Atzealdea Genero-ikuspegia (gure) kulturan, saio irekiaren kronika

Genero-ikuspegia (gure) kulturan, saio irekiaren kronika

K bulegoak urteko lehen saio irekian “Genero-ikuspegia (gure) kulturan” eztabaidagai izan zuen. Kultura-sektoreko 20 lagundik gorak hartu zuen parte saioan, jakintza eta jardunbide kolektiboak partekatzeko beste esperientzia batean

Genero-ikuspegia (gure) kulturan, saio irekiaren kronika

K bulegoak urteko lehen saio irekian “Genero-ikuspegia (gure) kulturan” eztabaidagai izan zuen. Otsailaren 1ean, asteartean, on line egindako bilera bi txandatan antolatu zen: goizez gaztelaniaz eta arratsaldez euskaraz. Guztira, kultura-sektoreko 20 lagundik gorak hartu zuen parte saioan, jakintza eta jardunbide kolektiboak ikasteko beste esperientzia batean.

Sarreran, zenbait hamarkadatako borroka feministaren ondorioz genero-ikuspegia txertatzeak ekarri dituen ekarpenak nabarmendu ziren. Pertsona guztiendako eskubideak, ekitatearen eta berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako borroka aldarrikatzeaz gain, genero-ikuspegiak sekulako balioa eman du: gure historia hobeto ezagutzea, arlo guztietan, kultura barne. Narratiba berriak eskaini dizkigu, ahanzturatik berreskuratu ditu isildutako emakumeen lana (eta ez bakarrik emakumeenak) aldarrikatu du.

Begirada zabal honen ordainari esker —Gerda Lernerrek dioen bezala, borroka nekaezinean eraikita, Alice Guy (ehunka filmez gain, fikziozko zinemako lehen lana ondu zuen lehenengo zinegilea), Sofonisba Anguissola (arrakastako lehen emakume pintorea) edo Vivien Maierren argazki-ondarea ezagutzeko aukera izan dugu, besteak beste. Gure ingurune hurbilenean, Alice Neelen margoez gozatu dugu Guggenheimen, baita Baginen Bagara San Telmo Museoaren bildumaren berrikuspenaz ere, Haizea Barcenillaren eta Garazi Ansaren komisariotzapean, eta, laster, Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa Azkuna Zentrorako Paul B. Preciadok eta Cabello / Carceller kolektiboak ekoitzitako proiektua. Paradigma berri honi pinakoteka ospetsuenak ere ezin dio muzin egin, Prado Museoak, esaterako. Izan ere, bigarren mendeurrena betetzear zuela, lehendabiziko aldiz artista emakume bati eskaini zion bakarkako erakusketa bat (Clara Peeters). Hori bai, erakusketa kalitate-irizpideen arabera soilik antolatzen zela ziurtatu beharra izan zuen erakundeko zuzendariak. Horren harira, 80ko hamarkadaz geroztik, Guerrilla Girls taldeak emakumeen ikusgaitasuna aldarrikatu (eta salatu) du. Paradigma-aldaketak zer ekarri duen Angela Davisek azaltzen digu: “iraultzak porrot egin bazuen ere, giza harremanak eta bizi garen mundua ulertzeko modua eraldatu zuten hainbat aldaketa gertatu ziren”.


Eztabaidaren hasieran, genero-ikuspegia zenbait arauetan (berdintasunerako legeak, erakunde publikoen gidak) jasotzen duen arau-esparrua aurkeztu zen, eta, ondoren, kultura-sektorean sorkuntzarako eta ekoizpenerako laguntzen ikuspegiaz aritu ginen.


Hainbat deialdi aipatu ziren, besteak beste, Egile, Lanabesak, Susperka, Tokiko, Oreka, Olatuak, Mundura (Gipuzkoako Foru Aldundia), Arte Plastikoak eta Kultur Proiektuak (Bizkaiko Foru Aldundia), Kultur erakusketa eta zabalkunderako programa (Arabako Foru Aldundia), Arte eszenikoen eta musikalen jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak (Nafarroako Gobernua), Film laburren ekoizpena (Espainiako Kultura Ministerioa) eta Cooperation projects Creative Europe programaren esparruan, bakar batzuk aipatzearren.


