Atzealdea Badator Azpeitiko X.Tuba Jaialdia

Badator Azpeitiko X.Tuba Jaialdia

Urriaren 11tik 13ra ospatuko da jaialdiaren hamargarren edizioa. Lau kontzertu, horien artean Korrontzi 'Tuba' Band ikuskizuna, erakusketa bat eta tailer bereziak izango dira.

Badator Azpeitiko X.Tuba Jaialdia

Beste urte batez, Azpeitiko herriak, tuba eta bonbardinoaren inguruko jardunaldi berezi batzuk hartuko ditu, Urriak 11 eta 13 bitartean. Basazabal Jauregia, Sanagustin Kulturgunea eta Soreasu antzokian, musika tresna hauen inguruko ekintzak ikusi eta entzun ahal izango dira: 4 kontzertu, erakusketa berezi bat, musikari afizionatuentzako lanketa tailer bat, musika tresnen konponketa eta musika tresna berrien erakusketa ere egongo da.

9 urtetako esperientzia ardatz harturik, beste behin goi mailako musikariak izango dira gurean urriko aste buru horretan. Jaialdia erakusketa berezi batekin hasiko da. Oscar Abella, EOSeko tuba bakarlaria eta aditua aitzinako musika tresnetan, erakusketa berezi bat prestatzen ari da Tubaren historiaren inguruan. Serpentoia, Fagot errusiarra, Oficleidoa, Cimbassoa, Bonbardinoak eta tubak izan duten erabilera eta garapena azalduko dizkigu Basazabal jauregian urriak 11n, 18:00etan. Erakusketa asteburuan ikusgai izango da Basazabalen eta Oscarrek berak egingo du aurkezpena, bertara ekarriko dituen zenbait aitzinako musika tresna erakutsiz. Ondoren, 23:00etan, joan den urteko ohitura errepikatuz, Tuba Polka kontzertua izango da, Sanagustin Kulturgunean.

Urriak 12an, urtero moduan, egun berezia izango da. Tuba eta bonbardino jotzaileek Korrontzirekin kontzertu bat prestatuko dute. Horretarako, Bilboko bandako bonbardino bakarlaria den, David Abellanek, beroketa berezi bat eskainiko du, AETYB ekintza moduan. Beroketaren ondoren, ensaioak hasiko dira Juan Carlos Ribellesen zuzendaritzapean. Lehen ensaioa amaitzean, Pablo Fernandez, ESMUC kataluniako goi mailako tuba irakasleak, 'Miraphone' etxeko Elektra tuba berria aurkeztuko du.

Aire metalezko musika tresnaren bat jotzen duten musikari afizionatuek ere izango dute aukera beraien zaletasuna lantzeko. David Muñoz, Gijongo tuba irakasleak musikari afizionatuentzat tailer berezi bat emango du, Basazabal jauregian. Tailer hau, aire metalezko edozein musika tresna jotzen dutenei bideratua dago, eta hasi berri edo afizionatuek har dezakete parte. 10:00etan hasiko da jardunaldi hau eta 13:30ean, Basazabal jauregiko atzealdean, kontzertu bat eskainiko dute musikariek Daviden gidaritzapean.

Basazabalen izango da ere WuP etxeko Raul Puente, musika tresna konponketak egiteko. Doan egingo ditu behar diren ukituak (piezarik aldatu behar ez bada). Gune Music etxeak ere BUFFET CRAMPON etxeko musika tresna desberdinak ekarriko ditu ikusteko, probatzeko eta gustoko duenak erosteko.

Arratsaldeko 20:00etan izango da hitzordu nagusia. KORRONTZI, folk talde bizkaitarrak, Korrontzi 'Tuba' Band ikuskizuna eskainiko du Soreasu antzokian. 30-40 musikarik osatutako tuba banda batekin. Kontzerturako sarrerak, salgai daude (10€ aurrez eta 12€ txarteldegian), Sanagustin Kulturgunean eta Laiak dendan, Zestoan.

Jaialdia amaitzeko, urriaren 13an, Azpeitiko musika banda batuko da jaialdira. Soreasu antzokian, 13:00etan, kontzertu berezi bat eskainiko dute. Lehen zatian, aire metalezko musika tresnek izango dute protagonismoa. Ondoren, hiru bakarlari igoko dira oholtzara. Iker Lizartza Hernaniarra tronboiarekin, eta aurrez aipatutako David Muñoz eta Pablo Fernandez tubarekin. Izen emateak martxan dira: 25€ (kamiseta eta hamaiketakoa barne) aire metalezko tailerreako, 30€ Korrontzi Tuba band kontzerturako ( kamiseta, hamaiketakoa eta bazkaria barne).