararekin ?

SIPNOSIA

Etorkizun hurbil batean, Oihana, Lur bere amarekin bizi da. Mendeetan zehar, jakintzak eta ohiturak, familiako emakumeen artean transmitituak izan dira dantzaren bitartez. Baina, katea moztu egin da. Oihana, ez da gai hizkuntza hau eta dakartzan sekretuak ulertzeko. Gau batez, Oihana, ametsetan bidaiatzen ahal duela ohartzen da. Ordutik, ausardiaz eta kuriositate haundiz, bere iragana deskubritzera abiatzen da eta honekin batera, hizkuntza misteriotsu hau hitzegiten duten emakumeak ezagutzera.

IKUSKIZUNA

Oihanak, dantza eta antzerkia uztartuz, transmisioa eta identitatearen eraikuntzari buruz hitzegiten digu. Gai unibertsalak izanki, publiko zabal batengana iritsi nahi du eta 10 urtetik aurrerako pertsona orori gomendatua dago. Gure istorio honetan, dantzak, adierazpen kanal bat izateaz gain, jakintza eta sorginen boterea izatera heltzeko behar den formula magikoa irudikatzen du. Ideia honek euskerarekiko duen paralelismoa nabaria da, belaunaldi bat igaro behar izan bait zen transmisioa eten eta hizkuntza guztiz galtzeko. Beraz, istorio hau euskeraz kontatuz, zailtasun guztien gainetik iraun duen transmisioa omentzen dugu; baita gure hizkuntzen aniztasun eta aberastasuna ere. Hauetako bakoitzak, mundua ikuspuntu ezberdin batetik ikusteko aukera ematen digu, hauen irudimen indartsuari esker.

TRANSMISIOA

Etxean, nire ama hizkuntza Euskera izan arren, ez nuen asko baliatu txikia nintzelarik. Horrela, ahaztu egin nuen. Pixkanaka ausardia galtzen hasi nintzen, azaldu nahi nuena adierazteko gai ez nintzelako eta gaizki egingo nuenaren lotsa sortzen zitzaidalako. Hala ere, egun batean lotsa honen aurka tinko borrokatzea erabaki nuen, aspaldiko helburuen bila. Euskera berrikasten hasi nintzen, niretzat berebiziko garrantzia zuelako eta gaur, euskerazko ikusgarriak sortzearen aldeko apustua egiteko gai naiz. Nire amaren hizkuntza delako eta euskerak mundu honetan denboran zehar izaten ari duen bidai honen parte izan nahi dudalako.

Oihanaren istoriak nire bizipenetatik edaten du. Protagonistak, bere izatearen parte bat falta duela sentitzen du eta kezka honek bere baitan ikertzera bultzatzen du. Ikusgarrian, dantza zein sorginkeria, galduta dauden bi transmisio bide dira. Bata, hizkuntza bat da, bestea berriz, kultura bat, hau da, mundua ikusteko ikuspegi bat eta aldi berean talde bilakatzea ahalbidetzen diguten jakintza agortezina. Oihanak, denboran zehar bidaiatzen zein dantza egiten ikasten du,
bere errealitatetik urrun dauden egoeretan sakon murgilduz eta ispiluan bere burua begiratzean, beretzako ezinbestekoa dena deskubrituz.

ANTZERKIA, ZIENTZIA FIKZIOA ETA UTOPIA

Oihanaren istorioa etorkizunean kokatzen da. Fikzioak imaginazio espazio amaigabe bat eskeintzen digun bezala, zientzia fikzioak dimentsio berri batean kokatzen gaitu. Eta egun batean egia bihurtuko balitz? Gehienetan, pentsakera honek distopiara eramaten gaitu. Oihana obran, txanponaren kontrako aurpegia aukeratzen da. Oihana, berekoikerian oinarritutako mundu batean, bere identitearen bila ari da etengabe. Itota, laguntza eskatzen du, bere iraganaren parte diren emakumeak bera erreskatatzeko prest agertzen direlarik. 

