Emakume arkeologoak Gipuzkoan erakusketaren irekiera
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, "Emakume arkeologoak Gipuzkoan" erakusketa aurkeztu du.
- 361

Erakusketa Irungo Oiasso Museoan dago eta zabalik egongo da 2024ko martxoaren 31ra arte. Erakusketari laguntzeko, askotarikoa eta ibiltaria izango den jardueren programa bat aurreikusi da.
Erakusketak lurraldeko ikerketa arkeologikoetan emakumeek duten garrantzia azpimarratzen du, eta azalpen-paneletan kontatzen du nola gauzatu den arkeologiaren sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari daude, aukera «bakar eta aparteko» honetan ikus daitezkeenak.
Ibilbidea 1903an hasten da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira. Pixkakana, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan, María Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, izen handiko bi emakume arkeologok, ia ezezagunak beren herrialdean eta biak donostiarrak, berresten duten bezala: Ana María Muñoz, Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Echaide, Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietan F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa-arduraduna.
80ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak konkistatzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izaten ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.
Informazio gehiago Oiasso Museoaren webgunean aurkitu dezakezu.