Atzealdea Ekaingo aurkikuntzaren 50. urteurreneko ospakizunak, ekainean

Ekaingo aurkikuntzaren 50. urteurreneko ospakizunak, ekainean

2019ko ekainaren 8an 50 urte betetzen dira Ekain aurkitu zenetik eta hainbat ekitaldi antolatu dira mugarri hau ospatzeko.

Ekaingo aurkikuntzaren 50. urteurreneko ospakizunak, ekainean

1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta paleolitoko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. 

Ekaingo haitzuloa Madeleine aroko labar-pintura horiengatik da ezaguna, bereziki arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa diren Zaldi-multzoen pinturengatik. Hartzak, oreinak, kapridoak... ere ikus daitezke bertan. 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.

Aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte:

Erakusketa ibiltaria

Erakusketa honetan lehen aldiz Ekaingo margoak erreplikatu zituzten kalko originalak erakutsiko dira. Kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak. Maiatzaren 10ean hasi zen erakusketa, eta ekainak 8ra arte izango da ikusgai, Debako Kultur Etxean. Ordutegia: Asteartea – larunbata: 18:00-20:00; Igandea: 12:00-14:00. Sarrera librea da.

Ekain 50 gala

Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia egingo da Victoria Eugenia Antzokian (Donostia). 19:00etan hasiko den gala bereziak, Ekaingo kobara eramango gaitu, lehen gizakien artean murgilduz. Haien ahotsa entzungo da Tanya Tagaq abeslari inuitaren bitartez eta Dantzaz konpainiaren mugimenduekin. Donostiako Orfeoi Gaztea, Ainhoa Aierbe aktorea eta Xabier Anuntzibai margolariak ere hartuko dute parte. Leizearen deskubrimenduari buruzko dokumental laburra estreinatuko da, gainera, eta sarrerarekin batera Aranzadik argitaratuko duen liburu monografikoa banatuko da. Sarreren prezioa, 12 euro.

Hitzaldi zikloa

Gaur egun ikerketa arkeologikoan diharduten zientzialariak protagonista izango dira hitzaldi ziklo honetan. Hitzaldi guztiak KOLDO MITXELENA Kulturunean izango dira, 19:00etan hasita, eta sarrera librea izango dute.

  • Ekainak 4. Nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoako Paleolitoa, 35 urteetako jarduera arkeologikoaren ondoren. Alvaro Arrizabalaga, UPV/EHU
  • Ekainak 11. Caballos digitales: nuevos descubrimientos e investigaciones en el arte parietal de la cueva de Ekain. Blanca Ochoa-Fraile, UPV/EHU
  • Ekainak 20. Goi-Azken Magdalen-aldi Azil-aldi trantsizioa Kantauriar erlaitzean. Daniel Ruiz-Gonzalez, UPV/EHU.
  • Ekainak 27. Entorno a Ekain: nuevos descubrimientos e investigaciones sobre el arte paleolítico en Euskal Herria. Diego Garate Maidagan, IIPC.

Ekainberrik ere bat egingo du 50. urteurreneko ospakizunekin, Nazioarteko Koben Egunean eta ekainaren 9an Zestoan ospatuko den Ekainfest jaialdiarekin.