Oihana, gazteengandik hasita helduenentzat zuzendutako ikusgarria da eta sortzaile bezala, ikusleari istorio alaiak eskeini nahi nizkioke; argia proiektatzen duten istorioak. Eskeini nahi dudan antzerkiak ikuslegoa aktibatzea du helburu. Hau lortzeko, heroiarekin identifikatzea prozesuaren parte garrantzitsua da; Oihana emakume gaztea da eta sinetsi nahi dut denentzat ariko dela. Protagonistaren abenturan murgilduz eta berarekin ikasiz, norberaren burua eta Oihanaren bizipenen arteko paralelismo magikoak sortuko ditugu. Zientzia fikziozko istorio baten amaiera alai bat aukeratzea, obrako pertsonaientzat
esperantzako mundu bat marraztea da, baina aldi berean, ikuslearen bizipozaren iturria ere izan daiteke.

AURKEZPEN ESZENIKOA

Planteamendu eszenikoaren enborra, gutxi gorabehera hiru metroko altuera duen egitura metalikoa izanen da. Honek, familia etxeko unibertsoaren irudikapena egiteaz gain, oihan sakratuan biziraun duen azken zuhaitza eszenaratzen ere lagunduko du. 

Etorkizunaren irudikapena, materia garden eta apainketa urriekin plazaratzen da, ildo minimalista jarraituz obran zehar.

Argiei dagokienez, urdin tonu hotzak eta su erritualen kolore beroak uztartuko dira, kontraste biziak eraginez.

Azkenik, soinu eta irudiari dagokionez, bi unibertsoen arteko etengabeko bidaia izango da, eguneroko bizipen emozionaletatik sustrai misteriotsuetako ametsetara; milurteko oihanetako argiguneetatik etorkizun digital hotzera.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Emanaldia antolatzeko : Antzoki bat beharko dugu, eszenatokiaren neurriak handiak direlako ; gutienez, 4 metroko altuera, 8 metroko zabalera eta 6 metroko sakontasuna.

Emanaldiak 50 minutu irauten ditu. 
Muntaketa egiteko 6 ordu behar ditugu. 
Desmuntatzeko 2 ordu behar dira.
Bi emanaldi emaiteko prest gara egun berean.
Mediazio saioak klase gela batean antolatzen ahal dira, mahaiak mugituz edo kirol gela batean. 
Ordu batekoak edo bi ordukoak izaten ahal dira.
Txosten pedagogiko bat dugu ere bai.

Jarduerari buruzko txostena:

OIHANAREN PEDAGOGIA

IDENTIFIKAZIOA
Antzerkiaren bitartez, identifikazioa lantzen dugu. Gure istorioaren protagonista nerabea da eta nerabetasun inguruan kezka asko ditu. Desberdin sentitzen da, beste ikasleak bere buruaz trufatzen dira eta sustut lehen aldiz dolu bat biziko du. Alta, bere baitan begiratuz, ahalmen handiak deskubritzen ditu. Oihana emakume gaztea da eta bera protagonista izatea hautu garrantzitsua da. Apostatzen dugu, obra gehienetan ez bezala, ikasle guziak, neska edo mutil, berarekin identifikatzen ahalko direla. Eredu berriak eraikitzea inportantea delako, ikasleekin honen inguruan ausnartuko dugu.

IRITZIAK ERAIKI
Obra zientzia-fikzioan kokatzen bada ere, ikasleei, mundu hau oso ezaguna egiten zaie. Alta, markatzen dugun distantziak eztabaida sortzen laguntzen du. Bizi izan ditugun elkarrizketak bereziki gai horien inguruan izan dira : teknologiaren erabilpena, aldaketa klimatikoa, militantzia edo dolua. Uste dugu antzerkia ausnarketarako tresna biziki boteretsua izan daitekela

IKUSLE AKTIBOA BILAKATU
Mediazioa emanaldiaren aurretik eginen dugu, ikusle esperientzia laguntzeko. Obrak gorputzari leku asko uzten dio eta mediazioetan, ikasleak aktiboak izanen dira. Antzerki eta dantza ariketekin hasiko gara eta gero, gai batzuen inguruan, inprobisaketa sinpleak antolatuko ditugu. Ikusi dugu taula esperientzia ttipi bat emanez, ikasleak ikusle aktiboak bilakatzen direla. Aktore edo taula zuzendari baten lana hobeki ulertzen dute eta eszenatokian gertatzen diren ekintzak gehiago aztertzen dituzte.
 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

TALDE PEDAGOGIKOA

Egutegiaren arabera, aktore edo taula zuzendariak mediazioak eginen ditu. Esperientzia ainitz dugu hezkuntza arloan, antzerki/dantza tailerrak asko antolatu ditugulako konpainiarekin.

