Atzealdea ESKOLA BARATZAK DENENTZAT.

Egitasmoaren izena : ESKOLA BARATZAK DENENTZAT.

Eragilea : Xomorro Kultura Taldea Elkartea

Telefonoa
639 722 146
Kontaktua
Mikel

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ondarea

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Natur zientziak
Etika
Zein balio sustatzen ditu
Parte hartzea, kulturartekotasuna, ekologia, talde lana, genero berdintasuna, elikadura burujabetza.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
300 € (BEZ barne).
Jardueraren deskribapena:

Eskoletara nekazal munduko ondare kultural eta naturala gerturatzea du helburu nagusitzat proiektu honek. Horretarako baratzeak erabiliko dira herramienta gisa. Baratzeen inguruan tailer eta dinamika ezberdinak egitea da asmoa.


Tailerrek egitura bera jarraituko dute beti. Hasteko azalpen teoriko laburra egingo dugu, normalean modu aktibo eta ludiko baten bitartez lagunduta (jolas ekologikoak, dinamika parte hartzaileak…). Ondoren praktika batekin aberastuko dugu azalpen hori. Amaitzeko teorian hitz egindako eta praktikoki ikasitakoaz hausnartuko dugu. (Metodologiari buruz argipen gehiago egingo dira 5. puntuan).


Edukiak hiru arlo ezberdinetan sailkatzen dira: baratzegintza, sendabelarrak eta hondakinen kudeaketa. Hiru hauen inguruko dinamikak landuko ditugu. Eskola bakoitzaren arabera hiru gai hautako bat aukeratuko da eta ondoren malgutasunez moldatuko genuke proposamena, eskola bakoitzeko behar eta egiturara egokituta:

 

  • Baratzegintza: Baratzegintzarekin harreman zuzena duten tailer praktikoak. Hala nola: hazitegia, baratza diseinuak, landaketak, baratzeko zaintzak, lurraren analisia...
  • Sendabelarrak: Sendabelarren munduan sakonduko dugu, ukendu eta infusio prestaketak, landareak identifikatzeko txangoak, identifikazio jolasak...
  • Hondakinen kudeaketa: Eskolan sortzen diren hondakinak abiapuntu hartuta gai ezerdinen inguruko tailerra. Konposta, birziklapena, plastikoaren problematika...

Guztietan zeharka bada ere ondorengo gaiak jorratuko dira: bioaniztasuna, aldaketa klimatikoa, nekazaritza ekologikoa.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Lekua


Gaur egun eskola askok daukate baratza eskolan bertan, kasu horietan hori aprobetxatuko genuke tailerrak egiteko. Jarduera burutuko den eskola bakoitzaren arabera moldatu beharko dira baldintzak. Baratza eduki ezean, proposaturiko tailer askotarako alternatibak ere badaude, hala nola: loreontzietan landatu eta ereitea, inguruko belardi edo bideen inguruan sendabelarrak biltzea, estalpe batean aurrez bildutako belarrekin ukenduak egitea… adibidez.


Iraupena


Saioen iraupena bi ordutakoa litzateke.


Materiala


Beharko litzatekeen materiala kasu bakoitzean aldagarria izango da. Baratzeen kasuan eskolak berak duen materiala aprobetxatzea da egokiena. Dinamikaren batentzako material gehigarria beharko balitz guk geuk jarriko genuke gure materiala. Baratza tailerrak egiteko hau beharko genuke gutxi gora behera: atxurrak,eskuare pare bat, haziak eta landareak. Sendabelarren kasurako argizaria, kristalezko potoak, olioa eta sua.

Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA

 

Baratza balio hezitzaileak lantzeko


Gaur egungo mendebaldeko gizartean, eta batez ere hiri inguruneetan, haustura nabarmena daukagu natura eta gizakiaren artean. Gizakia naturaren gainetik dagoenaren eta naturaren kontrakoa denaren sinesmena eta praktika gailendu zaigu. Naturarekiko harremana sendotzeko lanean, baratza eta honen inguruan garatu daitezkeen dinamikak ezin eraginkorragoak dira. Lurraren, landareen, zuhaitzen eta klima beraren erritmoak ezagutu eta ulertzeko aukera eskaintzen digu baratzak.


Honekin batera, gure kontsumo ohituren hausnarketa egiteko elementu baliagarria zaigu. Bertakoa, garaikoa eta ekologikoa den elikadura eredua balioan jartzeko.


