Atzealdea Euskal Herriko kale-sorkuntzak bultzatzeko Karrikan deialdia, martxan

Euskal Herriko kale-sorkuntzak bultzatzeko Karrikan deialdia, martxan

Antzerki, dantza, zirku edota beste diziplina batzuk jorratzen dituzten proiektuak aurkeztu ahal izango dira, uztailaren 14ra bitarte.

Euskal Herriko kale-sorkuntzak bultzatzeko Karrikan deialdia, martxan

Hasten ari diren, profesional edo profesional bidean diren eta espazio publikoan ari diren Euskal Herriko taldeen, artisten eta konpainien sormen-lan originalak bultzatu nahi ditu Karrikan plataformak, kaleko ikuskizunen kontzeptuari indar berezia emanez.

Zuzenean egindako ikuskizunaren diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina ugariko ikuskizuna, eta abar. Hala ere, lehentasuna emango zaie testurik gabeko edo euskarazko proiektuei. Azkenik, formatu txikiko edo ertaineko ikuskizunak baloratuko dira. Proiektuaren originaltasuna, bideragarritasuna, egutegia, eremu geografikoa eta zuzendari profesional baten esku hartzea dira, epaimahaiak baloratuko dituen gainerako irizpideak.

Beste inon aurkeztu gabeko proiektu bat aurkeztu ahal izango da deialdira, euskaraz edota testurik gabe. Gutxienez, 20 minutuko iraupena izan eta 2020ko maiatzean estreinatzeko moduan egongo da. Bazkideen espazioetan sorkuntzako 2 edo 3 egonaldi egingo ditu hautatuak, astebete eta bi asteren artekoa. Aurreaukeratua izanez gero, 2019ko irailaren 19an bazkideen eta bazkide elkartuen aurrean proiektua aurkezteko prest egon behar dute.

Aukeratua den proiektuak, 9.000 eta 12.000 euro bitarteko diru laguntza jasoko du, proiektuaren arabera, ikuskizuna sortu eta emanaldiak garatzeko. Sorkuntza egonaldietarako laguntza emango da, baldintza profesionaletan egin dadin. Egonaldi horiek hainbat lekutan egin daitezke: Hameka (Luhuso), Bilbo, Hendaia, Dantzagunea (Errenteria) edo Leioan. Karrikan plataformako bazkideek antolatutako ekitaldi eta jaialdietan gutxienez 6 ikuskizun eskainiko dituzte. Laguntza artistiko eta teknikoa ere emango zaie, formazioarekin batera.

Hautagaitzak aurkezteko

Inprimakia betetzeaz gain, laguntza lortu nahi duten proiektuak formatu digitalean aurkeztu behar dira (gehienez 3 MB), eta gutxienez hauek sartuko dira:

  • Proiektuaren aurkezpen zehatza.
  • Talde artistikoaren aurkezpena, kanpoko laguntza barne.
  • Ekoizpenerako behin-behineko aurrekontua.
  • Behin-behineko beharrizan teknikoak.

Inprimakia eta espedientea helbide honetara bidali beharko dira: karrikan.kudeaketa@gmail.com, uztailaren 14a baino lehen. Aukeraketa 2019ko uztailaren 15etik 26ra egingo da, eta aurreaukeratutako artista eta konpainiak irailaren 19an emango dira ezagutzera. Informazio gehiagorako, karrikan.eu.

Irudian, Collectif Eflirkoa, aurreko edizioko proiektu irabazlea. Argazkia: Zoé Dumont