European Heritage Days Stories 2026 dirulaguntza deialdia
Deialdi honek 10.000 €-ra arteko dirulaguntzak eskaintzen dizkie azken urteotan Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu duten ondare-komunitateei. Proposamenak ingelesez edo frantsesez aurkeztu behar dira 2026ko otsailaren 27ra arte.
- 294

Zer da?
European Heritage Days Stories —Ondarearen Europako Jardunaldietan Istorioak— lehia bidezko dirulaguntzak eskaintzen dituen ekimena da, azken bost edizioetako batean gutxienez ekitaldi bat antolatu edo hartu duten eragile kulturalentzat.
Europako ondarea babestu eta sustatzeko esperientziak partekatu nahi dituzten ondare-komunitateei zuzenduta dago. Helburua haien lanaren dimentsio europarra aitortu eta indartzea da, proiektu onenak finantzatuz, 10.000 eurorainoko laguntzekin.
Deialdia Europako Ondare Jardunaldien esparruan antolatzen dute Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak elkarlanean.
Helburuak
-
Herritarren parte-hartzea sustatzea Europako ondarearen kudeaketan, Europa espazio komun gisa sentitzeko lotura indartuz.
-
Tokiko ondarearen dimentsio europarra komunitateek nola interpretatzen duten erakusten duten istorio eta testigantzak jasotzea.
-
Europako balioen arabera ondarea kudeatzen duten komunitateen lana identifikatu, sustatu eta saritzea.
Ondare-komunitateen lana aitortzea. -
Komunitateak, Europa Nostra saridunak eta Europako Ondare Zigilua duten guneak Europako Ondare Jardunaldietan parte hartzera motibatzea.
Nork har dezake parte?
Deialdia honako hauei zuzentzen zaie: ondare-komunitateei, Europa Nostra saridunei, Europako Ondare Zigilua duten guneei eta Europako Kontseiluaren Ibilbide Kulturalei.
Eskatzaileek gutxienez ekitaldi bat antolatu edo hartu behar izan dute Europako Ondare Jardunaldien azken lau edizioetako batean (2022ko abuztuaren 13tik 2025eko azaroaren 30era) eta 2026ko edizioan ere parte hartzen jarraitu.
Aurreko deialdietan aurkeztu baina hautatuak izan ez zirenek berriro aurkez ditzakete beren istorioak, berrikusita.
Ezin dute dirulaguntzarik jaso pertsona fisikoek ezta azken bost urteetan saritu direnek ere; hala ere, istorioak proposatu ditzakete Europako zabalkunderako.
Nola aurkeztu hautagaitza?
Kontatu zure istorioa. Idatzi kontakizun informatibo, serio, dibertigarri, sutsu eta originala; baina batez ere, aukeratu benetako intereseko istorio bat, zaindu idazkera eta erabili ingelesa edo frantsesa, Europako Ondare Jardunaldien komunitate osoarekin partekatu ahal izateko.
Igo zure istorioa Europako webgunera, bertako txantiloia erabiliz. Horretarako epea: 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 27ra.
Gehitu proiektuaren xehetasunak laguntza ekonomikoa eskatzeko. Dirulaguntza-inprimakiaren azken atalean proiektuari buruzko informazio gehigarria sar daiteke. Dirulaguntzarik eskatu nahi ez bada, atal hori ez da derrigorrezkoa.
Dirulaguntza eskuratzeko, erakunde antolatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
Hautaketa irizpideak
-
Proposamenaren interesa eta idazketaren kalitatea (10 puntu gehienez)
-
Proiektuaren dimentsio europarra eta beste herrialde edo komunitateentzat jardunbide egoki bihurtzeko gaitasuna (15 puntu gehienez)
-
JEPen lehentasunekiko egokitasuna: aniztasuna, hezkuntza, parte-hartzea, komunitate-konpromisoa, ingurumenaren babesa, genero-berdintasuna eta/edo gazteei zuzendutako ikuspegia (20 puntu gehienez)
-
Originaltasuna eta sormena (10 puntu gehienez)
-
Proiektua ezarritako epean eta aurrekontuaren barruan gauzatzeko bideragarritasuna (20 puntu gehienez)
-
Komunitatean eragin positiboa sortzeko potentziala (15 puntu gehienez)
Gainera, honako hauek ere baloratuko dira (10 puntu gehienez):
-
Epe luzerako ikuspegia (iraunkortasuna)
-
Mugaz gaindiko dimentsioa
-
Talde zaurgarriak, gutxiengoak, gazteak eta haurrak barne hartzea
Proposamenen hautaketa
Apirilaren 12an puntuaziorik handiena duten 16 proposamen aurrehautatu egingo dira, eta haien antolatzaileei proiektu zehatzagoa eta aurrekontu xehatua aurkezteko eskatuko zaie. 16 Istorio horiek izango dira dirulaguntza jasotzeko hautagai. Dokumentazioa aurkezteko azken eguna: 2026ko maiatzaren 12a.
Epaimahai europarrak gutxienez 8 Istorio hautatuko ditu, eta proiektu sarituak 2026ko ekainaren 22an jakinaraziko dira.
Proiektu horiek 10.000 €-ra arteko dirulaguntza jasoko dute.
Proiektuak 2026ko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean hasi behar dira, eta 2027ko martxoaren 31 baino lehen amaitu. Emaitzak eta ebaluazioa 2027ko apirilaren 30a baino lehen bidali beharko dira.
Aurkeztu zure proposamena hemen