Atzealdea Elias Querejeta Zine Eskolako ikasketak, EHUren berezko master izango dira

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasketak, EHUren berezko master izango dira

Gipuzkoako Foru Aldundia eta EHUk hitzarmena sinatu dute, atxikitako unibertsitate zentro bihur dadin Elias Querejeta Zine Eskola. Eskolaren egungo ikasketak unibertsitatearen berezko master izango dira hemendik aurrera.

Elias Querejeta Zinema Eskola Euskal Herriko Unibertsitatera atxikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur, EHUko errektore Nekane Balluerkak eta Kultura Diputatuak, Denis Itxasok.

EQZE zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena. Bertan, hiru erakunde aritzen dira lankidetzan: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Bada, beste bazkide bat gehitu zaio proiektuari, itun sare hori indartu asmoz. Izan ere, Euskal Unibertsitate Publikoa proiektua sendotzeko bidean giltzarrietako bat zen. 

Hiru graduondoko

Zine Eskolak Unibertsitatearen laguntza akademikoa izango du, eta Unibertsitateak, berriz, zinematografiaren inguruko bere eskaintza sendotuko du, zinemari lotutako hiru graduondoko eskainiko baititu aurrerantzean: Artxibo Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa; Komisariotza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa; eta Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa.

Ez hori bakarrik. Balluerkak azpimarratu duenez, ikusgarritasun akademikoa ere eskainiko dio EHUk EQZEri, eskolako ikasleei unibertsitate aukerak zabaltzearekin batera. Gainera, irakasleria interesgarri bat erakarriko du Donostiara, zinema munduari lotua, prestakuntza-eskaintza zabaltzen laguntzeaz gain, ikerketa- eta transferentzia-itun berriak ezartzeko ere interesgarria izango dena.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da eta berez luzatuko da beste lau urterako, aldeetakoren batek hitzarmena berritu nahi ez duela adierazi ezean. 

Funtzionamendua

Jarduera akademikoak 2019-2020 ikasturtean hasiko dira, Zinemaldiaren egun berean, eta hurrengo urteko Zinemaldiaren azken egunean amaituko da. Bigarren Zinemaldiaren ostean ikasgelaz kanpoko hiru hilabeteko epealdi bat zabalduko da proiektuak egiteko, eta proiektu horiek 2020ko abenduan aurkeztuko dira. 

Hiru graduondokoen zuzendaritza akademikoa bakarra izango da, eta EQZEko zuzendari akademikoak egingo du, zeina doktorea izango den. EQZE ikastegi atxikiak ez du graduko edo graduondoko titulu ofizialik emango. 

EQZE-n egindako ikasketak EHUko berezko ikasketak izango dira eta Unibertsitateko ikastegietan ematen direnen balio akademiko berbera izango dute, eta kasuan kasuko ondorio profesional berbera. Titulu horiek Unibertsitatearen berezko ikastegien eskaintza guztiekin batera zabalduko ditu Unibertsitateak. Diplomak eta tituluak errektoreak emango ditu. 

Irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileek harremana mantenduko dute Aldundiarekin hitzarmen hau sinatu aurretiko baldintza eta arau berberetan. Ez dute EHUrekin inolako kontratu ez estatutu loturarik izango, baina Ikasleek aukera izango dute Unibertsitateak antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko. EHUko irakasleek ere EQZEren berezko tituluak ematean eta ikasketa-batzordean parte hartu ahal izango dute. 

Ikasleei dagokienez, EQZE-k ikasketak egiten utziko die bakar-bakarrik indarreko legeriak eta EHUren berariazko xedapenek, kasuan kasu, eskatutako titulazioa eta gainerako eskakizunak betetzen dituzten pertsonei. EQZE-k egingo du ikasleen gestio akademikoa, EHUko Gestio Akademikoaren Zerbitzuaren jarraibideak betez. EHUko ikasletzat hartuko dira liburutegiko, kiroletako eta unibertsitate hedakuntzako zerbitzuak erabiltzeari dagokionean.

2018-2019 ikasturtea 

Ostiral honetan hasiko da, otsailak 1, Elías Querejeta Zine Eskolako bigarren ikasturtean parte hartzeko epea, onartuak izateko aldian, eta maiatzaren 31n amaituko da. Ikasturteak 56 aste iraungo du, sei modulutan banatuta, bakoitza bost eta zazpi aste bitartekoa. Modulu bakoitzeko irakasgaiak gai nagusi baten ingurukoak dira espezialitate bakoitzean. Antolamendu horren eta hiru ibilbideen helburua da ikasleek ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea, zeinak aukera emango baitie zinemaren hiru aldiekin elkarrizketan aritzeko: lehenaldia (ikerketa eta babesa), orainaldia (komisariotza eta programazioa) eta geroaldia (sorkuntza).

Horiek horrela, alde batetik, Artxiboa espezialitateak bilatzen duena da espezialistak prestatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren identifikazioan, sailkapenean, zaharberritzean eta babestean; beste alde batetik, Komisariotza espezialitatearen ardatza da zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituzten era guztietako programazioak, argitalpenak, esku-hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea; azkenik, Sorkuntza espezialitateak arakatzen du filmak eta ikus-entzunezko obra artistikoak errealizatzeko interesa duenaren prestakuntza teorikoan eta metodologikoan ez ezik, baita miaketa praktikoan ere.

Plazen muga 15 ikaslekoa da, espezialitate bakoitzeko, eta matrikularen prezioa 3.500 euro da. Izen ematea Eskolaren web orriaren bitartez bakarrik egin ahal izango da: www.zine-eskola.eus. EQZEko bigarren ikasturtea abiatzeak bat egingo du Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioaren hasierarekin.