Atzealdea

ARKEOLOGOEN LANA EZAGUTUZ

Egitasmoaren izena : ARKEOLOGOEN LANA EZAGUTUZ

Eragilea : Suberri Matelo Mitxelena

Telefonoa
695788373
Kontaktua
Suberri Matelo Mitxelena -

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ondarea

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Zein balio sustatzen ditu
Talde kooperazioa, ikerketa metodologia, ikuspegi kritikoa.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
405€
Jardueraren deskribapena:

Arkeologia ikasleengana hurbiltzeko Erromatar garaia hautatu da, beraz tailerrak erromatar garaia lantzeko edo orokorrean arkeologia lantzeko balio du.

Arkeologoa aurkeztu eta aztarnategi ezberdinak erakutsiko dizkie ikasleei sarrera gisa. Ondoren erronka bat aurkeztuko zaie ikasleei: Arkeologoek induskaturiko aztarnategi zehatz bat aurkeztuko zaie baina arkeologoek ez dakite oraindik zertarako erabiltzen zen eraikuntza hori. Ikasle guztien artean eraikuntzaren erabilera zehaztu beharko dute material arkeologikoa ikertuz.

Talde txikiak egingo dira (5 gehienez) eta talde bakoitzari induskaturiko eraikuntza horretako gela jakin bateko material arkeologiko originalez beteriko kutxa bat emango zaio. Horrekin batera jarduera gauzatzeko liburu sorta bat ere emango zaie, Interneterako sarbidea duen ordenagailua bilaketak egiteko eta txosten bat txurian, betetzeko. Talde bakoitzak bere material arkeologikoa interpretatu beharko du: zertarako erabiltzen zen, ze garaitakoa den, ze ezaugarri dituen... horrekin bete gabe eman zaien txostena osatuko dute. Ondoren gelaren aurrean talde bakoitzari egokitu zaion materiala aurkeztuko dute eta haien ikerketaren emaitzak azalduko dituzte.

Ikasleek guztion materialak ezagututa hasierako galdera erantzun beharko dute: zertarako balio zuen eraikuntza honek? Aranzadiko arkeologoak galderen bidez ikasleen argudioak hipotesirantz bideratuko ditu. Helburua: eraikuntza terma bat zela asmatzea. Hipotesia baieztatzeko interneteko bideo bat jarriko zaie eraikuntza horri buruzkoa. Ariketa ongi atera bada, bideoak azaltzen duena haiek aurrez eginiko interpretazioarekin bat etorriko da, hau da, eraikina erromatar garaiko terma bat dela. 

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
  • Ikasgelan gauzatzeko jarduera.
  • Ikasleak taldeka jarri ahal izatea ikasleak.
  • Ordenagailuetara sarbidea ikasleentzat.
  • Proiektore bat.
  • 4 ordu.
Jarduerari buruzko txostena:

Jardueraren alderdi artistiko-kulturalari buruzko txostena. 

Jarduerak arkeologia eta arkeologoen lana hurbildu nahi du ikasleengana. Historia ikertzeko metodo honen bidez historia gertuagokoa egin nahi da ondare materiala baliatuz. Horrela, museoetan ikusgai dauden piezak gertutik behatzeko aukera izango dute eta horrela historiako interpretazioak ikasleek euren kabuz sortu.

 

Jardueraren arlo pedagogikoari buruzko txostena.

 

Jarduerak kontuan hartzen ditu honako ezaugarriak:

  • Ikasleriarentzat egokitasuna eta klase giroan zein taldean lan egiteko egokitasuna.
  • Curriculumarekin lotura, Gizarte Zientzietako Erromatar garaia zein Arkeologia gaiak lantzen direlako.
  • Helburua lortzeko ikerketa prozesuaren beharraz jabetu nahi dira ikasleak, arkeologia eta material originala erabiliz.
  • Gizarte Zientzietako jarduera praktikoak normalean museoetara bisitak izan ohi dira. Kasu honetan jarduerak partehartzea eta material historikoarekin gertutik lan egitea bilatzen du.
Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

 

Suberri Matelo Mitxelena (1992). Historian graduatua EHUn 2014an. Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia eta Arkeologia Historikoko Departamentuetako kidea da. Ondareari buruzko ikasketak egin ditu, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko Zaharberritze, Birgaitze eta Eraikitako Ondarearen Kudeaketako Masterra. Karrera amaierako lanetan eta masterrean beti ondare arkeologikoa eta etnografikoa ikertu du. 2016an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Etnografiako Prestakuntza Beka eman zitzaion, eta Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko Gordailuko Etnografia Ondarearen arloan prestatu zen. 9 urtez aritu da urtero indusketa arkeologikoetan formatzen eta lanean. Duela gutxi Luzaide 778. Erakusketa Zentroko komisarioa izan da, historia eta arkeologia gizarteratzeko duen konpromisoaren erakusgai.

Dokumentu osagarriak