“Zulo Beltza”

Egitasmoaren izena : “Zulo Beltza”

Eragilea : dar-dar produkzioak gizarte ekimen kooperatiba.

Telefonoa
629210952
Kontaktua
Asier Zinkunegi

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Antzerkia

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Etika
Zein balio sustatzen ditu
Ekimen honek, giza eskubideen inguruan sentsibilizazioa, hausnarketa, formakuntza eta konpromezua bermatzen du. Genero berdintasunaren ikuspegia eta inklusiboa eta irisgarria izatea proiektu guztian dago presente, beste balore batzuk bezala: ekitatea, bizikidetza, gizarte kohesioa,…
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH eta OLHko ikasle guztientzat.
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Emanaldiak gelaka gauzatuko dira eta ikasle kopuruak ratioen araberakoak izango dira (30 ikasle inguru).
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

800€, BEZ zergaz salbuetsia dago.

Jardueraren deskribapena:

Ekimen hau osasun mentala eta giza eskubideen inguruko proiektu bat da, eta 2 urratsekin (sentsibilizazioa + formazioa) eta 3 saioetan gizarte eraldaketa ahalbidetuko duen konpromezua sustatu nahi du.

Adituen esanetan, hainbat faktorek baldintzatu dezakete norbanakoaren osasun mentala: sozialak, biologikoak, psikologikoak, eta beraien artean elkar eragiten dute eta banaezinak dira. Hona hemen bizitzan izan ditzakegun hainbat adibide: egunerokotasunean jasaten ditugun presioak, galerak eta heriotzak, traumak, arazo fisikoak… Eta une honetan aipatu beharrean gaude Covid19a dela eta, gure bizitzetan eta komunitatean jasandako aldaketak, eta sortu duen ziurgabetasuna hainbat alorretan: osasun fisiko eta mentalean, ongizate orokorrean, lan egoera eta ekonomikoaren ziurgabetasuna, isolamendu soziala…

Guzti honek eragin handia dakar gizartean, oro har, eta bereziki, haur eta gazteen ongizate eta osasun mentalean.

Bi atal osagarri ditu:
1. “Zulo Beltza” antzerki emanaldia.
2. Giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa, formazioa eta lanketa.

Ekimenaren bi atalak egun berean edo egun desberdinetan gauzatu daitezke, ikastetxearen nahiaren arabera. Saioak gelaka gauzatuko dira ratioak errespetatuz.
1. Zulo Beltza: Gaixotasun mentalak eta hauen inguruan gure gizartean dagoen tabua, eta sortzen duten gizarte bazterkeriaren inguruko ikuskizuna da. Antsietatea, depresioa, tristura sakona, eskizofrenia, suizidioa eta abar, ukitzen dira emanaldian zehar. Saioaren aurretik ikusleak aretora sartzear daudela, gure gizartean tabutzat ditugun gaietaz hitz egingo dugula esaten zaie. Baina ez zaie zehazten zeintzuk diren tabu horiek, ezta proiektuaren gai nagusia ere.

Ikuskizuna espazioan dauden zulo beltzak deskribatuz hasten da, ikusleak ez dauka argi zertaz ari garen hizketan. Zurrunbilo modura inguruan duten guztia irensten duten zulo beltzez jarduten dugu. Argia bera ere irensten duten zulo beltzez ari gara hizketan. Pixkanaka, tristuraz, melankoliaz, antsietateaz, pertzepzioaren alterazioez eta abar hitz egiten duten pertsonaiak eta historiak agertzen dira leunki taula gainean. 

Espazioan dauden bezalaxe, gure baitan sortzen diren zulo beltzez hitz egiten du ikuskizun honek. Zulo hauek espazioan daudenak bezala, inguruan dagoen guztia irensteko gaitasuna dute, baita argia ere.

Gaixotasun mentalak era poetiko eta artistikoan tratatzen dira ikuskizun honetan.

Emanaldia amaitzean elkarrizketa sustatzen dugu. Aktoreak bere esperientzia eta bizipen pertsonalak partekatzen ditu ikusleekin. Bizitzan guztiok gainditu beharko ditugun krisiez, psikoterapiaz, bizitzako 2.aukeraz, suizidioaz eta abar. jardungo dugu.

Aktore bat + argi, soinu eta proiekzioez arduratzen den teknikari bat daude ikuskizun honetan lanean. 

Antzezlearen lana, musika, irudi proiektatuak, argiztapen delikatua… dira osagai nagusiak. Gazte eta helduentzat da ikuskizun hau.
Saioaren iraupena 50 minutukoa da.

2.- Giza eskubideen inguruko formazioa eta sentsibilizazioa.

Emanaldiaren ondoren, beste saio batean, osasun mentaleko aditu batekin jardunaldi bat egingo da.

Saioaren iraupena 50 minutukoa da.