MARYSE URRUTY - IDAZLEA ETA ZUZENDARIA
Maryse Urrutyren lotura antzerkiarekin hasi zen lizeoan, Antton Lukuri esker. Gero, Zientza politikoak ikasi zituen baina taularen deia berriz entzun zuen eta L'Ecole  du Jeu-Delphine Eliet antzerki eskolara joan zen. 2015 an, 13R3P konpainia sortu zuen. Frantziako iparraldean eta han Il était une fois l'Internet / Behin Bazen Internet eta Bureau des Exils ikusgarriak atera zituen, bai aktore, idazle eta taula zuzendari gisa. 2017 an, Euskal Herrira itzuli zen eta Cyranoren pertsonaiari gorputza eman zion Hecho en Casa konpainiaren euskarazko bertsioan. Ordutik, mugaren bi aldetan ari da, Atx Teatroa (Bilbo) eta Hika Teatroa
(Donosti) konpainiekin ari da baizki eta Entre les Gouttes eta Itzuli (Baiona) konpainiekin.

BÁRBARA RIVAS - AKTOREA
Barbara Rivas (Zumarraga, 1987) Antzerki fisikoko ikasketak Madrileko RESADen eta Londreseko Rose Bruford College-en egin ditu. Euskal Telebistan egin zituen bere lehenengo lanak; Goenkale eta Goazenen besteak beste. Antzerkian Cyrano obran dabil lanean Baionako Hecho en casa konpaniarekin euskeraz, frantzesez eta gazteleraz antzezten. Bestalde, Arimaz konpaniarekin 3.urtez Donostiako ikastetxeetan bullying-ari buruzko antzerkitailerrean murgilduta eta Oihana ikuskizunaren sorkuntzan Itzuli konpaniarekin.

ARANTXA IRIGOYEN - AKTOREA

Irakasle gisa lanean ari zelarik, hezkuntza arloa eta antzerkigintza bereganatu eta uztartu zituen hainbat urtez. Irakaskuntza utzirik 2019az geroztik Axut ! Kolektiboko kide da. Hezkuntza artistikoa du eremu nagusia, ikastetxeetan tailerrak proposatuz, kudeatuz eta proiektuak gauzatuz, antzerkia eta hezkuntza bi mundu berezi horiek elgarri lotuz, gazteekin eta euskaraz. 2001ean AMA-2 taldea sortu zuen Maialen Fauthoux-ekin. « Tripakiak », « Amakiak » eta « Amatur »  obrak aurkeztu zituzten. Philippe Albor-ekin Haurrock haur kantari taldea sortzeaz gain, ikusgarriak proposatzen dituzte haur gazteendako.

JOANA OLASAGASTI - AKTOREA

Kabareta eta Dantza garaikidean ari da. Bartzelonan ikasi zuen Anna Sanchez -en Varium eskolan. Dantza, antzerkia, zirkoa eta perfotmantzak batzen zituzten proiektuetan aritu da lanean. Dantza inklusiboa (Denei zuzendua den dantza) deskubritzen du Maylis Arrabit eta Adam Benjamin koreografoei esker. Euskara,
frantsesa,katalana, espaniola eta ingelesa mintzatzen ditu. Interes handia du gizakiengan, orduan arte diziplina ugariak eta adin eta egoera ezberdinetako
pertsonekin proiektuak sortzeko gogoa du. Ipar Euskal Herriko irrati eta telebistan ere lan egiten du animatzaile gisa. Bartzelonan Willi Dorner, Els Malnascuts eta Oriol Escurcell konpanietan aritu da. Eta Euskal herrira itzuli denetik konpania ezberdinekin ere ari da, haien artean : Mike Angels, Zarena Zarelako, Ezec Le Floc’h, Batcharte Dantza eta Itzuli.