Atzealdea

BARNE DOINUAK

Egitasmoaren izena : BARNE DOINUAK

Eragilea : OLATZ SALVADOR (SKA SOINUAK KULTUR ELKARTEA)

Telefonoa
695743281
Kontaktua
OLATZ SALVADOR

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Musika

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Gaztelania
Musika
Zein balio sustatzen ditu
hizkuntza, komunikazioa, adierazpena, adimen emozionala, enpatia, musikarekiko sentiberatasuna.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
720 €
Jardueraren deskribapena:

Literatura, musika eta emozioak uztartzen dituen saioak dira. Jon Gondra psikologoak Saio
linbikoak egitasmoa sortu zuen eta ideia honi tiraka eta bere onespenarekin garatu da proiektu
hau, sakontasun maila handiago batera eraman nahian.

1970. urtean, Paul Eckman psikologoak poztasuna, tristura, haserrea, beldurra, harridura eta
nazka identifikatu zituen oinarrizko emozio gisa. Hau honela, proposamen honen bitartez,
musika eta literatura uztartuz, emozioetan zehar bidaiatzea dugu helburu, hauek identifikatu
eta hauek adierazteko bide artistikoak arakatuz.
Nerabeen kasuan, oro har, hezkuntza emozionalean gizarte gisa dauzkagun gabeziak eta,
bereziki, garapen psikosozialeko aro honetan ohikoa den ezegonkortasun emozionala dela
medio, saio honen bitartez baliabideak emango zaizkie, adierazpen artistikoaren bitartez,
emozioen identifikazioa eta hauen kudeaketa emozional osasuntsu baterako.

Saioren egitura honakoa izango da:
- Aurkezpena (15’): saioaren azalpena eta helburuak partekatu eta ikasleek artearekin eta
emozioekin duten harremana aztertuko da.
- Dinamika: musika eta emozioak (45’): ikasle bakoitzak oinarrizko emozio bakoitzarekin
lotutako abesti bat aukeratuko du. Ostera, dinamizatzaileak hauetako abesti batzuk
jarriko ditu eta ikasleek emozio batekin identifikatu eta identifikazioa arrazoitu beharko
dute, hausnarketa batera bideratuz. Musika eta hitzek emozioekin duten harremana
aztertuko da.
- Zuzenekoa (45’): ikasleek egindako ariketa bera, dinamizatzailearen esku geratuko da.
Berak aurrez prestatuta eramango ditu emozio bakoitzarekin lotutako testuak, poesia,
abestien hitzak eta kantak, emozio bakoitzari buruzko testuinguraketa eta bakoitzaren
funtzioen errepaso bat egin ostean. Kontzertu partehartzailea izango da eta ikasleek
feedbacka emateko aukera izango dute.
- Itxiera (15’): ikasleek saioan zehar sentitutakoa adierazteko esparrua izango da eta
saioaren helburuak bete ditugun ala ez aztertuko dugu.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Jarduera gauzatzeko baliabideei dagokionez, ikastetxeak ez luke aparteko baliabiderik eskaini
beharko. Antolakuntzatik erraztuko dira garraio beharrak eta behar teknikoak, aurrez
ikastetxeekin adostuko direnak. Saioa eskainiko duen pertsona arduratuko da soinu ekipoaren
muntaia eta honi dagokion azpiegitura guztiaz. Saioak gela arruntetan aurrera eramateko
prestatuta daude. Bi orduko saioak daude aurreikusita, baina ikastetxeen ordutegietara
egokitzeko aukera dago.

Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA
Lehenik eta behin, jarduera honen alorra diziplina anitzekoa izanik, planteamentu holistiko bat
egin nahi da, nahasketa honen baitan sor daitezken sinergia guzti horiek indargune bilakatuz.
Alde batetik, musikak izaki bizidunen garapenean duen garrantzia eta dituen onurak kontutan
hartuta – komunikazio neuronala hobetu, oroimena indartu, antsietatea gutxitu, sistema
inmunologikoa indartu…- , hau balioan jarri eta belaunaldi berriak honekin konektatuta
egotearen garrantzia eta haien jardun artistikoaren garapena bermatu nahi dira. Musikarekiko
sentiberatasuna garatzeak ahalbidetuko die hau adimen emozionalerako tresna gisa baliatzea.
Emozioen unibertsaltasunaz jabetzeak, gainera, elkarren arteko kalitatezko harremanak sortzen
lagun dezake, enpatia areagotuz.
Honekin lotuta, munduan egoteko eta harremantzeko ezinbesteko diren tresnetako bat da
komunikazioa. Artea komunikazio bide den neurrian eta proiektu honetan musikaren bitartezko
komunikazioa eta ahozko komunikazioa uztartzen direnez eta lehena irrazionala eta bigarrena
arrazionala izanik, konbinazio interesgarri baterako espazio bat izan daiteke eta, aldiz, alor
hauek ez lantzeak gabeziak sor ditzake etorkizunean.
Ahozko komunikazioari jarraiki, hizkuntzarekiko maitasuna eta ezagutza, euskararekiko
harremana, hizkuntza desberdinen balioa eta hizkuntza bakoitzak duen mundu ikuskera
aztertzeak nortasunaren garapenean eragin zuzena du eta honen bitartez garatu daiteke
narratibarako gaitasuna. Honetarako tresna indartsuenetako bat, literatura bera da, mira
emozional batetik, era zuzen batean iristeko ahalmena duena.
Hau dena, zuzeneko musikan oinarritutako saio dinamiko eta parte hartzaile batean aurrera
eramateak, esperientzia aberatsago bat eman diezaioke parte hartzaile guztiei.

JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA
Proiektuaren arlo pedagogikoa aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta
Kultura Saileko 236/2015 Dekretuaren II. Eranskinean ageri den kurrikuluan hartu da oinarri gisa,
Heziberri 2020 planean konpetentzien garapenerako hainbat bide eskaintzen dituelarik:
Komunikazio lingüisiko eta literarioan konpetentzia

Hizkuntza ikasi eta pentsatzen hasteko lehen tresna izanik, pentsamendu eta jakintzaren
oinarrian dago. Ezagutzaren eraikuntza hizkuntzaren bitartez gauzatzen da eta gogoetarako
baliabideak ematen ditu. Gaitasun linguistikoek – hitz egitea, irakurtzea, idaztea, entzutea eta
elkarri eragitea – ezagutza eskemen etengabeko eraikuntza eta eraldaketan laguntzen dute.
Konpetentzia sozial eta zibikoa
Norbere burua ezagutu eta ulertzeak eta norberak besteekiko eta munduarekiko dituen
harremanak ulertzea bada elkarbizitza osasuntsu baterako gakoetako bat. Elkarren arteko
harremanek berebiziko garrantzia duten unean, beraien arteko ekosistema osasuntsu bat
sustatze aldera eta jazarpen edota botere harremanak saiheste aldera, adimen emozionalaren
garapena eta, honen baitan, enpatia ezinbesteko tresna bilaka daitezke.
Konpetentzia artistikoa
Lengoaia artistikoaren garapena espresio eta komunikaziorako baliabide gisa ulertzea eta nork
bere sormena garatzeko tresnak eskuratzea. Adierazpen artistikoak identifikatu ahal izatea,
ikuspuntu kritiko bat garatzea eta honek pertsonen bizitzan duen oihartzun eta esanahia
bereganatzea.

 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

OLATZ SALVADOR (Donostia, 1990)
Psikologian lizentziatua eta gaztetatik musikari lotua, urte luzez uztartu ditu bere psikologiarekin
lotutako jarduna eta jardun artistikoa. Piano eta solfeo eskolak jasoz hasi zuen ofizialki
musikarekiko kontaktua, nahiz eta txikitatik, era irrazional batean, musikari oso lotuta egon.
Ostera, Donostiako Musika eta Dantza eskolan jarraitu zuen formakuntza harmonian eta baxu
elektrikoan eta bere formakuntza osatzen jarraitzen du, bai gitarran era autodidakta batean, bai
ahots teknikan. Behar Berezidun Haurrentzat Musikoterapia eta Adimen Emozionalean
formakuntzak egin ditu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko, Lanbide
Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra
dauka. Sorkuntzarekin lotutako hainbat tailer dinamizatu ditu azken urteetan. Musikarekin

lotutako ibilbide profesionalean, aldiz, 200 kontzertutik gora eman ditu, bai Euskal Herrian, baita
Europan eta atzerrian ere. Musika eta psikologia bere bi pasioak izanik, ilusio handiz jaso zuen
Saio Linbikoak egitasmoan parte hartzeko eskaintza, eta, geroztik, horrelako hiru saio
eskaintzeko aukera izan du, harrera ezinhobearekin.

Dokumentu osagarriak
Loturak

SAIO LINBIKOA