Ordubeteko saio arin eta didaktiko batean, Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenaren sorrera noiz, nola eta zergatik izan zen azalduko dugu. Ondoren segregazioa, integrazioa, inklusioa eta gizarte kohesioa bezalako kontzeptuak azaldu eta landuko ditugu. Gaixotasun mentalen eta gizarte bazterkeriaren inguruko datuak, estatistikak, artikuluak, erabiliko ditugu gaian sakontzeko. Azkenik, parte hartzea sustatzeko teknika eta dinamika desberdinak erabiliz, gai hauen inguruan elkarrizketa eta lanketa bermatuko dugu.

Proiektu honek kurtso guztian landu ahal izango diren hainbat ari utziko ditu irekita, irakasleek eta talde bakoitzak erabakiko dute noraino iritsi nahi duten gaiarekiko sakontzean. Azken urrats batean, ekimenak ikasleen familietara eta gizarte orokorrera jauzia egitera eramango duen proposamen konkretu bat ere luzatuko da.

Saioaren iraupena 50 minutukoa da.
 

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

1. Urratsa:

Zulo Beltza ikuskizunaren emanaldia gauzatzeko baliabide tekniko guztiak konpainiak jarriko ditu: proiektorea, pantaila, soinu eta argiztapen ekipoa…

Beharrezkoa den espazioaren inguruan esan beharrean gaude, antzoki txikiak direla emanaldi honentzako leku egokienak. Halere, ikuskizun malgua da oso, eta tamaina eta forma desberdinetako lekuetara egokitu daiteke. Ori bai, iluntasun osoa beharrezkoa dela kontuan izan behar da. Konpainiako teknikaria emanaldiaren lekua ikustera hurbilduko da eta desegokia balitz, beste aukerak aztertzen lagunduko du.

2. Urratsa: 

Giza eskubideen inguruko formazioa eta sentsibilizazioa gauzatzeko baliabide guztiak konpainiak jarriko ditu. Beharrezkoa den espazioaren inguruan aipatzekoa da, hutsik dagoen edozein espaziotan gauzatu daitekeela. Konpainiako teknikaria emanaldiaren lekua ikustera hurbiltzean hitzartu daiteke.

Jarduerari buruzko txostena:

Jardueraren alderdi artistiko-kulturalari buruzko txostena.

Zulo Beltza ikuskizuna balio artistiko handiko proposamena da. Formatu txikikoa izanik, bere atal guztiak zaindu dira mimo eta maitasun handiarekin. Aktorearen lana fina eta zaindua da bere atal guztietan (gorputzaren erabilera, ahotsaren joko eta bariazioak…).

Proiektatzen diren ilustrazioen kalitate artistikoa bikaina da, eta lekuak, pertsonaiak eta egoerak modu eder eta eraginkorrean finkatzen dituzte. Emanaldirako sortu den soinu espazioak ere, ekarpen garrantzitsua egiten du atmosfera sortzeko garaian. Emanaldian erabiltzen den musika pieza nagusia bikaina da, eta
ikuskizunak dituen une emotiboak bikain azpimarratzen ditu. Esan daiteke pieza honen estetikak eta edukiek, edertasunez eta era poetikoan bidaia eta esperientzia emozional sakon batetan murgiltzen duela ikuslea.

Emanaldiaren hasieran, aktoreak ikusleak eskutik hartu eta bidaian daramatza, hainbat gizakik bizitzen dituzten egoera triste, krudel eta hunkigarriak ezagutzera. Tristura, melankolia, antsietatea, pertzepzioaren alterazioak eta eskizofrenia, eta abar. dira ikuskizun hunkigarri honen geltokiak. 

Giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa, formazioa eta lanketaren inguruan, aipatzekoa da eskainiko dugun saioaren moduko lanketetan eskarmentu handia dugula. Azken urteetan milaka ikaslek hartu dute parte gure proiektuetan, eta balorazioak bikainak dira beti. Ibilbide honetan, parte hartzea, sentsibilizazioa, elkarrizketa eta hausnarketa era xume eta eraginkorrean sustatzeko joko eta dinamikak garatu ditugu.

Dramaturgia, zuzendaritza eta antzezlea: Asier Zinkunegi.
Argi eta soinu espazioaren diseinatzailea eta zuzeneko teknikaria: Iker Zinkunegi. Ekoizpena: dar-dar produkzioak.
Kurrikulumak ikusteko ondorengo esteka sakatu dezakezue:
https://drive.google.com/drive/folders/1fl_Stzvdm04k8SICtxQaciqtrcRPMDMI?usp=sharing

Jardueraren arlo pedagogikoari buruzko txostena.

2013tik gabiltza LH, DBH, OLH eta Batxillergoko ikasleekin, artea eta giza eskubideen inguruan lanketa eta dinamika desberdinak garatzen. Artea orokorrean eta antzerkia bereziki, ditugu beti abiapuntuan hauek bait dira gizakiaren ametsen, kontraesanen, sufrimenduen… ispilu bikainena.