Horietan guztietan genero-ikuspegia hainbat modutan aipatzen duten artikuluak daude. Alde batetik, proiektuetan berdintasuna edo genero-ikuspegia balioesten da, erakunde eskatzaileen berdintasun-planak, programan parte hartzen duten pertsonen inguruko prestakuntza, edo, are gehiago, emakumeek zuzendutako proiektu-kuota bat ezartzen da (lehenengo balorazioa gainditu ondoren). Beste alde batetik, sexuagatik bereizten duten proiektuak baztertzen dira. Eta, azkenik, hainbat baldintza ezartzen dira gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzeko, hizkera ez-sexista erabiltzeko eta, zenbait kasutan, berdintasunerako planak eta genero-indarkeria prebenitzeko planak izateko, berdintasun-legeek ezartzen duten moduan. Adibidez, Bizkaian generoaren araberako eraginari buruzko aldez aurreko ebaluazio-txostena eskatzen da, neurketa-adierazleak barne hartzen dituena; Europan, berriz, Gender Mainstreaming Toolkit baliabide mardula jartzen da erakunde eskatzaileen eskura.


Parte-hartzaile gehienek genero-berdintasuna eta emakumeen sarbidea bermatzeko ahalegina eskertzen badute ere, haratago joatea eta proiektuen edukia kuantitatiboki baloratzea beharrezkotzat deritzote (proiektuak sortzen, kudeatzen eta parte hartzen duenaz haratago). Gainera, laguntzen oinarri gehienak generoaren ikusmolde binariotik abiatzen dira, gizartean dagoen aniztasuna islatzen ez duen ikuskera batetik alegia, eta, gainera, generoka banandutako laguntza eskatzen duten laguntzak ere badaude, suposizio hutsagatik ez bada nekez bete daitezkeenak. Batzuek onartzen dute deialdietan genero-ikuspegia sartzeak eragina duela proiektuen sorreran eta kudeaketan, eta batzuetan proiektuen izaera edo haren hainbat alderdi egokitu edo aldatzen dituztela puntuazio handiagoa lortzearren. Beste batzuek, aldiz, politika publikoak diseinatzeko orduan ikuspegi paternalista alboratzea eskatzen dute, balorazio-batzordearen feedbacka, proiektuak sendotze aldera (genero-ikuspegiari dagokionez, esaterako). Halaber, ondo legoke genero-ikuspegian nabarmen eragiten duten laguntza-ildoa berriak zabaltzea ere, baina Kultura Sailek sustatuak, Berdintasun Sailek deitutakoez gain. Azkenik, generoari lotutako balorazioak puntuazio orokorrean pisu handiagoa izatea aldeztu zuten hainbatek.


Laguntzen atalarekin amaitzeko, egungo hainbat deialdi aipatu ziren, hala nola Juncal Ballestín nazioarteko ikerketa-beka (Artium), Mujeres en las Artes Visuales Bienala, Noka emakume zinemagileentzako mentoring programa (Tabakalera) edo Julia Iruretagoyena ikerketa-beka (Irungo Udala). Kultur esparrutik at, Azpitek lerroak (SPRI) ikuspegi integrala dakar: hiru trantsizio aipatzen baititu laguntzaren xedea azaltzeko —teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa, soziala eta sanitarioa—; azken horrek barne hartzen ditu, hain zuzen ere, osasun-sistemak eta arrisku pandemikoak, zahartze osasuntsua, migrazioa, zainketa-eredu berriak eta genero-berdintasuna.

