Atzealdea

ALBUMAK IKASTETXEETAN II

Egitasmoaren izena : ALBUMAK IKASTETXEETAN II

Eragilea : Formol Laborategia antzerki elkartea.

Telefonoa
699865948
Kontaktua
Intza Alkain Ibarguren.

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ikus-arteak

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Teknologia
Etika
Zein balio sustatzen ditu
Begirada filosofikoa eta kritikotasuna. Nortasuna eta auto-irudiaren eraikuntza. Kultura eta iruditeria kolektiboa. Talde izaera. Sorkuntza kolektiboa.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
800€ (BEZa barne)
Jardueraren deskribapena:

Formol Konpainiaren hiru ardatzak hauexek dira: euskal kultura eta artearen jarraikortasuna bermatzea, gazte belaunaldien ahotsetatik lan egitea eta arte eszenikoen esperimentazioa.


Egun, Maketa (2020) eta Album (2021) antzezlanen sorkuntza prozesuan buru belarri ibilita, geure belaunaldiari (millennialei) buruzko barne hausnarketa bat plazaratu nahi izan dugu eta berau, arte eszenikoaren kode berriekin jolastuz egin dugu. Geure helburua Albumak ikastetxeetan proiektuarekin ikasle nerabeek sormen eta esplorazio prozesu bera egitea da. Arte eszenikoen bitartez hauen belaunaldiari buruzko hausnarketa prozesu batean barneratzea. Hau hala izanik, ikastetxeetan Album

Eszenikoak sortzeko tailer bat ematea da planteatzen duguna. Eta, zer da album eszenikoa? Album hitzak esanahi bat baino gehiago dauka. Izan ere, nahiz eta gaur egun, gure mugikorretan argazki albumak izan, jatorrizko album fisiko lodi horien esanahia berreskuratu nahiko genuke. Zentzua galtzera iritsi diren arren, millennial eta Z belaunaldiko elementu oinarrizko bat da. Geure jatorrira eta oroitzapenetara bidaiatu ahal izateko ezinbestekoak zaizkigu oraindik albumak, haietan soilik existitzen gara interneteko hodeia hodei bat besterik ez dela pentsatuz gero. Esan daiteke, albumak
bildumak direla, uneak gordetzeko saiakerak. Batzuetan zentzuzko ibilbide bat eskaintzen dute, besteetan irudi multzo eklektikoak dira. Hain zuzen, literaturako genero ikonografiko berrienak berak ere album izena bereganatu du hitza eta irudiaren artean planteatzen duen jolas aberatsa azaltzeko. Hori dela eta, ikasleekin antzerki posdramatikoan barneratu eta arte eszenikoen kode berriekin jolasteko, albumak sortzera joko dugu. Ikasleek, euren bizi oroitzapen, esperientzia, espazio eta denboretara joko dute jolas eszeniko eta performatiboen bitartez irudiak osatzeko. Ondoren irudi horiekin album bat osatuko dute, albumek talde bakoitzean formatu ezberdina hartuko dutelarik, sorkuntza kolektiboaren ondorio: digitala, eszenikoa, kontzeptuala, musikala…


Tailerretan honakoa egingo litzateke:

  • Sarrera eta Mapa kontzeptuala (30 min). Ikasleen belaunaldiari buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatuko dugu idazketa eta sormen dinamika ezberdinen bitartez.
  • Ikerketa (30 min + atsedena) ikerketa lan bat abiatuko dute (interneten arakatuz, ariketa performatiboak eginez, galderak erantzunez…
  • Irudi bisualak (30 min). Orain arte jasotako material eta informazio guztia, burutik gorputz, espazio eta objektuetara ekartzea eskatuko zaie eta sortzen duten irudi estatiko zein mugimenduzko horri, argazkia atera beharko diote.
  • Sorkuntza kolektiboa (30 min). Sorturiko irudi bisualak elkarri partekatuko dizkiete taldetan banatuta eta material guzti horri forma emango diete elkarrekin lanean jarriz (hitza, musika, mugimendua gehitu diezaiekete… euskarri ezberdinak aukeratu ditzakete erakusteko, izan ikus-entzunezkoa, eszenikoa, sonoroa…)


Saioak Covid-19aren prebentzio eta segurtasun neurrietara, zein ikastetxe bakoitzaren baliabideetara (espazio, zein iraupen beharretara) guztiz moldagarriak izan daiteke.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Albumak ikastetxeetan – saio bakarrean - tailerrak guztira 2 ordu iraungo ditu.


