Eduardo Chillida 100 urte
Eduardo Chillidaren mendeurrenaren harira, artistaren inguruko unitate didaktiko bat osatzen ari da Chillidaren obran eta pentsamenduan sakontzeko interesa duten ikastetxe, irakasle eta hezitzaileentzat.
- 174

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker argitaratu ahal izango da. Dokumentu hau erreferentziazkoa izango da, eskultorearen lana zeharka eta diziplinatik haratago landuko duena, artearen inguruan eginiko Chillidaren idatzi, pentsaera eta hausnarketetatik abiaturik.
Artistaren biografiara hurbilketa bat izateaz gain, gida honek Chillidak artelanak egin ahal izateko behar izan zituen tresnak jorratuko ditu, ez soilik erraminta fisikoak, bere lana osatzen duten osagaiak ere, hala nola, hutsa eta materia, poesia, marrazketa edota aromak. Izan zituen ideia iturri nagusienak ere kontuan hartuko dira, Chillida musikan, naturan, filosofian edo zientzian inspiratu baitzen bere eskultura eta marrazkiei forma emateko.
Argitalpen honek irakasleei Chillidaren obra ulertzeko gakoak eskainiko dizkie, ikasleei hurbildu ahal izateko; baina gainera, ikasgeletan lantzeko ariketa praktikoak ere ekarriko ditu. Pixkanaka ikasleak Chillidaren unibertsoan sartzen joango dira, Haizearen orrazia eta beste eskultura zein bilduma enblematiko eta internazionalenak ezagutuko dituzte. Chillidak guztira 40 monumentu publiko baino gehiago ditu Bartzelona, Berlin edo Washington bezalako hirietan zehar banaturik. Unitate didaktiko hau Maushaus arkitekto taldeak burutuko du Chillida Lekuko hezkuntza sailarekin elkarlanean. Museoak Maushausekin 2019tik darama kolaboratzen, artistaren inguruko jakintza sakona dutelarik. Jarduera ezberdinak egin dituzte Chillidaren lanean oinarrituta.
Hezkuntza gida 2024ko irailean aurkeztuko zaie hezkuntza zentroei. Argitalpenak 125-130 orrialde izango ditu, 21x27 formatuko orrialdetan, irudiekin, artelanen argazkiekin baita jarduera eta ekintzekin eskola-ziklo guztietarako: haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta batxilergoa. Erreferentziazko dokumentu hau ikuspegi ezberdinetatik jorratu ahal izango da: artea, poesia, literatura, matematikak, zientzia, filosofia… Baita zeharkako gaiak ere, giza eskubideak edo natura esaterako.
MAUSHAUS
Artearen eta arkitekturaren inguruko ideien laborategi bat da. Bertan eduki pedagogikoak edota ikaskuntza ludikorako objektu eta lekuak diseinatzen dira. Maushausek jokoen, ekintzen edota performancen bidez kontzeptu jakin batzuk transmititzea bilatzen du, guztiok barnean dugun jolaserako gaitasuna sustatzeko asmoz.
Gazteei zuzenduriko hezkuntza artistiko-teknikoko proiektua da Maushaus, non tailerren bidez arkitekturarekiko harreman afektiboak ezartzen dira, hiriko hizkuntza deskubrituz bere osagaien aztertzearen bidez. Maushaus haurtzaroko jakinmin espaziala pizten eta sustatzen saiatzen da, honela inguruko hirigunea errespeta dezagun, gure bizitokia baita.