Atzealdea Euskadiko Arkitektura Institutuak ateak irekiko ditu eraikitako ingurumena berrerabiltzearen garrantziari buruzko erakusketa batekin

Euskadiko Arkitektura Institutuak ateak irekiko ditu eraikitako ingurumena berrerabiltzearen garrantziari buruzko erakusketa batekin

‹Tabula non rasa› izenpean, Donostiako Santa Teresa komentuko erakusketak Europar Batasunak 2019an emandako Mies Van der Rohe sari ospetsua lortzeko prozesuan finalista izan zen obra bat du barne. Irekita egongo da uztailara arte.

Euskadiko Arkitektura Institutuak ateak irekiko ditu eraikitako ingurumena berrerabiltzearen garrantziari buruzko erakusketa batekin

Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) errealitate bihurtu da dagoeneko. Arratsalde honetan irekiko ditu ateak lehenengo aldiz Santa Teresa komentuak, Donostiako alde-zaharrean. Eta ospakizun gisa, ‹Tabula non rasa› izeneko arkitektura-erakusketa internazionalarekin estreinatuko da. Ilka eta Andreas Ruby (Ruby Press) arkitekto eta kritikari berlindarrak ditu komisario, eta eraikitako ingurumenak berrerabiltzearen garrantzia du ardatz.

Erakusketa Danimarkako Gellerup Museum izenekoan eta Basileako Swiss Architecture Museum izenekoan aurkeztu da aurretik, eta komisarioak izango dira bertan, hots, Berlingo Ilka eta Andreas Ruby (Ruby Press) arkitekto eta arkitektura-kritikariak. Gainera, Christophe Hutin arkitekto frantziarrak hitzaldi bat eskainiko du. Arkitekto hori Mies Van der Rohe saria jasotzeko izendatuta dagoen eta Frantziako Bordele hirian dagoen 60ko hamarkadako bizitegi-bloke batean 530 etxebizitza eraldatzean datzan GHI birgaitze-obraren egilekidea da.

‹Tabula non rasa› erakusketak eraikinen eta hiri-espazio eraikiaren bilakaerari buruzko gogoeta bat planteatzen du hiru piezaren –errealitateko hiru instalazioren– bitartez. Erakusketan jasotako proposamenen elementu komuna ikerketa-prozesua da. Prozesu hori, proiektuaren abiarazlea ez ezik, gertatutako eraldaketaren beraren funtsezko osagaia ere badela ulertu behar da.

Erakusketak esku-hartzearen hainbat eskala agertzen ditu, txikienarekin hasi eta hiri- eta lurralde-eskalarekin amaitzeraino, eta Agps, Lacaton & Vassal, Hutin eta Druot estudioen eta Züricheko ETH eskola ospetsuaren ikerketak eta lanak biltzen ditu.

Urte askotan, eraikinen funtzioa edo jabetza aldatzen denean eraikin horiek eraitsi eta beste batzuekin ordezten dituztela ikusi dugu. Horrek guztiak, kalte ekonomikoa eta ingurumen-kaltea ez ezik, hiri- identitatearen galera ere badakar. Hala ere, gaur egun gora egiten ari da eraispenaren kultura kritikatzen dutenen kopurua, eta gero eta arkitekto gehiagok ikertzen dute eraikinen ‘eraldagarritasuna’, ikerketa-esparru zabala irekitzen baitu, aldez aurretik zehaztutako jarraibiderik gabe.

Uztailara arte irekia

‹Tabula non rasa› uztailara arte egongo da ikusgai. Institutu berriaren lehenengo mugarria izango da, urtean zehar gehiago egongo diren arren. Garrantzitsuena MUGAK Bienal Internazionalaren bigarren edizioa izango da, hain zuzen ere, udazkenerako aurreikusita dagoena.

Informazio gehiago: Eduardo Ortiz de Arri 647 770052