Espazioari dagokionez, ikastetxearen espazio aukeretara moldatu daitekeen proposamena da. Albumak ikastetxeetan proiektuak testuinguru bakoitzaren espazio ezaugarriekin jolasten du, beraz, eskaintzen den espazioa bera edozein delarik ere baliatu egiten da sorkuntzarako (gela bat, areto polibalentea, gimnasioa, patioa, kalea…). Aukera edukiz gero, ikastetxeko areto ezberdinetan zehar mugituz burutu daitezke tailerreko dinamika ezberdinak.


Materialari dagokionez, honakoa behar da:

  • Idazteko materiala, arbela edo proiektorea (aukeran egongo balitz)
  • Mugikorrak edo argazki kamerak (ikasleenak edo ikastetxeak kamera edo tabletarik balu, hura erabili daiteke).
  • Argazkiak ateratzeko baimena adin txikikoentzat.
  • Objektu edota bestelako tresnak: Sormen ariketaren arabera ikasleek proposatutako objektuak ekarri beharko lituzkete etxetik.
  • Arropa erosoa eramatea hobetsiko litzateke.

Gainerako materiala Formol Laborategiak berak eramango luke.

Jarduerari buruzko txostena:

PROPOSAMENAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA


Albumak ikastetxeetan proiektuaren ardatz artistikoa arte eszenikoen lengoaia berrien ezagutza eta esperimentazioan datza. Ikasleak arte garaikidera erakarriko dira:

  • Antzerki posdramatikoan murgiltzea: Dramaturgia berrien esplorazioan barneratzea bilatuko da eta honek kontatzeko manera berriak ekarriko ditu: testua eszenatik sortuko da eta ez alderantziz, adierazpide eta elementuen hierarkia eza bilatuko da (elementu guztiek kontatzen dute eszenan), irudia eta hitzaren arteko harremanarekin jolastuko da edota errepikapena, beresanahitzea, paratestua edota aurkakotasuna bezalako errekurtsoak esploratuko dira. Guzti honen bitartez, ikasleek antzerkian kontatzeko edo narratzeko modu berriak ezagutuko dituzte eta ondorioz, gaitasun interpretatibo eta sortzaile-narratiboa garatuko dute, bat datorrena egungo eszena artistikoarekin.
  • Norbere edo talde estetika eta poetika propioak deskubritzea: Sormenean barneratuta, haiek zer esateko daukaten deskubritzeaz gain, nola esan nahi duten deskubrituko tartea izango dute eta hori izan daiteke belaunaldi berri baten mugimendu artistiko baten abiapuntua. Honela ere ohartu daitezke artearen esanahiaz eta mugimendu artistikoen zergatiaz. Artearen historia ulertzeko giltzarria bilakatu daiteke.
  • Sorkuntza kolektiboa (Devising theater): Talde sorkuntza, elkarlana eta kooperazioan oinarritutako praktika artistikoa bizituko dute. Elkarrekin eta elkarren hartu emanetatik, elkar entzunez eta era horizontal eta demokratikoan lan eginez sortuko dute. Justuki, testu autoretzarik gabe eta eszenan ekitetik sortuz.

PROPOSAMENAREN ALDERDI PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA


Albumak ikastetxeetan proiektuaren ardatz pedagogikoa, berriz, hainbat kontzeptutan bereizi daiteke: garapen integrala, ezagutza (auto-ezagutza eta ezagutza kolektiboa) eta kritikotasuna.

  • Antzerkia lantzeak dakarren garapen integrala: Gauza jakina da dramatizazioaren lanketak haur zein gazteen heziketan eragiten dituen onurak zenbaterainokoak diren. Gaitasun interpertsonalak (entzute aktiboa, bestea ulertzea, antzematea…), gaitasun intrapertsonalak (auto kontzientzia, emozioak…), sormena, komunikazio gaitasuna eta adierazkortasuna, gaitasun linguistiko eta literarioak, diziplinartekotasuna (objektuen manipulaziorik hasita,espazio eta gorputzaren kontzientzia eta erabileraren lanketaraino). Beraz,ikasleen garapen emozional, kognitibo, sozial eta fisikorako antzerkia behar beharrezkoa den praktika bilakatzen da.
  • “Nor diren jakin…”: Auto-irudia eta talde irudian jarriko dugu arreta. Zerk batzen gaitu? Zerk ezberdintzen? Nola definitzen gaituzte? Nolakoak egiten gaituzte? Aurreiritziak, aurreko belaunaldiek utzi digutena, norbere kultura eta guztiona… Guzti honetan hausnartzeak eskaini diguten identitate, balore eta ideologiak zeintzuk diren jabetzeko aukera eskainiko die ikasleei (guk ez diegu zein balore edo ideia jaso behar duten esango, beraiek izango baitira zein balore eta ideiaz osatuta dauden deskubrituko dutenak).
  • “…nolakoak izan nahi duten irudikatzeko”: Hausnartu ondoren beti daude galdera gehiago. Ez gara erantzunetan geratuko: zer daukagu esateko? Zer nahi dugu? Zer egingo dugu etorkizunera begira? Zeintzuk dira gure ametsak? Norbanako zein belaunaldi gisa, begirada filosofiko batetik, diren edo izan nahi duten hori eraiki egingo dute, eta ez edonola, eraikuntza artistiko bat burutuko dute.

