Atzealdea

Apirilean zabalduko ditu ateak Chillida Leku Museoak

Apirilean zabalduko ditu ateak Chillida Leku Museoak

Museoaren lehengo egitura bera mantenduko da, nahiz eta eguneraketa batzuk egin dituzten, bisitari gehiago erakartzeko helburuarekin.

-ren irudia Apirilean zabalduko ditu ateak Chillida Leku Museoak

Zortzi urte baino gehiagoz itxita egon ostean, Chillida Leku museoak apirilean irekiko ditu berriro bere ateak. Eduardo Chillida eskultorea jaio zeneko 95. urteurrena betetzen den egun berean eman du albistearen berri familiak.

Espazioa egoera onean dagoen arren, “errespetuzko eguneraketa” batzuk egin dizkiote. Gune nagusia XVI. mendeko Zabalaga baserria izango da. Argiteria, sabaiaren isolamendua eta irisgarritasuna hobetu dituzte, besteak beste, Luis Laplace arkitekto argentinarrarekin eta Jon Essery eskultorearen bilobarekin batera. New Perennial mugimenduaren aitzindari den Piet Oudolf paisajistak ere zenbait paisaia elementu sotil sartuko ditu.

Horrez gain, sarrerako zentro bat, kafetegi bat eta denda bat ere zabalduko dituzte, eta aparkalekua egokituko dute. Eguneratze lan horiei esker, bisitari gehiago erakarri ahal izango dituztela azaldu du Chillida familiak.

Suitzako Hauser & Wirth galeria arduratu da eredu iraunkor berria diseinatzeaz. Mireia Massague, Gaudi Exhibition Centerreko zuzendari izandakoa, izango da museoko zuzendaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Departamentuak lotura estua izan du kudeatzaile berriekin. Esate baterako, eraberritze lanek irauten duten bitartean, Chillidaren 13 lan gorde eta zaintzeko ardura hartu du Aldundiak, bere jabetzakoa den Gordailuan.