2013an, kultur aniztasunaren inguruko ikuskizun batekin ikastetxeentzako emanaldiak egiten genbiltzala, ikuskizunaren ondoren ikuslegoari giza eskubideen inguruan galderak egiten hasi ginen. Erantzun falta harrigarria izan zen. Ikasleen artean, ia inork ez zekien, Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapen bat badenik. Inork ez zekien aldarrikapen hau noiz, nola eta zergatik sortu zen, eta noski, inor ez zen aldarrikapen honen artikuluren bat edo edukien inguruan ezer zehatza esateko gai izan.

Giza eskubideen markoa errespetatuz garatu beharko lirateke gure harremanak eta bizitzak. Nabarmena da gizarte demokratiko batetan, herritar guztion ardura dela giza eskubideak errespetatzea, sustatzea eta bermatzea. Baina nola errespetatu eta sustatuko dugu ba, ezagutzen ez duguna. Egia da hezkuntza kurrikulumean giza eskubideekiko errespetua zehar lerro bat dela, baina kontziente al da eskola komunitatea (ikasleak, irakasleak, gurasoak) honetaz. Gure esperientziak dio ezetz, ez behintzat beharrezko litzatekeen neurrian. Honela hasi ginen eskola komunitateak giza eskubideen eta artearen inguruan sentsibilizatzen eta hezten, norbanakoen eta taldeen eraldaketa kulturalak sustatzeko eta gizarte berrikuntza bermatzeko.

Ekimen honek ohiko hezkuntza programaren osagai izan nahi du, Artearen eta Giza Eskubideen inguruko formakuntzan. Eskola komunitatea du helburu (ikasleak, irakasleak, gurasoak) eta eraldaketa kulturala eta gizarte berrikuntza bermatu nahi ditu.

Guzti honek bete betean lotzen du gure proiektua indarrean dagoen curriculumarekin, eta ikastetxeentzako ikaskuntza esperientzia berri bat suposatzen du.
Ondorengo informazioa, 3. Atalaren 2. urratsean ere islatua dago, zehaztasun gehiago beharko bazenute idatzi ondorengo e-mail helbidera: info@dar-dar.net.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

dar- dar produkzioak Gizarte Ekimen Kooperatiba zerbitzu publikoa eskaintzeko nahia argia duen, gizarte ekimen kooperatiba bat da. 2.000. urtean sortu zen Legorretan (Gipuzkoa).

Proiektu hau beti izan da bizia eta moldakorra. Hasiera batean antzerki ekoizpenean oinarritu zen gure ekimena, eta 14 ikuskizun sortu eta banatu ditugu urte hauetan. Antzerkiaren esparruan azken urteetan eginiko ibilbidean, esan daiteke hezkuntzarekin lotutako proiektuen sorrera eta garapenean espezializatu garela. Giza Eskubideak Herrira proiekturen baitan, LH, DBH, OLH eta Batxilergoko ikasleentzat, giza eskubideen inguruko hainbat proiektu sortu ditugu. Kasu guztietan antzerkia da abiapuntua eta giza eskubideak ardatza.

Proiektu hauekin errealitatearekiko ikuspuntu kritikoa elikatu, konpromezuak sustatu, eta eraldaketa soziala bultzatzen saiatzen gara. Azken urteetan, urtero 120 emanaldi inguru egin ditugu lan lerro honetan, eta emaitzak bikainak izan dira beti. Azken urte hauetan, gizartean sakonago eragiteko beharrean sentitu gara eta une honetan, antzerkiaz gain, gizarte ekintza eta kultura uztartzen dituzten proiektu integralak, horizontalak eta zeharkatzaileak sortzen eta garatzen hari gara herri desberdinetan. Ondoren dituzue garrantzitsuenak.
Giza Eskubideak Herrira.
Arteria.
Kultur Aniztasunaren Bidetik Inklusioa Lantzen.

Gizakia eta gizartearekiko konpromisoa nabarmena izan da gure ibilbide guztian zehar eta gure proiektu guztietan. Genero berdintasuna, adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea, desberdin izateko eskubidea eta bullying-aren gaia, kultur aniztasuna/kultura-artekotasuna, eta giza eskubideak oro har, dira gure proiektuen ardatza.

Arteak, gizarteak eta kulturak bat egiten duten eremuan sortzen da dar-dar gizarte ekimen kooperatiba, eta proiektu honek, gizartea bere osotasunean eta ikuspuntu holistiko batetik tratatzen du.

Artea da gure lanabesa, gizartea da gure landa eremua, eta kulturaren esparruan dago gure jardun nagusia. Artea, Giza Eskubideak, ikerketa, elkarlana eta kolaborazioa ardatzean dituen proiektu honekin, gizakiaren garapena eta gizarte berrikuntza bermatu nahi ditugu.

Nor garen, zer garen, zer egiten dugun zehatzago jakin nahi baduzu, ondorengo estekak sakatzera gonbidatzen zaitugu:
http://www.dar-dar.eus/eu/
https://www.facebook.com/dardarProduk/

Loturak

Irudiak