Atzealdea

Errenteria musika eta kultur topagune izango da, lau egunez, Atlantikaldiarekin

Errenteria musika eta kultur topagune izango da, lau egunez, Atlantikaldiarekin

Jaialdiaren seigarren edizioa irailaren 19tik 22ra ospatuko da, eta egitarauak mota askotako ia 90 ekitaldi hartzen ditu bere barnean.

-ren irudia Errenteria musika eta kultur topagune izango da, lau egunez, Atlantikaldiarekin

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Sara Zozaya Donostiako musikariak 2019ko Atlantikaldia jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostiako Aquariumean.

Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia, irailaren 19tik 22ra ospatuko da Marea Biziak lelopean. Sorkuntza abiapuntu duen programazioa sortu dute lau egun horietarako. Aurreko edizioetan musikak pisu asko izan badu ere, aurten beste esparru artistiko batzuk jorratuko ditu jaialdiak.

“Dantzari dagokionean, Etxepare Euskal Institutuarekin, Errenteriako Ereintza Dantza Taldearekin eta Dance Base-rekin (Eskoziako Dantza Zentro Nazionala) elkarlanean Atlantik 1050 proiektua gauzatu dugu. Arte plastikoen alorrean, Errenteriako Savanna estudioaren eta Daniel Delgado ‘Pistachie’ ilustratzaile mexikarraren lanaren emaitza da jaialdiaren kartela. Gainera, gastronomia erakustaldi bat ere izango da Mugaritz jatetxeko Javier Vergara eta Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarraren eskutik”, azaldu du Otaegik.

Jaialdia bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagune itzela da eta musika jaialdi bakarra. Kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Jaialdiaren guneak

Oiartzun ibaiaren inguruan gertatuko da jaialdia, Itsas Topaleku kontzeptupean sortutako, eta publiko ezberdinei zuzendutako zortzi gune berezietan.

Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, “Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunea izango da: tailerrak, formatu txikiko kontzertuak, ipuin kontalariak… izango dira bertan. Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, jaialdiaren erdigunea eta artista berrien erakusleihoa. Kalekaiak, Panier orubean, gazteei zuzendutako ekintzak hartuko ditu: hip hop dantza tailerra, rap tailerra, graffitiak, kale kirolak…”.

Gastrogunea Foru plazan kokatuko da aurten eta bertan izango da munduko gastronomia ezberdinak dastatzeko aukera. Sorkuntza Kaian Oarsoaldeko museoek bisitarien alderik sortzaileena bultzatuko dute tailer ezberdinen bidez. Horiez gain, Atseden Irlan, Ibaian eta Itsasargi Nagusian gozatu ahal izango dute jaialdiaz bertaratzen direnek.

Musika nahieran

Agertoki nagusia Lehendakari Agirre plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian egongo da. Musika izango da gune honetan protagonista. Nathy Peluso (Argentina), The Skatalites (Jamaika), Abdul & The Gang (Maroko/Frantzia), BIM (Benin), Oreka TX (Euskal Herria) eta San Salvador (Okzitania) izango dira agertoki nagusian.

Oreka TX taldeak eta Okzitaniako San Salvadorrek, itsas elkarrizketa baten emaitza erakutsiko dute ostegunean. Baina ez da hori izango kolaborazio bakarra: Abdul & The Gang talde frantses-marokoarrak Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin partekatuko du oholtza; Jamaikako The Skatalites taldeko kideek Isheba & Rakel Koromaren dantza izango dute lagun; Benin International Musicalek eskainiko duen musikari Tio Teronen Semeek jarriko diote dantza; eta Nathy Pelusok Ortzi Acosta zirku artista izango du alboan. Horiez gain, jaialdiak izango dituen beste agertokietan 17 musika emanaldi gehiago izango dira.

Amaitzeko, eta jaialdiaren izpirituari jarraiki, Atlantikaldiak memoria historikoa eta gaur egungo migratzaileen egoera uztartzen dituzten sorkuntzak plazaratuko dituela aipatu du Tolosak: Dantzaz Konpainiaren 'Basoan' ikuskizuna eta Errenteriako Musika Bandak, Andra Mari Abesbatzak eta Oihane Enbeitak sortutako 'Itsasoaren enbatak' besteak beste.

Jaialdiaren egitarau osoa