Atzealdea Elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna kultura-paisaian, saio irekiaren kronika

Elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna kultura-paisaian, saio irekiaren kronika

Saio irekia honetan elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna izan genituen hizpide, jakintza eta jardunbide kolektiboak partekatzeko beste esperientzia batean

Elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna kultura-paisaian, saio irekiaren kronika

K bulegoak urteko bigarren saio irekian “Elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna kultura-paisaian” eztabaidagai izan zituen. Martxoaren 22an, asteartean, on line egindako bileran kultura-sektoreko hainbat kidek hartu zuten parte, jakintza eta jardunbide kolektiboak ikasteko beste esperientzia batean.

Nola ulertzen eta jorratzen dugun elebitasuna gure erakunde eta proiektuetan, egungo zailtasunak eta hutsuneak, egungo indarguneak eta arnasguneak, etorkizuneko erronkak, eta praktika onak (eta ez hain onak) izan genituen hizpide elkarrizketa irekian.

Gaian sakontzeko, aberasgarria da hainbat kontzeptutan murgiltzea, hala nola elebitasuna (soziala eta pertsonala), diglosia, hizkuntzaren ekologia, arnasguneak… baita legeek eta itunek finkatzen duten esparruan ere (Euskararen erabilera normalizatzeko legea, Europako Hizkuntza Gutxituen Karta, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala…)

Eztabaida oso emankorra izan zen hasieratik. Ikuspegi etsituak eta urteetan egindako ekarpenak balioesten zituztenak uztartu ziren.

Gaur egungo egoera eta iraganekoa beti dugu gogoan. Etengabeko konparazioa. Belaunaldi arteko topaketetan, adibidez, beterano zaildu eta hasiberri askok egoerak ez duela hobera egin aitortzen dute. Elebitasun erreala gizartean baino gehiago pertsonengan dagoela azpimarratzen da, hiztun elebakar anitz dauden heinean. Horren harira, gatazka egoerei uko egiteagatik, erlaxatzen hasiak gara. Testuinguru diglosiko batean arnasgunearen funtzioa goraipatzen da, hizkuntza hegemonikotik babestutako toki eta lekuetan harremanak sendotzen direlako. Ekarpen positibotzat jotzen da.

Batzuen ustetan, euskal kulturak, euskaraz sortutako alegia, atzerakoi kutsua du. Izan ere, iritzi publikoan uste hori zabaldu da, hau da, euskal kultura kalitate baxukoa dela, nolabait gutxiesten da. Gure ekosisteman presentzia gutxi du, isolatuta bezala ikusten da, kultura eta hizkuntza hegemonikoaren aldean. Horren harira, inertzia ugari gainditu beharra dago, adibidez, leku askotan euskarazko jarduerak euskara sailek programatzen dituzte, eta ez Kultura sailek.

Benetako bitartekari lana falta da, sortzaileen eta publikoaren artean. Udal erakundeek eta komunikabideek har dezakete ardura hori. Kasu esanguratsu bat, EITB Mediak Kultura Saileko aurrekontutik erdia baino gehiago bereganatzen du. Datu hori aintzat hartuta, ardatza izan beharko luke, kultur sortzaileei itzuli / eman, euskal kultura ezagutara eman, nolabaiteko itzulketa, sortzaileen lana zinez aitortu eta gizartean eragin. EITBk zentralitate oso izan beharko luke, ekosistema bera sendotzeko, besteak elikatzeko. Izan ere, komunikazioan garrantzia handia du tokiko kazetaritzak.

Beste batek iritzi dio borroka eta aldarrikapen garaietan hein handi batean errazago pizten dela “kultura”, boterea nolabait aurka duenean. Iragan hamarkadetako borroka urte haietatik Susa argitaletxea esaterako sortu zen, pentsamendu eta molde berriak ekarriaz. Itxaropenez betetako datu bat: idazle berri gehienak euskaraz ari dira. Euskararen kaleko erabilera, ordea, jaisten ari da.

Nabarmentzen da hizkuntzaren kontura gatazkak sortzeak ez duela interesatzen. Euskararen Legea berebiziko aitzinaldia izan zen, eta ondoren erlaxatu gara.

Zer da euskal kultura? Batek argi du, euskal kultura berdin euskaraz sortutakoa, baina onartzen du, eztabaidagarria dela hori. Batzuetan irudi desitxuratuta islatzen du euskal kulturak, askok folk eta parke tematiko hutsaltzat hartzen baitute, haren izaera aberatsa galtzen da, zoritxarrez.

Aukera berdintasuna aipatzen da, baina ez da erreala. Egoera diglosiko eta gutxiagotu batean, euskaraz bizitzeko hautua egin behar da, aisialdian eta beste esparru batzuetan adibidez.

Gaitasun komunikatiboan eragite aldera, euskara ikasteko laguntzak ugaritu beharko lirateke, erabateko doakotasuna bermatu. Nork egin dezake zubilana? Kultura eragileek? Mintzalaguna dinamika aipatzen da, sekulako ahalegina egiten dute askok, baina gero “atzerriko" itxura izateagatik gaztelaniaz mintzatzen zaie han eta hemen.

Politika publikoetan zera lortu da, edo bultzatu nahi izan da: hizkuntzaren aldagaia ekuaziotik desagarraztea. Artista Estatutua lortu da, baina ez da jantzia geure gorputzarentzat (beste kultur sistema baten baitan sortua baita. Eta usu aipatzen den adibidea, bertsolaritza ez da jarduera ekonomikoko epigrafeetan agertzen. Euskal Herritik bertatik ekimen gutxi sortu dira, artisten profesionaltasunari begira (EKKI da horietako bat) baina gehiago behar dira.

Gauzak horrela, ondorioztatzen da euskararen lurraldeak sistema propioa behar duela, hiru administrazioen egiturak aintzat hartuta, baina sistema propioa, berariaz sortuta, gure behar izanetara egokituta. Proiektu berri bat egiazki bultzatu nahi denean (TicketBAI, esaterako) baliabide guztiak jartzen dira, eta ahal da.

Euskaraz ematen den eskaintza, antzerki eskola eta bertso eskola eragileek, adibidez, lehiatu behar dute hamaika ekimenerekin aisialdi eskaintza gero eta oparoago batean.

Paradoxikoki, Covid garaian kultura erdigunean jarri da eta balioetsi egin da, haren onurak azpimiarratu dira, pertsonen ongizatean zuzeneko eragina baitu. Sinetsita gaude, kultura eta osasuna baliokideak direla neurri batean, edo kulturak osasunean eragiten duela bederen.

Saio irekian partekatu ziren ideia eta gogoeten kronika osoa dokumentu honetan jasotzen da, baita gaiari buruzko baliabideen zerrenda ere.