Atzealdea Antonio Mercero Museo Birtuala errealitatea da

Antonio Mercero Museo Birtuala errealitatea da

Lasarte-Oriako Udalak dagoeneko amaitu ditu Antonio Mercero Museo Birtualaren lanak, eta webgune horretatik, www.antoniomercero.eus, zinemagile lasarteoriatarraren obraren zaleek eta adituek haren biografia eta haren obra digitalizatua eskuratzeko aukera izango dute.

Antonio Mercero Museo Birtuala errealitatea da

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak aurkeztu du www.antoniomercero.eus webgunea, gure lasarteoriatar ospetsuenetariko bati egindako aitormen merezia izan nahi duena: Antonio Mercero. Ekitaldian izan dira Denis Itxaso kulturako diputatua eta Merceroren senitartekoak.

Zabalos pozik agertu da Antonio Mercerorekin, haren familiarekin eta haren legatuarekin hartutako konpromisoa bete ahal izateaz: Antonio Mercero Museo Birtuala martxan jartzea, mundu guztiaren eskueran jarriz haren pertsonari eta haren obrari buruzko ibilbidea, ahalik eta osatuena, oso zabala eta askotarikoa baita. Alkateak aitortu duenez, ez da izan lan konplexua eta garestia, ez eta zailtasunik gabekoa ere, eta inbertsio garrantzitsuena haren obra guztia biltzea eta digitalizatzea izan da.

Bere mintzaldia amaitzeko, alkateak eskerrak eman dizkie urte hauetan Kulturako Departamentuko arduradun tekniko eta politikoak izan direnei, Enrique Forondari eta Iametzari, Denis Itxaso kulturako diputatuari, eta bereziki Antonio Merceroren familiari, gure herriarentzat hain garrantzitsua den proiektu honekin hartu duten lanagatik eta konpromisoagatik.

Bestalde, Denis Itxasok, kulturako diputatuak, zeinen departamentuak 50.000 eurorekin finantzatu baitu proiektuaren azken fasea, gogorarazi du Antonio Mercero hildakoan alkatearen deia jaso zuela Aldundiaren lankidetza eskatuz haren obraren ondare immateriala jasoko zuen webgune hau egiteko. Itxasok Antonio Merceroren lana nabarmendu du, zeren gizon hark, hizkuntza laua eta zuzena erabiliz, ez ordea sakontasunik, ausardiarik eta konpromiso sozialik gabea, gizarte-espektro handien artean popularizatu baitzuen generoa.

Kulturako diputatuak webgune hau ondare immaterialaren sarean zintzilikatzeko konpromisoa hartu du, horren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare hori atxiki eta ezagutzera eman nahi baitu. Azkenik, Mercero bezalako pertsonen lana eskertu du, Gipuzkoa aberatsagoa, pluralagoa eta dibertsoagoa egiten baitute.

Kulturako diputatuaren hitzen ondotik, Antonio Mercero Museo Birtualaren aurkezpeneko bideoa eman da ikustera, eta hura amaitutakoan www.antoniomercero.eus webgunearen funtzionamenduaren eta edukien erakusketa bat egin zen. Ekitaldia amaitzeko, Lasarte-Oriako alkateak Antonio Merceroren alargunak bidalitako gutun bat irakurri du, bera ezin izan baita ekitaldira etorri.

Gutunean bere esker ona agertu die udalari eta bere senarraren aitormenezko museo birtual hau martxan jartzen lagundu duten entitate eta pertsona guztiei.