Atzealdea Euskal Itsas Museoa, marka berria museo berrituarentzat

Euskal Itsas Museoa, marka berria museo berrituarentzat

Untzi Museoa zenaren eraikinean egin diren obrei esker nabarmen hobetu dira irisgarritasuna eta espazioen erabilera. Produkzio propioko aldizkako bi erakusketekin zabalduko ditu berriro ateak.

Euskal Itsas Museoa, marka berria museo berrituarentzat

Untzi Museoak 2018ko urriaren 1ean itxi zituen ateak. Sei hilabete aski izan dira Kontsulatuko Dorretxea zen horretan museoaren irisgarritasuna eta erabilera baldintzak hobetzeko beharrezkoak ziren obrak egiteko, XVIII. mendeko eraikina bera errespetatuz betiere.

Egin diren obren artean, nabarmentzekoa da eraikin barruan jarri den igogailu panoramikoa, zeinaren bidez nagusira eta teilatupera iritsi baikaitezke. Eta teilatupea da, hain zuzen, gehien aldatu dena; izan ere, liburutegia eta bulegoak lekuz aldatu dira, eta, beraz, teilatupean erakusketarako espazio berri bat zabaldu da, intimoa eta diafanoa. Bestalde, tabikeak kendu direnez, agerian utzi da, barrutik, eraikinak jatorrian zuen egurrezko teilatua.

Museoaren klimatizazio sistema ere erabat berritu da, energia eraginkortasuna areagotzeko; museoaren atartea berrantolatu da; eta eraikinaren fatxadak eta beste zenbait elementu goitik behera zaharberritu dira.

Marka berria, etapa berri bati ekiteko

Ez da eraikina bakarrik berritu. Izan ere, museoa marka berri bati lotzen zaio orain, bere identitatearekin eta misioarekin bat datorren marka bati: izen berria –lehen Untzi Museoa zena orain Euskal Itsas Museoa da– eta logo berria, itsasoko iruditeria eta itsas jarduerak gogora ekartzen dizkigun diseinu batekin (baleak, itsasontziak, ontzigintza, itsasoa,…).

Gainera, Euskal Itsas Museoa 2019-2023 aldirako museologia plan berriarekin dator. Museoak datozen urteetan izango duen ibilbidea markatuko du plan horrek. Komunikazioari dagokionez ere, museoaren webgunea berritu da, estilo eta itxura modernoagoa emanez.

Museoaren zuzendaritzan ere aldaketa izan da. Xabier Alberdi Lonbide, orain arte museoko zuzendari zientifikoa izan dena, Euskal Itsas Museoko zuzendaria izango da aurrerantzean, Raúl Pérez Iratxetaren ordez, behin obrak amaitu eta museoaren eduki berriak diseinatu ondoren.
 

Produkzio propioko bi erakusketa, irekierarako
 

  • «Juan de Alcega, jostun unibertsala»:  irailaren 29ra arte
    Euskal Itsas Museoak Juan de Alcega aldarrikatu nahi du, oroimenak ahaztu duen Gipuzkoako lehen mailako pertsonaia. Berea baita Europa osoan estreinakoz argitaratutako joskintzari buruzko liburua: «Libro de geometria, pratica y traça, el qual trata de lo tocante al officio de sastre». Madrilen argitaratu zen 1580an, eta 1589an berriro editatu zen.
    Alcegak, Errenazimenduko gizona zein heinean, argi asko erakusten du Euskal Herriak XVI. mendean zuen espiritu ekintzailea. Izan ere, bitarteko eskasiari aurre egiteko, arrazionalizazioa, jakintzaren transmisioa eta lana baliatzen ditu. Erakusketak nabarmendu egiten du garai hartako ehunaren industriak eta merkataritzak zuten garrantzia, itsas ibilbideen bitartez Europa eta Amerikarekin lotzen baitzituzten Euskal Herriko portuak. Erakunde desberdinetako obrak eta piezak daude ikusgai, hala nola San Telmo museokoak nahiz Gordailukoak -horien artean nabarmentzekoak dira artilezko oihalaren eta liho ehunaren konfekzioarekin lotutako materialak-. XVI. mendeko jantzien erreplika zehatzak ere ikusi daitezke: emakumezkoen euskal jantzi tradizionalak, Errenteriako Iraultza Dantza Taldeak utziak; nobleek eta gorteak erabiltzen zituzten soinekoak; eta baita Ternuako euskal baleontzi bateko marinelek erabiltzen zituzten jantziak ere, The Tudor Tailor elkarte ingelesak eginak.
     
  • «Ni, traidorea»: ekainaren 23ra arte 
    Museoko estalkipean beste erakusketa hau aurkituko dugu: «Ni, traidorea». Elkarrizketa interaktibo bat da, Juan Aizpitarte artistak Lope de Aguirre pertsonaiaren inguruan landu duen interpretazioaren eta Amazonas ibaiaren inguruan El Doradoren bila egindako esplorazio-bidaian gertatutako pasadizo historikoen artekoa.
    Lope de Aguirreren eta haren ibilera eta bidaldien inguruan, argi-itzalen nahas-mahas handia sortu da, askotan ezjakintasunak eta aurreiritziek eraginda.
    Juan Aizpitartek diziplina eta formatu ezberdinetako artelanak erakusten dizkigu, guztiak ere Lope de Aguirre pertsonaiaren inguruan egindako azterketa eta gogoetari lotutako sormen prozesuaren ondorio. Gertakari historikoak testuinguruan jartzen laguntzen digu erakusketak, eta, hala, hobeto ulertu ahal izango dugu arbuiatua bezain goraipatua izan den, baina inor hotz uzten ez duen pertsonaia honen izaera.
    Aizpitarteren erakusketa Euskal Itsas Museoaren hormetatik harago zabalduko da: hiriko espazio publikoetan esku-hartze artistikoak egingo dira, eta Tabakaleran ere «Fokuak: lurralde berriak» izeneko zine zikloa egingo da, erakusketaren gaiari buruz. Euskal Itsas Museoak eskerrak eman dizkio Tabakalerari, erakusketarekin lotutako zikloa antolatu duelako. Zikloa apirilaren 20an abiatuko da, Werner Herzog (Alemania, 1972) zuzendariaren «Aguirre der Zorn Gottes» (Aguirre, Jainkoaren hira) filmarekin, eta bertan egongo da, gonbidatu gisa, Juan Aizpitarte artista, erakusketaren komisarioa.