Hirugarrenik, nekazal kulturaren ezagutza, balioa eta honekiko lotura sustatu nahi dugu. Hau, jaten ditugun elikagaiak, hauen jatorria eta ekoizpen eredua ezagutuz lortuko dugu. Gaur egungo Euskal Herriko nekazaritza kultura ezberdinen jakituriaren nahasketa historikoa da. Jakintza tradizionalak, tresneria ezberdina, haziak, sendabelarren erabilerak... Kultur aniztasuna eta kulturartekotasunaren garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean, honek gure gizartean aberasteko eduki duen garrantzia historikoaz ohartu, eta etorkizuneko gizartea elikatzeko duen potentzialitatea azpimarratu nahi ditugu.


Elikagaien zikloa ixteko, ekonomia zirkularraren logikapean, lurretik datorkiguna lurrera itzultzeko, hondakinen kudeaketaz arituko gara, zehatzago hondakin organikoen kudeaketaz. Konposta zertarako eta nola egiten den ikasiz.


JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA


Bizipenetan oinarritutako hezkuntza izango da gure metodologiaren ardatz nagusia.
Tokian bertan landuko ditugun edukiak ikusi, ukitu, dastatu, usaindu, eta ondorioz barneratu ditzaten. Hausnarketara bideratutako lan praktikoak egingo ditugu.


Jakitun gara gaur egungo gazteek ordu asko pasatzen dutela ikastetxeen barruan, horri
irtenbide bat bilatzeko alea jarriko dugu, kanpoko espazioak eta batez ere baratzeak
erabiliz.


Horrez gain, gazteen ahalduntzeari begira parte hartze kolektiboa sustatuko dugu, espazio ezberdinen diseinuak danon artean adosteko. Horretarako talde lanean aritzeko trebakuntzak landuko ditugu. Parte hartze osasuntsu baterako egokiak diren giro eta espazioak sortu eta dinamizatzeaz arduratuko gara. Gai honetan genero ikuspegia eta talde lana erabat kontziente izanez egingo dugu, bai tailerrean zehar egongo diren jarrerei adi egonez, baita baratzeko lan eta rol ezberdinak kontuan hartuta.


Modu ludiko eta aktibo batean bideratuko dira tailerrak burutuko dira, azalpen teoriko
labur eta dinamikoez lagunduta. Horretarako jolas ekologiko eta kooperatiboak erabiliko
ditugu.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Mikel Agirre Irazoki


Gizarte Langintzako gradua (EHU) eta Agroekologian graduondokoa (UEU). Esperientzia oparoa azken 10 urteetan haur eta nerabeekin lanean, aisialdi talde eta elkarte ezberdinetan. Gizarte Hezitzaile bezala lan egindakoa bi urtez, Irungo udaleko gazte lokalen bitartekaritza eta kultur dinamizazio arloan. Eskola baratze eta natur interpretazioan formakuntza ugari burututa. Donostia inguruan hainbat agroekologia proiektu eta baratza komunitario bateko kide ere bada. Gaur egun Cristina Enea fundazioko Etxeko Landa proiektuko hiri baratzeen koordinazio eta dinamizazio arduraduna da. Proiektu honen bitartez Donostiako kultur etxeetako baratzeak kudeatzen dira, bertan eskolentzako tailer ezberdinak eginez.

 

Itsasne Mendiberri Jaurena


Ingurumen Zientzietan Lizentziatua (EHU) eta Globalizazioan eta Garapenean masterra (HEGOA, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua) burutua. Haur eta gazteekin lanean urtetako esperientzia, proiektu desberdinak aurrera eramaten. Baratzegintza eta hezkuntzaren arloan formatua, ikastaro desberdinetan parte hartuz: baratza hezitzaileak, ingurumen hezkuntza ikastetxeetan, sendabelarrak, ingurumenaren interpretazioa, agroekologia, etab. Urtxintxa Eskolako begirale ikastaroko “Naturaren pedagogia” arloko dinamizatzailea eta Bilboko San Frantzisko auzoko baratzeko jardueren
diseinatzaile eta dinamizatzailea izandakoa. Azken urteetan Xomorro Elkarteko Hezkuntza groekologiko arloaren arduradunkide. “Udaberria Baratzean” proiektuko diseinatzaile, koordinatzaile eta dinamizatzailea. Cristina Enea Fundazioko EtxEkolanda proiektuko dinamizatzailea. Baratze kolektibo desberdinetako partaide.