Koldo Mitxelena Kulturunea berria
Koldo Mitxelena Kulturunea berria
Koldo Mitxelena Kulturunea berria
Elias Querejeta zine eskola
Gordailua
Zikloak, programak, ezagutza… KOLDO MITXELENA Kulturunean (KMK) ekoiztua, zure eskura entzun, irakurri, ikusi KULTURA!
Ezagutu konposatzailean urteurrenerako prestatutako kontzertu guztiak.
Ezagutu sortzaile honen bizitza eta lana
Iraganean eta orainean sortu dituzten argazkien biltegi eta erakuslehioa
On line kontsultatu Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumaren katalogoa
Aktibitateak martxan
Joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan, Andorran, Homes de Ferro ibilbide lokala sortu zen Andorrako eta Pirinioetako burdinaren historia testuinguruan kokatzeko xedez
Ezagutu Proiektuaren erakusketa digitala
Donostian, 2019ko azaroaren 27an. Denis Itxaso Kultura diputatuak, Xabier Alberdi eta Mariana Rotaeche Euskal Itsas Museoko zuzendari eta koordinatzaileekin batera, «Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketa aurkeztu du. Erakusketa honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bosgarren mendeurrena ospatzeko ekitaldiekin bat egiten du. Denis Itxasoren hitzetan, "Elkano irismen globaleko gertaera historiko baten protagonista izan zen, Gipuzkoan eta Euskadin oso presente dagoen izpiritu baten onena irudikatzen duena: oraina hobetzeko eta eraldatzeko urrunera begiratzen duten ekintzaileena".
Duela 500 urte Juan Sebastian de Elkanoren espedizioa izan zen munduari bira ematen lehena. Victoria ontzia, gipuzkoarra buru zuela, iritsi zen bakarra izan zen Molukas uharteetarako –espezie preziatuenen iturri–, bide berri baten bila abiatu ziren bost ontzietatik. Balentria handi hori Euskal Herriko ezagutza nautikoen eta itsas teknologiaren uztartzeari esker egin ahal izan zen, zeinak mende bat lehenagotik nagusi baitziren Europako mendebaldeko itsas ibilbide nagusietan. "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketak aldarrikatzen du lehen inguratzea Elkanoren ekimenari esker eta hark zituen ezagutza nautikoei esker burutu ahal izan zela.
Xabier Alberdi Museoko zuzendariaren iritziz, "Juan Sebastian de Elkano izan zen Moluketatik mendebalderantz nabigatzen jarraitzeko erabakia hartu zuena, ibilbide ezezagunetatik. Munduko Lehen Itzulia bere jenialtasunari esker izan zen posible, bere ezagutza nautiko, kosmografiko, teknologiko eta ekonomikoetan, eta bere lidergo gaitasunean oinarrituta". Erakusketak gizateriaren historiako gertakari garrantzitsu horren berrikuspena egiten du, beste ikuspegi batetik, Xabier Alberdi museoko zuzendariak egindako ikerketei esker eta erakusketa honetarako erabili eta sortutako baliabideei esker (ikus-entzunezko interaktiboak, besteak beste).
Gai horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetako eta San Telmo Museoko Gordailutik ekarritako obrei eta piezei esker ilustratzen dira: nabarmentzekoak dira Ignacio de Zuloagak, Elias Salaverríak eta Pablo Urangak egindako olioak, duela 100 urte Gipuzkoako Aldundiak IV. Mendeurrena dela eta eskatutakoak. Elias Salaverríaren "la ofrenda de Elcano" koadroa ikusgai dago erakusketa honetarako Gordailuko instalazioetako adituek egindako zaharberritze prozesuaren ondoren. Artelanak ez ezik, hainbat objektu ere ikusi ahal izango dira erakusketan, hala nola duela 500 urte espedizioan ontziratu zirenak: armak, lan tresnak, sukaldeko tresnak, musika tresnak, arrantza tresnak... horiek guztiek espedizioa egiteko erabili zituzten tresnak ikusteko aukera emango diote bisitariari. Nabarmendutako beste piezetako bat 1475eko botozko taula da, Zumaiako parrokiatik datorrena, eta garai hartako naoak nolakoak ziren jakiteko lehen mailako lana dena. Getariako Udala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Gipuzkoako Artxibo Nagusia dira obra eskaintzen duten beste erakunde batzuk.
Erakusketa bizia
"Erakusketa hau objektu eta lanetatik haratago doa, erakusketa bizia da. Askotariko programazioa sortu dugu, askotariko formatuetan eta publiko ezberdinentzat", azaldu du Mariana Rotaeche museoko koordinatzaileak. "Elkanoren figura (astrologia, gastronomia, abentura) aztertzeak ekarri dizkigun gaiak azalaraziko duen programazioa sortu nahi genuen, eta, era berean, museoa publiko orori zabaldu", azpimarratu du museoko koordinatzaileak. Erakusketaren egitarauak hainbat ekimen bilduko ditu hilero: bisita gidatuak, tematikoak eta antzeztuak; espezialistekin topaketa irekiak, espedizioarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko gogoeta sustatzeko (astronomia, kartografia, nabigazioa, musika …); familia-tailerrak; hitzaldiak eta elkarrizketak "XXI. mendeko elkanoekin"... Azken horretan, mundu bira egin duten pertsonekin hitz egingo dute, ibilbide berriak irekitzea edo orain arte inoiz lortu ez diren helburuak lortzea lortu dutenekin, hala nola Julio Villar bidaiari, idazle eta alpinista donostiarrarekin, Pou anaiak eskalatzaile eta alpinistekin eta Ane Miren Miralles nabigatzailearekin.
Familia museoa
Familiak museora gerturatzeko asmoz, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira" erakusketaren inguruan, familia tailerrak antolatuko dira abendutik maiatzera zenbait larunbat arratsaldetan. Gainera, bisita librea etxeko txikienei egokitzen zaie. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko bisitariek koaderno bat izango dute eskuragarri, doan, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketan egingo duten bisitan bete beharko dutena.
Argibideak
«Elkano. Lehenengo Mundu Bira». 2019ko azaroaren 27tik 2020ko maiatzaren 31ra arte
Ordutegia:
Asteartetik larunbatera: 10-14 / 16-19 Igande eta jaiegunetan: 11-14 Astelehenetan itxita. Doako sarrera. Jarduera osagarri batzuk ordaintzekoak izango dira.