Proposamenak nerabeen interesetara hurbiltzea ere bilatzen du, gaitegiaren aldetik ez ezik (millennialak, Z generazioa, haien kezkak, nahiak…), baita haien kode eta adierazpideetara ere, non lengoaia bisualak eta irudiek garrantzia hartuko duten.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Formol Laborategia Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibargurenek osatzen dugu. Antzerki konpainia hau euskal antzerkiaren etorkizunaz arduratuta jaio zen 2019an.

Euskal kulturgintzan daukagun erantzukizunari erantzun eta gure alea jartzeko asmoarekin eratu zen laborategia. Gazte sortzaileen arteko saretzea bilatu nahi dugu, belaunaldi bereko artista ezberdinekin lan egin. Hain zuzen ere, ikuspuntu eta jardun anitzen arteko harremanetatik komunikatzeko era berriak haziko direla sinesten dugun taldea gara. Euskal antzerkigintzan errelebo aldaketa bat etortzear egonez gero, saretuta lanean harrapatu gaitzatela nahi dugu, gutxi baitira gazteez osatutako konpainiak.


Bestalde, publiko gazte bat sortu eta finkatzea da xedea, gazte belaunaldiek
antzokietan haiei zuzenduriko ahotsak topatuko dituzten obrak plazaratuz eta euskaraz egiten den antzerkiaren ikusgarritasuna bermatuz.
Azkenik, arte eszenikoetan kode eta lengoaia ezberdinekin esperimentatu nahi dugu elkarrekin, estetika eta poetika propio bat topatu, horra hor geure laborategi izaera.
2019an, Gasteizko udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuak eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako Gazte Sortzaileak Beka eskuratu genuen. Laguntza honen bitartez geure lehen pieza laburra sortu genuen: Maketa (2020). Baina, pieza labur hau geure ondorengo obraren geltoki bat bilakatu da, orain, hurrengo obra nagusiaren sorkuntza prozesuan topatzen baikara: Album (2021). Sorkuntza lan honek ZUBI euskal sortzaile berrien laguntzaren eta Eusko Jaurlaritzaren produkzio eta banaketarako dirulaguntzaren babesa jaso du eta 2021ean estreinatuko da. Formol Laborategiko kideek, bestalde, bakarkako ibilbidea ere izan dugu orain arte:

  • Edurne Azkarate (@edurne_azkarate, 1993, Oion): Gaztela eta Leongo Arte Dramatiko Goi Maila Eskolan interpretazio ikasketak amaitu zituenetik antzerkigintza profesionala du ogibide: Red Room Lab, TR Warszawa eta Kamikaz Kolektiboarekin egin du lan besteak beste eta azken proiektua Axut!, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategiak egin duten Zaldi Urdina koprodukzioan ibili da. Websail (Gutuberrak, Txominsitak…) eta film laburretan parte hartzeaz gain, ETB1eko hainbat saio ere gidatu ditu. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoa eta Eszena Zuzendaritzan antzerki ikasketak masterra burutu ditu, Mondragon Unibertsitatean eta UNIR-en. Hezkuntzaren alorrean, gazte bertso udalekuetako dinamizatzaile izan da urte askoan.
  • Intza Alkain (@intztagram, 1995, Lasarte-Oria): Magisteritza eta haur eta gazte literatura ikasketak amaituta, Donostiako TAEn arte eszenikoak ikasi zituen eta Arthaus Berlin antzerki sorkuntzarako eskoletan ere ibilia. Horren ostean, hainbat bakarrizketa, kontaketa saio, zein ikus-entzunezko proiektuetan ibili da. Hezkuntzaren alorrean, hainbat urtez gaztetxoei antzerki eskolak eskainiz ibili da.
  • Mikel Ibarguren (@mikel_ibarguren, 1995, Zestoa): Magisteritza ikasketak amaitu ahala eta interpretazioko formakuntzak jaso ostean, telebistako saio ezberdinetan ibili da lanean: Una historia de vasconía, 3txulo, Puntu koma, Sueño Bendito... Antzerkigintzan eta zineman ere lan ezberdinak egin ditu, hala nola gazteentzako Kaffka antzezlanean jardun da Kamikaz kolektiboarekin. Hezkuntzaren alorrean, hainbat urtez gaztetxoei antzerki eskolak eskainiz ibili da.