Ondoren, zenbait jardunbide egoki mahaigaineratu ziren, proiektu, gida eta bibliografia baliagarriak. Besteak beste, honako hauek aipatu ziren: Genero-berdintasunaren egoeraren diagnostikoa antzerkiaren, dantzaren, liburuaren eta musikaren eremuan, Euskadiko sorkuntzaren eta industriaren ikuspegitik (Eusko Jaurlaritza), Kultur ondarearen eta genero ikuspegiaren liburu zuria, museoetako berdintasunerako AHM autodiagnostikoa eta Ciudad feminista. La lucha por el espacio en un mundo diseñado por hombres lana (Leslie Kern, 2021). Gainera, hainbat tresna eztabaidatu ziren, hala nola Bechdel-en testa, filmetan oro har eta, hedaduraz, telesailetan edo beste arte-ekoizpen batzuetan dagoen genero-aldea ebaluatzeko metodoa. Lurraldeko erakundeen praktika onak ere aipagai izan genituen. Adibidez, pertsona sortzaileen eztabaida-taldeak eratu dituen elkarterik bada, baita entzunaldi anonimoak antolatzen dituena ere, hau da, interpretatzen ari den pertsona ikusi gabe aztertu ahal izateko. Milioika erregistro dituen artxibo batean genero-ikuspegia txertatzeko zailtasunak ere aitortu ziren, xede hori erdiesteko zenbat baliabide behar diren azpimarratuta.

Jarraian ahizpatasunaren kontzeptua eztabaidatu zen, hots, emakumeen arteko elkartasuna bereizkeria eta indarkeria testuinguru batean. Bide luze eta malkartsuan urratsak emateko balio dezake? Ahulguneak identifikatzeko eta arreta haietan jartzeko balio dezake? Badira zenbait ekimen sektorial, hala nola Euskal Herriko Emakume Musikarien Topaketak —musikagintzari onurak ekarri dizkiotenak—, DINAGU Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa edota Bienal Mujeres Artes Visual erakundea. Panazea ez bada ere, aztertu eta urratu beharreko bidea izan daiteke, adibidez, bilera ez-mistoak antolatuz, sareak artikulatu eta ehuntzeko, agian sektoreka; finean eztabaida desitxuratzen eta adierazpen askeari kalte egiten dioten ohiko botere-roletatik ihes egiteko. Emakume musikarien arteko topaketen harira, genero-arrakalari zuzenean eragiten dioten bi une nagusiak identifikatu dira: eskola publikoetako musika-prestakuntzako ikasketen amaiera eta amatasuna. Zergatik ez egin aurre bada arrakala sortzen duenari?

Azkenik, hizkuntzaren afera aztertu zen generoaren ikuspegitik, behin eta berriz agertzen den gai korapilatsua. Hizkuntza aldatzen dugu errealitateari eragiteko, edo, lehenik, errealitatea aldatu eta aldaketak hizkuntzan ezinbestean islatu arte zain egon. Hablemos claro: Retórica y uso del lenguaje en el feminismo lanean (Teresa Maldonado Barahona, 2021), hain zuzen ere, mezu askoren iluntasuna gaitzezten da, eta bell hooksen esakunea dakar gogora: “Feminismoa mundu guztiarentzat da”. Hizkeraren auzia, hau da, modu inklusibo eta ez-sexistan adieraztea, eta, batez ere, modu eraginkor eta ulergarrian nola komunikatu etengabe dihardugu hausnarrean: horren lekuko, hamaika gida eta monografia, gomendio, neologismo, perifrasi eta hitzen adiera berriak.

Bi saioak esaldi batean laburbil genezake: Asko aitzineratu da, mendeen zama astuna nola edo hala gaindituz; hala ere, bidea luzea dugu, eta behin eta berriro tresna eta baliabide beharrean dihardugu (batzuetan borondate falta ere antzematen da) harago joan eta etorkizun oso bestelakoa marrazteko, 20 urte barru argazkia gaur egun baino garbiagoa izan dadin.

Saio irekian partekatu ziren ideia eta gogoeten kronika osoa dokumentu honetan  jasotzen da, baita gaiari buruzko baliabideen zerrenda ere.